Argitalpen-data: 2016/09/11
Gizonezkoen Euskadiko sokatira selekzioa, munduko txapeldun
- Basque Country-k Munduko Txapelketa lortu du lehen aldiz Suediako Malmö hirian, 2014an aitorpen ofiziala jaso ondoren
- Emakumezkoen selekzioak zilarra irabazi du 500 Kg-ko kategorian
Euskadi Basque Country-k, 2014an nazioen Sokatira Mundialetan eskubide osoko selekzio gisa parte hartzeko aitorpena jaso ondoren, urrezko domina eskuratu du Suediako Malmö hirian jokatzen ari diren Mundialetan. Gizonezkoen 580 Kg-ko kategorian lortu du urrea.
Lehen aldiz, ikurrina eta Euskadiko ereserkia protagonista izan dira Munduko Txapelketa bateko domina banaketa ekitaldian. Eusko Jaurlaritzak poza eta harrotasuna erakutsi nahi ditu gertaera honen aurrean, eta Euskadiko selekzioaren lorpena gogoz txalotu nahi du.
Baina emaitza onak ez dira hor amaitu. Emakumezkoen Euskadiko selekzioak ere, 500 Kg-ko kategorian, zilarrezko domina irabazi baitu.
Euskadiko selekzioak eskubide osoko selekzio gisa lehen aldiz Estatu Batuetan 2014an parte hartu eta brontzezko bi domina eskuratu ondoren, Basque Country-k bere hurrengo helburua erdietsi du orain: beste selekzio guztien parean lehiatzea, beste nazio batzuekin buruz-buru maila berean eta baldintza beretan aritzea, eta kirolean den aitorpenik gorena lortzea.
Lorturiko Munduko Txapelketa hau izan bedi euskal selekzio guztien ofizialtasunaren bila are eta grina handiagoz jarraitzeko arrazoi, kirol modalitate guztietan.