Euskadik eta Suediak Osasun Arloko Ikerketa eta Berrikuntzan elkarlanean aritzeko harremanak estutu dituzte
2016.eko ekainak 09
Jon Darpón Stockholmen da Karolinska Institutuarekin, Suediako Osasun Ministerioarekin eta osasun arloko beste eragile batzuekin gaixotasun arraroen, onkologiaren eta telemedikuntzaren arloan elkarlana bultzatzeko bilerak egiten
Osasuneko sailburu Jon Darpón Stockholmen da egunotan Suediako Karolinska Institutu ospetsuarekin, Osasun eta Gizarte Gaietako Ministerioarekin eta osasunaren arloko beste hainbat eragilerekin lan bilerak egiteko. Osasuneko sailburuaren eta Maria Aguirre eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariaren bisitaldia duela ia bi urte Suediak eta Euskadik hasitako elkarlan instituzionaleko dinamikaren parte da. Lankidetzaren helburua, hain zuzen ere, esperientziak partekatzea, harremanak estutzea eta osasun arloko ikerketa eta berrikuntzan elkarrekin lan egiteko esparru berriak bilatzea da, «Osasun arloko ikerketa eta berrikuntzarako estrategia 2020» egitasmoarekin bat eginez.
«Bisitaldi honek gure sistemen arteko loturak estutzeko eta osasun-profesionalen eta ikertzaileen arteko harremanak sendotzeko ez ezik, Suediaren eta Euskadiren arteko lankidetza-alorrak zehazteko ere balio du», nabarmendu du Jon Darpónek. Hala, Osasuneko sailburuaren hitzetan, pertsonei ahalik eta laguntza onena emateko osasun-ereduak eta lan-metodoak ikerketan eta berrikuntzan oinarrituta eraldatu behar direla uste dute bai Euskadik bai Suediak. Izan ere, modu horretan osasun-sistemaren iraunkortasuna bermatzen da eta unibertsaltasun, parekotasun eta elkartasun oinarriak mantentzen dira.
Bisitaldia Jörgen Larsson irakasleak Eusko Jaurlaritzari egindako gonbidapenaren emaitza da. Larsson otsailean izan zen Euskadin, Urkullu lehendakariarekin batera Osasun arloko ikerketa eta berrikuntzarako estrategia 2020 aurkezten.Larsson bera, Karolinska Unibertsitate Ospitaleko Nazioarteko Harremanetako zuzendaria eta Nobel Batzarraren kide ohia, Euskadiko eta Institutuko ordezkariek bihar, ostirala, izango dituzten bileretako burua izango da. Besteak beste, berrikuntza, diziplina anitzen arteko elkarlana eta etorkizuneko osasun sistemen deseinu estrategikoa jorratuko dituzte.Karolinska Institutuko kantzelariordea den Martin Ingvar katedratikoarekin eta Berrikuntza Zentroko arduradunekin bilduko dira, berrikuntza klinikoko elkarteek hainbat alorretan, bihotz-gutxiegitasuna, telemedikuntza eta erradioterapia kasu, bultzatutako ekimenak aztertzeko. Erosketa publiko berritzailea ere aztertuko dute, besteak beste, Larsson doktoreak Euskadira egindako bisitan gai horrekiko interesa azaldu baitzuen.
Gaur, Euskadiko ordezkariak Suediako Osasun eta Gizarteko Gaietako Ministerioko arduradunekin bildu dira, zaintza ereduen gaineko esperientziak eta ekimenak aztertzeko. Batetik, Business Sweden erakundearen laguntzaz, arlo publiko eta pribatuaren arteko lankidetza ereduak landu dituzte. Gainera, ikerkuntza arloak aztertu dituzte eta, SciLifeLab laborategiko arduradunekin, bi ordezkaritzek diziplina anitzeko elkarlaneko esperientziak partekatu dituzte, bereziki unibertsitatearekin lotutakoak. Horrez gain, medikuntza pertsonalizatuarekin lotutako estrategiak aztertu dituzte, bi herrialdeek arlo horretako nazioarteko partzuergoetan lan egiten baitute.
Atzo, berriz, Euskadiko ordezkariak, Businnes Sweden erakundekoekin batera, Symbiocare klusterreko ordezkariekin bildu ziren eta hainbat gai jorratu zituzten, adibidez, gaixotasun arraroena –Euskadirentzat lehentasunezkoa arloa da, eta indarrean den ekintza plana duela gutxi saritu zuten– eta erradioterapiaren eta tratamendu onkologikoen berrikuntza –Suediak ibilbide zabal eta aitortua du arlo honetan–. Biozientzien eta osasunaren binomioa RIS3 Euskadi estrategiaren lehentasunezko hiru arloetako bat izanik, bilera hauek guztiak estrategia horren bitartez bultzatu dituzte, osasun-sistemak, eragile zientifiko-teknologikoek eta enpresen sektoreak gauzatzen dituzten jardueren artean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 9a