Lehendakaria Donostia Zinemaldiaren inaugurazio-ekitaldian
2016.eko irailak 16
Iñigo Urkullu lehendakaria Kursaalen egin den Donostia Zinemaldiaren 64. Edizioaren inaugurazio-ekitaldian egon da. Lehendakariarekin batera, bertan izan dira Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua.
Ekitaldia Emma Suárez, Mireia Gabilondo eta Cayetana Guillén Cuervo aktoreek aurkeztu dute. Bertan 2016ko Europako kultur hiriburua den aldetik, Donostiari zuzendutako keinuak ikusi dira, eta, bereziki, Kalebegiak egitasmo zinematografikoari zuzenduak. Ekitaldian epaimahai ofiziala aurkeztu dute. Ondoren, bere presidenteak, Bille August zinegile daniarrak, hartu du hitza. Emmanuelle Bercot zuzendari frantsesa ere bertan izan da, La fille de Brest / 150 miligrams izeneko inaugurazioko filma aurkezteko.
Inaugurazio-ekitaldian ere egon dira Eneko Goia Donostiako alkatea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Iñigo Méndez de Vigo Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa, José Luis Rebordinos zinemaldiko zuzendaria, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkaria, Miren Azkarate Donostiako Udaleko Kultura zinegotzia, Yves Saint-Geours Espainian Frantziak duen enbaxadorea eta James Costo Estatu Batuek Espainian duten enbaxadorea.