Argitalpen-data: 2016/11/28

Euskadiko gazteen arazo nagusiak



Zein dira gazteen kezka nagusiak?

Gazteen Euskal Behatokiak lau urtean behin egiten duen Euskadiko gazteak izeneko ikerketa-serieko galdera batean, zer hiru arazok kezkatzen dituen gehien adieraz dezakete elkarrizketatutako gazteek.

Lan-merkatuari buruzko arazoak aipatu dituzte gehien gazteek, bai krisialdi ekonomikoa hasi aurretik, bai ondoren. Orain arte, gazteen bigarren kezka etxebizitza eta emantzipatzeko aukerak ziren, baina, aurreko urteetako datuekin alderatuta, 2016ko berritasun handia izan da hezkuntza eta ikasketak jarri direla, seriean lehen aldiz, kezken sailkapeneko bigarren tokian.

Hirugarren tokian, arazo ekonomikoak daude, bai pertsonalak, bai orokorrak; laugarrenean, norberaren osasuna edo osasun-sistema oro har; eta bosgarrenean, etxebizitza eta emantzipatzeko zailtasunak. Azken hori Euskadiko gazteen kezka nagusia izan zen 2008an (higiezinen burbuilaren eta sektoreko prezio-gorakadaren une gorenarekin bat eginez), lanaren aurretik.

[igo]

Gazteen kezka nagusia lana da; hain zuzen ere, lan-falta edo lan-baldintzak

2016an, Euskadiko gazteen % 56,1ek diote lan-merkatuari lotutako arazoak direla haien kezka nagusia; besteak beste, langabezia, laneko prekarietatea, aldi baterako lan-kontratuak, lan-erreforma eta soldata txikiak.

Ez da harritzekoa lan-merkatuari lotutako arazoak aipatzea, 2016ko lehenengo hiruhilekoan (hots, inkesta egin zenean) % 25,8koa izan baitzen 16 eta 29 urte bitartekoen langabezia-tasa, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) Gazteen Euskal Behatokiari Biztanleriaren jardueraren arabera sailkatzeko inkesta (BJA) oinarri hartuta emandako datuen arabera. Bestela esanda: lanean hasteko moduan dauden lau gaztetik batek ez zuen lanik aurkitzen, nahiz eta modu aktiboan bilatu.

Tasa hori Europar Batasuna osatzen duten 28 herrialdetako gazteen 2015eko batezbestekoa (% 15,7) baino 10 puntu handiagoa da, Europako Erkidegoko Estatistika Bulegoak (Eurostat) argitaratutako datuen arabera. Halaber, Euskadiko biztanleria orokorraren langabezia-tasa % 14,4koa zen 2016ko lehenengo hiruhilekoan (iturria: Eustat); hau da, gazteen langabezia-tasak hamar puntutik gora gainditzen du biztanleria orokorrarena. Hortaz, agerian geratu da zailtasunak dituztela gazteek Euskadin lana lortzeko.

Baina, lana lortu ondoren, laneko prekarietatearen arazoa dago. 2015eko amaieran, Gazteen Euskal Behatokiak egindako inkesta batean, gazte landunen % 44,2k adierazi zuten aldi baterako lana zutela, eta beste % 5,9k ez zutela lan-kontraturik. Horretaz gain, gazte landunen herenak (% 34,6) esan zuten lanaldi partzialeko lana zutela; gehienek nabarmendu zuten ez zutela halako lanik nahi, baina ez zutela aurkitu lanaldi osokorik, edo enpresak enplegu-erregulazioko espedientea zuela eta horrek lanaldia murriztera behartzen zuela. 30 urtetik beherako gazteen batez besteko soldata, inkesta hartan bertan gazte landunek emandako kopuruetatik abiatuta kalkulatutakoa, ia ez zen 1000 eurora iristen hilean (hain zuzen ere, 996 eurokoa zen). Eta hori, kontuan hartu gabe ia erdiak (% 46,7) aitortutakoa; alegia, beren lanak ez zuela edo ia ez zuela zerikusirik zeukaten prestakuntzarekin.

