Eusko Jaurlaritzak «argi jokatzea» eskatu dio Arcelorri, eta jarduerari zein enpleguari eusteko plana aurkez dezala

2016.eko maiatzak 31

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak «argi jokatzea» eskatu dio Arcelor Mittalen zuzendaritzari, eta jarduerari zein enpleguari eusteko plan integral bat aurkez dezala. Horixe adierazi du gaur Urdaibaiko Biodibertsitatearen Zentroan egin den Gobernu Kontseiluaren ondoren, kazetariek galdetuta.

Erkorekak jakinarazi du Jaurlaritzak aukera guztiak aztertuko dituela enpresa horrek Euskadin dituen lantokiek jarduerari eta enpleguari eutsi diezaioten, atzerriko inbertitzaileak bilatzea barne, lehendakariak berak atzo esandakoa berretsiz. Alabaina, gaur-gaurkoz ez dago lantokiak erosteko interesa duen inbertitzailerik.

Gainera, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Euskadiko autogobernuari buruzko ekimena onartuko duela eta, Erkorekak «begirune osoa» adierazi die Euskadiren etorkizun politikoari buruzko ekimen guztiei, tartean, aipatutako horri.