Ertzaintzaren burutzak Brigada Mugikorraren kargura dagoen beste prebentzio-zerbitzu bat aurkeztu du brieffing-etan
2016.eko irailak 09
Hiru agentez osatutako taldeek esku hartuko dute entrenamendu eta ekipamendu espezifikoak eskatzen dituzten gertakarietan
Ertzaintzaren burutzak Herritarren Babeserako Unitateen brieffing-etan prebentzio-zerbitzu berria aurkeztu du. Zerbitzu hori laster hasiko dira egiten Brigada Mugikorreko agenteek. Zerbitzu berria hiru kidez osatutako talde iraunkorretan oinarrituko da. Talde horiek hiru hiriburuetan izango dute egoitza, eta entrenamendu eta ekipamendu espezifikoa eskatzen duten gertakari eta jardun jakin batzuetan modu eraginkorragoan esku hartzeko aukera emango dute. Hartara, Herritarren Babeserako Unitateek jada egiten duten segurtasun-lana osatu eta hobetu ahal izango da, eta beste unitate batzuen lanari lagundu ahal izango zaio.
Ekimen hori bideo baten bidez aurkeztu da azken egun hauetan ertzain-etxeen brieffing-etan. Bideo horretan, ekimenaren ezaugarriak azaldu dituzte Ertzaintzaren buru Jorge Aldekoa intendenteburuak eta Herritarren Babeserako Dibisioko buru Josu Bujanda intendenteburuak. Aurkezpen modu horri esker, informazioa oso epe laburrean eta modu pertsonalizatuan helarazi zaie unitateetako langile guztiei.
Grabazioan aditzera ematen den moduan, prebentzio-zerbitzu berriaren bidez, entrenamendu eta ekipamendu espezifikoa eskatzen duten ezaugarri jakin bateko gertakariei erantzun ahal izango zaie. Aintzat hartu diren jardunen artean daude jende andana biltzen den lekuetan garatzen direnak edo azpiegitura kritikoekin lotzen direnak. Era berean, barnean hartuko dira zenbait sarrera eta erregistro, kontrol aringarriak, pertsona arriskutsuen atxiloketak, esku hartzeko unitateari laguntzeko jardunak, banku-alarmak, bahituriak dauden egintzak, Amok, terrorismo-egintzak, eta abar.
Zerbitzua osatuko duten taldeetako bakoitza Brigada Mugikorreko hiru agentez osatuko da (agente lehen bat eta bi agente). Egoitza operatiboa hiru hiriburuetan izango dute (Euskal Autonomia Erkidegoko edozein puntutan esku hartzeko aukerarekin), eta eguneko 24 orduetan egongo dira zerbitzuan. Talde bakoitzak tresneria espezifikoa izango du: ibilgailu bat, arma luzeak, taser-pistolak, balakontrako kaskoak, txalekoak, ezkutuak eta abar.
Egiteko berrietarako egokitzapena bost eguneko hasierako prestakuntza modulu baten bidez egingo da, 30 pertsonako txandatan. Ondoren, prestakuntza ikastaro iraunkorrak egingo dira, egunero 6 agenteko taldeetan.
Bi polizia-arduradunek bideoan aditzera ematen duten moduan, laster jarriko da abian zerbitzu berria, hasierako prestakuntzako prozesua amaitu ostean.