Edonola ere, 2012an baino gutxiagok aipatu dituzte lan-merkatuari lotutako arazoak, urte hartan aipatu baitzen gehien; hain zuzen ere, gazteen % 72,4k aipatu zituzten.

Hala ere, argitu behar da era horretako arazoak aipatu dituzten gazteen portzentajeaz ari garela, eta ez emandako erantzunen portzentajeaz, hiru erantzun eman zitezkeenez, batzuetan pertsona berberak alor bereko bizpahiru arazo aipatu baititu. Aurkeztutako datu honek adierazten du zenbat gaztek aipatzen dituzten mota bakoitzeko arazoak, pertsona berberak behin baino gehiagotan aipatuta ere.

Lan-merkatuari lotutako arazoak are gehiagotan aipatzen dira adinean aurrera egin ahala; horrela, 20 urtetik beherakoen % 29,9k aipatzen dituzte, 20 eta 24 urte bitartekoen % 64k, eta 25 eta 29 urte bitartekoen % 70,9k.

Alde horiek logikoak dira, kontuan izan behar baita 15 eta 19 urte bitartekoen artean gehienak ikasten ari direla, eta gai honen inguruan dauzkaten kezkak beste era batekoak direla (hain zuzen ere, ikasketak amaitzean lanik aurkituko duten). Aldiz, 25 urtetik gorako gehienek amaitu dute prestakuntza-aldia, eta lan-merkatuan langabezia-tasa altua eta lan prekario asko besterik ez dago.

Ia ez dago alderik sexuaren edo bizi diren lurralde historikoaren arabera, baina bai okupazio nagusiaren arabera. Izan ere, langabezian daudenek aipatzen dituzte gehien era horretako arazoak (hots, % 80,9), baina baita gazte landun gehienek ere (% 65).

[igo]

Gazteek gehien aipatzen dituzten arazoetatik bigarrena ikasketak dira

Lan ona lortzeko itxaropenik ez izatea hain arazo handia da, ezen alboratu egiten baititu gainerako kezkak; horregatik dago hainbesteko aldea bigarren arazoarekin, hots, ikasketak (% 22,3).

2013ko amaieran, LOMCE legea onartu zen, eta horrek ziurgabetasuna eragin du haren aplikazioari buruz, bereziki DBH eta Batxilergoa amaitutakoan errebalida egiteari buruz; bestalde, garestitu ere egin dira unibertsitateko tasak, besteak beste. Hori guztiori ikasleen betiko kezkei gehitu zaie (azterketak gainditzea, nahi diren ikasketak egin ahal izatea, etab.), eta, ondorioz, handitu egin da arazo horren aipamen kopurua, 2008ko % 14,6tik eta 2012ko % 15,4tik.

Esan dugun moduan, lanari lotutako arazoak gehiagotan aipatzen dira adinean gora egin ahala, baina, ikasketen kasuan, kontrakoa gertatzen da, gazteenek (gehienak ikasleak) aipatzen baitituzte gehien; alegia, 15 eta 19 urte bitartekoen % 40k, eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean, aldiz, % 8,9k.

Kasu honetan badira aldeak sexuaren arabera. Mutilek baino neurri handiagoan aipatzen dituzte neskek hezkuntzarekin eta ikasketekin erlazionatutako arazoak; hain zuzen ere, nesken % 26,6k, eta mutilen % 18,1ek.

[ìgo]

Gazteek gehien aipatzen dituzten arazoetatik hirugarrena arazo ekonomikoei lotuta dago: diru-falta, etxeko egoera ekonomikoa, bizitzaren garestitzea, etab.

Arazo hau lanari lotuta dago; horregatik 2012an beste urteetan baino gehiago aipatu zen (% 32), lan-merkatuaren arazoekin gertatu zen moduan, krisialdi ekonomikoaren eta hark lan-merkatuan duen eraginaren ondorio zuzen gisa.

