Argitalpen-data: 2016/12/02
Euskadiko gazteen laurdenak baino gehixeagok hitz egiten dute euskaraz, gaztelaniaz baino gehiago edo gaztelaniaz beste, lagunekin daudenean
Nahiz eta gazte gehiagok jakin euskaraz ondo hitz egiten, lagunekin euskaraz hitz egiten dutenak aurreko urteetan beste dira
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna (pdf, 60 kb) ospatzen dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak lagunekin euskaraz hitz egiten duten gazteak zenbat diren aztertu du eta hemen plazaratzen ditu azterketa horren emaitzak.
2016 urtearen hasieran Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko 1500 gazteri galdetu genien euskaraz hitz egiten zekiten bai eta lagunekin zein hizkuntzatan hitz egiten zuten ere. Emandako erantzunen arabera, gazteen % 26,4k euskara erabiltzen dute, gaztelania baino gehiago edo gaztelania beste, lagunekin erlazionatzean (portzentaje horretan dauzkagu beti euskaraz hitz egiten dutenak, euskaraz gaztelaniaz baino gehiagotan hitz egiten dutenak eta hizkuntza biak parean erabiltzen dituztenak).
Lagunekin euskaraz hitz egiten dutenen portzentajea nahiko egonkor mantendu da 2004tik hona, orduan % 26,9k esan baitzuten lagunekin euskara gaztelania baino gehiago edo gaztelania beste erabiltzen zutela.
Euskararen erabileraren egonkortasun hori deigarria da kontuan izanda euskaraz ondo hitz egiten dakitenen portzentajea handitu egin dela urte tarte honetan (2004ko % 55,5etik 2016ko % 69,3ra).

Dena den, lagunekin euskaraz hitz egiten duten gazteen portzentajea (% 26,9) Euskadiko biztanleriaren batezbestekoa baino handiagoa da, 16 urtetik gorako biztanle guztien artean lagunekin euskaraz hitz egiten dutenen portzentajea % 21,4koa baita. Azken datu hori ere 2016koa da eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikaren sailordeak argitaratutako VI. Inkesta Soziolinguistikoan aurki daiteke.
Zelako aldeak daude lurralde historikoen artean?
Gipuzkoa da euskaraz erlazionatzen diren gazte gehien duen lurraldea. 2016an Gipuzkoako gazteen % 45,7k diote lagunekin euskaraz gaztelaniaz baino gehiago edo gaztelaniaz beste hitz egiten dutela. Bizkaian ehuneko hori % 18,5era jaisten da eta Araban are gehiago, % 10,8raino.
Kontuan izan behar da Gipuzkoan euskaraz ondo hitz egiten dakiten gazteak beste lurraldeetan baino gehiago direla: % 78,9 Gipuzkoan, % 68,3 Bizkaian eta % 51,4 Araban. Hala ere, ezagutzan hautematen diren aldeak eta erabileran ikusten direnak ez dira parekoak.

Erabileran lurraldeen artean aurkitzen diren aldeak ez dira oinarritzen bakarrik ezagutzan dauden aldeetan. Hori argi uzteko aukeratu ditugu gazte elebidunak (hau da, euskaraz ondo hitz egiten dakitenak) eta kalkulatu dugu horietako zenbatek hitz egiten duten euskaraz lagunekin. Emaitzak ikusita ondoriozta dezakegu aldeak handiak direla oraingoan ere: Gipuzkoan gazte euskaldunen erdiak baino gehixeagok, % 57,9k, euskara erabiltzen dute lagunekin, Bizkaian euskaraz dakiten gazteen % 27,1ek bakarrik aukeratzen dute euskara lagunekin hitz egiteko eta Araban are gutxiagok, gazte euskaldunen % 21,1ek soilik.
Eta badago alderik gazteen adinaren arabera?
Zenbat eta gazteagoa izan orduan eta gehiagok dakite euskaraz ondo hitz egiten. Horrela, 15 eta 19 urte bitartekoen artean % 81,3k diote ondo hitz egiten dutela euskaraz. Portzentaje hori % 69,5era jaisten da 20 eta 24 urte bitartekoen artean eta % 59,1era 25 eta 29 urte bitartekoen artean.
Baina lagunekin euskaraz hitz egiten dutenen ehunekoa antzekoa da hiru adin-taldeetan: % 27,6koa da 15 eta 19 urte bitartekoen artean, % 26,7koa 20 eta 24 urte arte dutenen artean eta % 25,2koa 25 eta 29 urte bitartekoen taldean.

Hau kezkagarria da, jakintza handitu ahala erabilera handitzea espero bailiteke. Baina gazteenen taldeak euskararen aldeko kontzientzia txikiagoa duela ematen du. Berriro aukeratzen baditugu gazte euskaldunak soilik (lurraldeen arteko aldeak aztertzean egin dugun bezala), ikus dezakegu 15 eta 19 urte bitartekoen artean euskaldunen herenak bakarrik (% 33,9) erabiltzen duela euskara (gaztelania baino gehiago edo gaztelania beste) lagunekin harremanak dituenean. 20 eta 24 urte bitatekoen artean euskaraz hitz egiten duten euskaldunak gehixeago dira (% 38,4). Eta 25 eta 29 urte bitartekoen taldean, gehiengoa osatu ez badute ere, beste adin taldeetan baino gehiago dira lagunekin euskaraz hitz egiten duten gazte euskaldunak (% 42,6).