URAk informazioa eskatu die Euskadiko hiri-aglomerazio nagusietako erakunde-kudeatzaileei, saneamendu-sistemen arintzeak kuantifikatzeko sistemen egoeraz jakiteko

Argitalpen-data: 

Hondakin uren araztegia
  • Isurketa-baimenen titular erakunde-hornitzaileek lanean dihardute sarearen gainezkabide-puntuetan arintzeak kuantifikatzeko sistemak ezartzen

 Uraren Euskal Agentziak eta Euskadiko uraren erakunde-kudeatzaileak — eskumenaren jabe tokiko administrazioek mankomunatuak — lankidetza sustatu dute saneamendu-sareetako gainezkabide-puntuetako arintzeak ingurune urtarrean izan ditzaketen erasanak murrizte aldera. Horren harian, URAk informazioa eskatu die Euskadiko hiri-aglomerazio nagusietako erakunde-kudeatzaileei, saneamendu-sistemen arintzeak kuantifikatzeko sistemen egoeraz jakiteko.

 “Ingurune urtarretik hartutako uraren % 75tik gora etxe- eta hiri-erabilerek egiten dute bere; hortaz, ur-hornidura eta –kudeatzea  zorrotz egitea ezinbestekoa zaigu, bederen, uren egoera ekologiko ona lortuko badugu” adierazi du URAko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak, eta azpimarratu egin du garrantzitsua dela  oso saneamendu-sistemetan jariatze-uren arintzeei jarraipena egiteko neurriak hartzea.

“Zorionez, EAEko erakunde-kudeatzaileak herritar gehienen ur-beharrizanak asetzen dituzte beharrezko kalitate eta kantitatean, eta kudeatze-eredu sendoetan oinarritzen dira, ingurumen, ekonomia eta baliabide teknikoen  jasangarritasunaren hobebeharrez; horri esker, ingurune urtarrera isurtzen duten emariak gero eta bateragarriagoak dira ingurunearen izaerarekin, eta ur-hartuneak gero eta ageriago aintzat hartzen dute betebeharreko emari ekologikoak” dio Ansolak.

Administrazio hidraulikoa den heinean, URAri dagokio bateragarri eginaraztea, alde batetik,  isurketak eta ur-hartuneak, eta, bestetik,   ur-masen  egoera ekologiko ona. Baita baimen-araubidearen bidez ezarritako isurketa-baimenen eta ur-emakiden baldintzak betearaztea ere.

Lankidetza

Isurketei dagokionez, ur-saneamenduaren erakunde-kudeatzaileek datu andana biltzen dute hiri-aglomerazioetan tratatutako hondakin-uren isurien ur-kalitateari buruz. “Datu horiek guztiak zein administrazio hidraulikoak bildutako analitika-emaitzak ezinbestekoak dira, bai Hondakin-uren tratamendurako 91/271/EE zuzentaraua, bai isurketa-baimenaren baldintzak bete ote diren ikusteko; eta, hartara, hala behar izatekotan, balizko neurri zuzentzaileak hartarazteko, baldintzok bete daitezen” azaldu du Ansolak.

Jariatze-uren gainezkatzeen jarraipena

Orobat, saneamendu-sistemek izan badituzte saretik urak gainezka egiteko arintze-bideak, euri-urak handitu eta jariatze-urak sisteman sartzen direnerako — halakoetan, ingurune urtarrera isurtzen da jariatze-ur hori—. Horrexegatik da premiazkoa “hiri-saneamendu sistemek ondo aurreikustea prezipitazio handien sasoietan jasoko dituzten jariatze-ur eta emari oparoagoak; emari igoera horiek sistematik gainezka egin eta ingurune urtarrean nahasten baitira” azaldu du Ansolak.

2012ko irailaren 21etik indarrean da 1290/2012 Errege Dekretua, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua aldatzen duena, non ezartzen diren hiri-hondakin uren tratamendua egiteko arauak.

Arau horrek aurreikusten duen xedapen batek isurketa-titularrak premiatzen ditu —2016ko irailetik aurrera— jariatze-uren gainezkatzeak kuantifikatzeko neurriak ezartzera saneamendu sistemetan.  Honako kasuetan: 50.000 biztanle baliokide baino gehiagoren hiri-aglomerazioetako isurketetan, nahiz  Ingurumeneko Baimen Bateratua behar duten industria-azpiegituretan, nahiz Bainatzeko Urak bezala izendatutako zonaldeetan —Demarkazio Hidrografikoko Gune Babestuen barne— egon litezkeen   2.000 biztanle baliokide goragoko hiri-aglomerazioen edota  industria-guneen saneamendu-sistemen isurketak.

URAk erakunde kudeatzaileei ate-joka joan zaie gainezkabideetan zein arintze-kuantifikatze neurri jarri dituzten ezagutzeko. “Erakundeen arteko lankidetzari esker, ingurune-urtarrean bukatzen duten saneamendu-sarearen gainezkatzeak kontrolatzeko neurri hauek ahalbidetuko dute ur-arintze horiek sortzen dituzten erasanak murriztea, eta,  hartara, ur-masen egoera ekologikoa hobetzeko urrats berriak ematea” laburbildu du Ansolak.