2016an, langabezia-tasa txikiagoa denez, gutxiagotan aipatu da, 2012an baino, eta gauza bera gertatzen da lan-merkatuari lotutako arazoekin. 2012an gazteen % 32k aipatu bazituzten ere arazo ekonomikoak, 2016an % 15,2k aipatu dituzte.

Kasu honetan, 20 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dago aldea. 15 eta 19 urte bitartekoen artean, % 9,3k aipatu dituzte arazo ekonomikoak; 20 eta 24 urte bitartekoen artean, % 18,1ek; eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean, % 17,7k.

Gazte landunen % 18k eta langabezian daudenen % 17,8k aipatu dituzte arazo horiek, ikasleek baino gehiago (% 12,5).

[igo]

Kasuan kasu, gainerako arazoak gazteen % 10ek baino gutxiagok aipatzen dituzte

Lehen esan dugun moduan, osasuna eta osasun-sistema daude gazteek dauzkaten kezken sailkapeneko laugarren tokian. 2016an, gazteen % 8,4k aipatu dituzte arazo horiek kezka nagusien artean.

Arazo honen aipamen kopuruaren bilakaera gorabeheratsu samarra da. 2008an, gazteen % 3,2k aipatu zuten arazo hori, eta 2012an, berriz, % 10,7k. Ziurrenik aldaketa hori ez da gazteen osasuna andeatzearen ondorio, baizik eta krisialdi ekonomikoak osasun-sisteman eragin dituen murrizketen ondorio.

Bosgarren tokian etxebizitza dago. 2016an, gazteen % 8,1ek aipatu dute etxebizitza, baina azken zortzi urteetan beherakada nabarmena izan du gazteen kezken zerrendan. 2008an (etxebizitza garestien zegoen garaian) kezka nagusia izan zen, gazteen % 67,1ek aipatu baitzuten; baina, 2012an, gazteen % 18,3k aipatu zuten, eta, 2016an are gutxiagok, % 8,1ek.

Beherakada horren arrazoietako bat izan daiteke, langabezia-egoera eta laneko prekarietatea ikusita, gazte askok ez dutela asmorik epe motzera emantzipatzeko eta, hortaz, ez direla ari etxebizitza bila. Lanak eta egoera ekonomikoak ez badute apur bat ahalbidetzen etxebizitza eskuratzea, horrek asmo errealista izateari uzten dio, logikoa denez.

Egoera hori testuinguruan kokatzeko, halaber esan dezakegu, Notariotzaren Kontseilu Nagusiak emandako datuen arabera, 2015ean, Euskadin, etxebizitza libreen batez besteko prezioa (etxebizitza berriak eta erabiliak aintzat hartuta kalkulatutakoa) 196.000 eurokoa izan zela. Etxebizitza garesti egoteaz gain, oso zaila zen hipoteka-kredituak lortzea, nomina finkoa eta diru-sarrera nahikoak izan behar baitziren banku-erakundearen onarpena izateko. Alokairua aukeratuz gero, batez besteko alokairu-errenta 872 eurokoa zen hilean, Etxebizitzako Behatokiak emandako datuen arabera. Kontuan izanda gazte landunen batez besteko soldata 996 eurokoa dela hilean, garbi dago gazte gehienek ezin dutela bakarrik emantzipatu, ez alokatu ezta erosi ere (gainera, ez dugu ahaztu behar lanean ari diren eta, hortaz, soldata jasotzen duten gazteak gutxiengoa direla 30 urtetik beherakoen artean).

Etxebizitzarekin eta emantzipazioarekin erlazionatutako arazoak batez ere 25 eta 29 urte bitartekoek aipatzen dituzte (2016an, adin tarte horretak0 % 14,4k).

