Anjel Lertxundi: «Nik gehiago ikasi dut emaztearengandik, berak nigandik baino. Eta esan dit liburua opari bat dela»
- DataUrtarrilak 9
- Gaia Literatura
Azaroaren 24an, Anjel Lertxundik (Orio, 1948) 'Zu' aurkeztu zuen, halako liburu hibrido bat, dietariotik eta saiakeratik asko daukana, baina narratibitate handikoa, hala ere. Gaia gaixotasuna da. Kontua da idazlearen emazteari pankreako minbizia diagnostikatu ziotela 2013ko udan, eta hain zuzen ere gaitz hori izan du akuilu idazle beteranoak.
Minbizi mota hau txarrenetakoa da, baina emazteak orain arte ondo egin dio aurre. «Kimio-saioak eta ospitaleko joan-etorriak... hori izan dadila konturik okerrena», dio Lertxundik irribarretsu.
Zer esan dizu jendeak, zer harrera izan du liburuak?
Nire hurbilekoek bazekiten zer asmotan genbiltzan, eta testu batzuk ezagutzen zituzten argitaratu aurretik; alde horretatik, ez da sorpresarik egon. Nire harridurarako, harrerarik errekurrenteena izan da esker ona ematearena; batzuetan minbiziak pertsonalki afektatutako jendearen esker ona izan da, eta beste batzuek esan didatenez, minbizia eta gaixotasuna ulertzen lagundu omen die liburuak.
Medikuen sailetik jaso al duzu erantzunik? Izan ere, sendagileak askotan aipatzen dituzu zure gogoetetetan.
Ospitaleko onkologo batek, erreferentzia den batek, esan zidan liburu inportantea izan zitekeela, bai onkologian eta bai medikuntzaren sailean oro har. Eskertzen omen zuen liburuak dakarren mezu positibo hori. Ez da horretarako idatzitako liburua, baina badirudi alderdi horretatik izan dezakeela bere ibilbidea. Hala ere, sekula ez da jakiten zer ibilbide izango duen obra batek.


