Argitalpen-data: 2016/10/10

Euskadiko bost gaztetik batek arazo psikologikoren bat izan zuen iaz

Urriak 10, Osasun Mentalaren Munduko Eguna

Osasun Mentalaren Munduko Eguna urriaren 10ean ospatzen dela-eta, Gazteen Euskal Behatokiak iaz osasun mentalarekin lotutako arazoak izan zituztela dioten gazteei buruzko datuak plazaratu ditu.

2016aren hasieran Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 19k adierazi zuten iaz arazo psikologikoren bat (antsietatea, estresa, deprezioa…) izan zutela.

Arazo psikologikoak izan zituztela dioten emakume gazteen ehunekoa gizonenaren bikoitza da: emakumeen % 26 eta gizonen % 13.

Antsietatea, estresa, deprezioa edo horrelakorik jasan dutenen zifrak pixkatxo bat handitu dira 2012tik hona, 2012an % 16 izan baitzen portzentaje orokorra. Igoera handiena emakumeen portzentajean nabaritu da; hauen artean arazo psikologikoak izan dituztenak % 21etik % 26ra pasatu dira.

Ez da ikusten alde esanguratsurik adinaren arabera ezta okupazio nagusiaren arabera ere.

Baina sare sozialetan noizbait bazterketaren edota jazarpenaren biktimak izan direnak kontuan hartzen baditugu, orduan aldea ikus dezakegu. Nola definitzen ditugu biktima horiek? Ondoko egoeraren bat edo batzuk bizi izan dutenak: WhatsApp-eko talde batetik kanporatuta izan dira, sare sozialen batean beren nortasuna ordeztu dute eta/edo igo dute Internetara edo zabaldu dute sare sozialetan iraingarri edo lotsagarri den beren argazki edo bideoren bat. Horien emaitzak aztertu eta gero, agerian geratzen da hauexen artean arazo psikologikoak zabalduago daudela horrelako egoerarik bizi izan ez dutenen artean baino: % 28 eta % 16, hurrenez hurren.

Datu horiek Gazteen Euskal Behatokiak 2016ko lehen hiruhilekoan egindako inkesta baten emaitzak dira. Bertan Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko 1500 gazte elkarrizketatu ziren (750 mutil eta 750 neska). Inkestan, hainbat gairen artean, arazo psikologikoei buruz galdetu zitzaien. Aurkeztutako datuak datorren urtean “Euskadiko gazteak 2016” izenburuarekin argitaratuko den ikerketaren aurrerapen datu batzuk dira.

Jarrai gaitzazu sare sozialetan!