Argitalpen-data: 2016/04/21

Jokabide emozionalki adimentsuen eredu aktibo izatea; horra hor gazteen eta nerabeen artean adimen emozionala sustatzeko modurik eraginkorrena

'Inteligencia emocional en acción: herramientas para una mejor relación con la juventud' ikastaroa eman du Natalia Alonso Albercak.

 

Natalia Alonso Alberca EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea da, Delinkuentziari, Bazterkeriari eta Gizarte Harremanei buruzko Ikerketa Taldeko kidea, non egiten duen lan nagusia baita, hain zuzen, Adimen Emozionalaren garapena eta adimen horrek pertsonen egokitzapen psikosozialean duen garrantzia aztertzea. Hezitzailea den aldetik, hezkuntza-, enpresa- eta gizarte-erakundeetan parte hartzen du.

Zer da Adimen Emozionala?

Adimen Emozionala emozioetatik datorren informazioa prozesatzeko balio duen trebetasun-multzo bat da, emoziook egokitze pertsonala eta soziala sustatu dezaten. Trebetasun horiek lau dira:

a) emozioak egokiro hauteman eta adieraztea;

b) emozioak eta sentimenduak ulertzea;

c) emozioak erregulatzea;

d) emozioak prozesuak errazteko erabiltzea (sormenezko prozesuak edo arazoak konpontzekoak, esaterako).

Honela garatzen da emozioek ematen duten informazioa prozesatzeko trebetasun-multzo hori: lehenik eta behin, geuk sentitzen dugunari eta beste pertsona sentitzen dutenari arreta jarriz; ondoren, emozio horien kausak eta ondorioak aztertuz; eta, gero, emozio horiek modu eraikitzailez kudeatzeko gauza izanez, ematen ditugun erantzunak lagungarriak izan daitezen gure bizitzaren egoera desberdinetara hobeto egokitzeko.

Zergatik da espezifikoa adimen emozionala?

Egunez egun, emozioek funtsezko eginkizuna betetzen dute pertsonentzat, eta funtsezkoak izan dira gure espezieak bizirik iraun zezan. Izan ere, emozioek jakinarazten digute guretzat garrantzitsua den zerbait gertatzen ari dela, laguntzen digute erabakiak hartzen eta aldez aurretik prestatzen gaituzte, aldaketa fisiolologikoak, kognitiboak eta konduktualak piztuz, inguruneko eskaerei eraginkortasunez erantzuteko. Hau da Adimen Emozionala izatea: zer sentitzen dugun kontuan hartuta, zentzuzko erabakiak hartzea, hau da: emozioei eta emozioek ematen diguten informazio aberatsari kasu egitea.

Gardnerrek planteatu zuen, 1989an, adimen mota desberdinak daudela, segun eta prozesamendua zer eduki motaren arabera egiten dugun. Salovey eta Mayerrek, bestetik, 1990ean, adierazi zuten badagoela adimen espezifiko mota bat, esperientzia emozionaletik datorren informazio-prozesuarekin lotutakoa. Hogeita bost urte igaro ondoren, badakigu pertsona bakoitzaren araberako aldeak daudela adimenari buruzko informazioa prozesatzeko eta erabiltzeko trebetasunari dagokionez; badakigu ere, ikerketa ugariren bidez, norberaren eta besteen emozioak eta sentimenduak egokiro hautematen, ulertzen eta erregulatzen dutenak hobeto egokitzen direla psikologikoki eta sozialki.

Adimen emozionalaren ikuspegi horrek zertan lagun diezaguke gazteekin lan egiterakoan?

Badira 25 urte soilik Peter Salovey eta John Mayer psikologoek adimen emozionalaren kontzeptua planteatu zutenetik, eta nahiz eta ez den denbora asko igaro, pertsonentzat eta taldeentzat daukan balioa ziurtatzen duten ikerketa eta esperientzia ugari garatu dira 25 urteotan. Adimen Emozional handia izatearen adierazgarriak dira, hain zuzen, besteekin harreman hobeak izatea eta harremanetan estrategia negatibo gutxiago erabiltzea, osasun hobea izatea, eraginkorragoak izatea, hobeto bizitzea eta, finean, bizitzarekin gusturago egotea. Antsietatea eta depresioa bezalako arazo emozional gutxiago izatearekin ere lotzen da; bai eta arrisku-jokabide eta jokabide disruptibo gutxiago izatearekin ere (esaterako, jokabide erasotzaileak izatea edo drogak kontsumitzea). Bereziki, adimen emozional handiagoa duten nerabeek harreman sozial hobeak izaten dituzte beren adineko jendearekin eta gurasoekin, eta konfiantza eta autoestimu handiagoa dute, bai eta jokabide arazo gutxiago ere.

Gazteekin eta nerabeekin lan egiten dutenek emozioei buruzko informazio trinkoa eta baliotsua jasotzen dute, egunez egun, zeina funtsezkoa baita hobeto ulertzeko gazte eta nerabeen errealitatea, motibazioak, espektatibak eta jokatzeko moduak. Bizitzaren lehen etapetatik, umeek progresiboki hobetzen dute beren Adimen Emozionala, gero eta hobeto ezagutzen eta kudeatzen dutelako beren emozioak. Nerabezaroa iristen zaienean, berriz, gainbeheran hasten da trebetasun horien hobetze-prozesua, eta, kasu batzuetan, badirudi "galdu" egiten dutela ordura arte lortutako ezagupenaren parte bat, etapa horretan gertatzen diren aldaketa bio-psiko-sozial ugariek eraginda, neurri handi batean.

Erronka gauzagarria eta aberasgarria dugu aurrean: gazteen emozioekin konektatzea, emoziook ulertzea eta gazteei emozioei egokiro erantzuten laguntzeko gai izatea, haien garapenaren mesedetan. Badakigu, halaber, Adimen Emozionala osatzen duten trebetasunak behatzea dela haren garapena sustatzeko modurik onena. Adimen Emozionala besteengan garatzen laguntzeko, aktiboki parte hartu behar dugu geure adimen emozionala hobetzen. Nola? Eredu aktiboa izanez, hau da, gaitasun emozionalaren erreferenteak izanez. Horregatik, gazteekin eta nerabeekin lan egiten dugunok funtsezkoa dugu geure eta gure lankideen emozioak eta sentimenduak identifikatzen, ulertzen eta kudeatzen jakitea.

Betekizuna dugu geure Adimen Emozionala hobetu behar izatea inoren Adimen Emozionala garatzen lagundu ahal izateko, eta hori zorte handia da. "Bi bider bat" moduko bat da, haren ondorioa handitzen duena, testuinguru emozionalki adimentsuak sortzen laguntzen duelako. Izan ere, trebetasun emozional horiek abian jartzeko gauza direnek trebetasun horiek errazten dituzte beren gizarte-, familia- eta intimitate-harremanetan ere.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!