Argitalpen-data: 2016/07/11
Gazteak gero eta gutxiago dira Euskadin
Euskadin 64 urtetik gorako 100 nagusiko 15 eta 29 urte bitarteko 62 gazte daude.
Uztailaren 11n Biztanleriaren Munduko Eguna ospatzen dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko egitura demografikoaren bilakaerari buruzko datu batzuk kaleratzen ditu. Datuok azaltzen dutenez, gazteen proportzioa gero eta txikiagoa da Euskadiko biztanlerian.
Gazteen indizeak gizarte batean dauden 15 eta 29 urte bitarteko gazteek biztanleria osoan osatzen duten portzentajea neurtzen du. Euskadin indize horrek beherantz egin du etengabe 2000tik 2015era, eta 2000 urtean % 22,2 izatetik 2015 urtean % 13,2 izatera pasatu da.

Gazteen indizea jaitsi egin da gizonen artean bai eta emakumeen artean ere, eta 2015ean
% 13,8koa da gizonen kasuan eta % 12,6koa emakumeen kasuan.
Lurralde historikoei erreparatuz gero, ez da alde esanguratsurik ikusten, baina 2015ean, lehenengo aldiz, Araba ez da indizerik altuena duen lurraldea, baizik eta Gipuzkoa. Bizkaiko gazteen indizea Euskadiko baxuena da, bertako 15 eta 29 urte bitarteko gazteak Bizkaiko biztanleriaren % 12,9 baino ez dira eta; Araban indize hori % 13,4koa da eta Gipuzkoan
% 13,5ekoa.
Espainako beste komunitate autonomoak kontuan hartuta, ikusi dezakegu Euskadiko gazteen indizea baxuenetarikoa dela; Asturiasen bakarrik dago gazteen proportzio baxuagoa (% 12,3). Aitzitik, gazteen indizerik altuenak Zeuta eta Melillan (% 20) eta Andaluzian, Extremaduran eta Kanariar uharteetan (% 17) aurki ditzakegu. Hala ere, komunitate guztietan gazteen portzentajeak behera egiten du urtez urte.
Bestalde, konparatzen baditugu Euskadiko gazteen indizea eta Europar Batasuna osatzen duten 28 herrialdeetakoak, berriro ere ikusten dugu Euskadikoa baxuagoa dela. Europar Batasuneko batez besteko indizea % 17,5ekoa da.

Gazteen proportzioak behera egiteak zera adierazten digu: Euskadiko biztanleria gero eta zaharragoa dela. Zaharkitze hori argi agertzen da 15 eta 29 urte bitarteko gazteen eta 64 urtetik gorako nagusien kopuruak aurrez aurre jartzen ditugunean. 2015ean Euskadin 65 urte edo gehiagoko 100 nagusiko 62,5 gazte baino ez daude.
Adierazle honen bilakaera deigarria da: 2000 urtean 64 urtetik gorako 100 nagusiko 129,2 gazte zeuden, 2015ean (hau da, hamabost urte beranduago) horien erdiak baino gutxiago (62,5).

Bizkaia da gazteen ratio txikiena duen lurralde historikoa (64 urtetik gorako 100 nagusiko 59,8 gazte daude) eta Araba daturik altuena duena (68,9). Gipuzkoan 64 urtetik gorako 100 nagusiko 64,1 gazte daude.
Datuok eskuragarri daude Gazteen Euskal Behatokiaren estatistiketan, eta bertan sexuka, adin taldeka eta lurralde historikoka ere kontsulta daitezke.
Jarrai gaitzazu gizarte sareetan!