Etxebizitzaren atzetik, beste arazo batzuk daude; hona hemen kasuan kasu arazo horiek aipatzen dituzten gazteen portzentajeak:

  • Familia (familia-harremanak, senideren baten egoera…): gazteen % 7,2
  • Gizarte-desberdintasunak eta sexismoa: % 6,4
  • Egoera politikoa, alderdien arteko konfrontazioa, adostasun politiko falta…: % 6,3
  • Etorkizunarekiko kezka: % 4,4
  • Emakumeen aurkako indarkeria: % 3,3
  • Ustelkeria eta iruzurra: % 3,2
  • Drogak: % 3,2
  • Ingurumen-arazoak: % 2,9
  • Balioen krisia edo balio-falta (norberekoikeria, intolerantzia, errespetu-falta…): % 2,2
  • Lagunekiko arazoak: % 2,1
  • Bake-prozesua, ETAko presoen egoera…: % 1,6
  • Immigrazioa eta hari lotutako arazoak, arrazakeria kasu…: % 1,8
  • Zerbitzu eta laguntza publikoen funtzionamendua eta estaldura: % 1,7
  • Euskararekin erlazionatutako era guztietako arazoak, erabiltzen ez delako edo lana lortzeko beharrezkoa delako: % 1,4
  • Delinkuentzia eta herritarren segurtasun-falta: % 1,0
  • Gazteentzat lokalik ez egotearen arazoak, aisialdiko eskaintza txikia…: % 1,0
  • Bullyinga: % 0,6
  • Amodioarekin edo bikotearekin erlazionatutako arazoak (bikotekidearekiko harremanak, bikotekiderik eza…): % 0,6
  • Pentsioak: % 0,5
  • Azpiegitura- eta garraio-arazoak: % 0,4
  • Murrizketak: % 0,3
  • Justiziaren funtzionamendua: % 0,2
  • Nazioarteko terrorismoa: % 0,2

[igo]

Kezka berberak al dituzte gazteek eta oro har 18 urtetik gorakoek?

Gazteen kezkak eta oro har 18 urtetik gorakoenak alderatzen baditugu, ikus dezakegu bi kasuetan lan-merkatuari lotutako arazoak direla aipatuenak; hain zuzen ere, gazteen % 56,1ek aipatzen dituzte, eta oro har 18 urtetik gorakoen % 53k.

Bigarren arazoa aztertzean agertzen dira aldeak. Gazteentzat, ikasketak dira bigarren arazoa (% 22,3k aipatzen dute; aldiz, oro har 18 urtetik gorakoen % 7k baino ez); eta, oro har 18 urtetik gorakoentzat, berriz, osasuna (% 15ek aipatzen dute; aldiz, 15 eta 29 urte bitartekoen % 8,4k baino ez).

Bi taldeetan, arazo ekonomikoak daude hirugarren tokian eta antzeko portzentajeak dituzte; hots, gazteen % 15,2k aipatu dituzte, eta oro har 18 urtetik gorakoen % 13k.

Beste alde nabarmen batzuk ere badira; besteak beste, zenbat pertsonak aipatu dituzten pentsioak (gazteen % 0,5ek eta oro har 18 urtetik gorakoen % 6k) eta etorkizunarekiko kezka (gazteen % 4,4k eta oro har 18 urtetik gorakoen % 1ek baino gutxiagok).

[igo]

Nondik ateratzen dira datuok?

Lau urtean behin argitaratzen den Euskadiko gazteak izeneko serietik ateratzen dira gazteei dagozkien datuok. Ikerlan hori egiteko, inkesta bat egiten zaie etxez etxe 15 eta 29 urte bitarteko Euskadiko 1500 gazteri, era guztietako gaien inguruan galdetzeko, besteak beste, dauzkaten arazo edo kezka nagusien inguruan. Gazteen Euskal Behatokiak egiten du ikerlan hau eta une honetan 2016ko edizioa prestatzen ari gara.

Oro har 18 urtetik gorako biztanleriari dagozkion datuak «60. Euskal Soziometroa - Euskal iritzi publikoa 20 urtetan» ikerlanetik atera dira, Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoko Kabineteak egina. Inkesta bat ere egiten da ikerlan honetan; kasu honetan, Euskadin bizi diren 18 urteko eta gehiagoko 2310 pertsonari egin zaie.

Bi inkesta horiek garai berean egin dira; hain zuzen ere, 2016ko lehenengo hiruhilekoan.

[igo]

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!