EKONOMIARI ETA OSASUNARI BURUZKO BI URTEZ BEHINGO II. FOROA: "Biztanleria zahartzea, berrikuntza teknologikoa, sistemaren iraunkortasuna, osasunaren arloko desberdintasunak eta profesionalen birjarpena dira Osasun Sistema Nazionalaren erronka komunak" Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuaren iritziz

2016.eko urriak 28

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpón jaunakgonbidatu gisa hartu du parte gaur arratsaldean Ekonomiari eta Osasunari buruzko bi urtez behingo foroaren II. ekitaldian (“Osasunaren sektorea hobetzen duten 100 neurri)”. Foro hori Madrilen egiten ari da, eta bertan mahaia partekatu du Gaztela eta Leongo Osasuneko sailburu Antonio Mª Sáez jaunarekin eta Extremadurako Osasun eta Gizarte Politiketako sailburu José Mª Vergeles jaunarekin.

Erakunde-mahaian Osasun Sistema Nazionalari buruzko ikuspegiak aztertu dira, betiere bertan ordezkatuta dauden hiru autonomia-erkidegoetako bakoitzaren ikuspuntutik eta estrategiatik. Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak Osasun Sistema Nazionalaren osotasunak aurrean dituen erronka komun berriak azaldu ditu: “biztanleria zahartzea, berrikuntza teknologikoa sistemaren finantza-iraunkortasuneko testuinguruan, osasunaren arloko desberdintasunak eta profesionalen birjarpena”.

Egin duen aurkezpenean, Jon Darpónek Osakidetzan garatzen ari diren neurrietako batzuk aurkeztu ditu. Lanbide-rol berriak hedatzea aipatu du, eta horien artean nabarmendu du erreferentziazko barne medikuntzako medikua”, betiere “bi asistentzia-mailetako profesionalen –lehen  arretako profesionalen eta arreta espezializatuko profesionalen– arteko elkarlana errazteko”. 

Jon Darpónek, bere azalpenean, beste rol batzuk ere aztertu ditu, hala nola loturako erizainarena eta paziente konplexuetako erreferentziazko erizainarena.Puntu horretan, Osasuneko sailburuak argi utzi nahi izan duenez, “rol berri horiez harantzago, askoz ere garrantzitsuagoa da lehen arretako erizainaren rola, oro har, berriro definitzea”.Eta, jarraian, berriro ere nabarmendu du alderdi hori, adierazi duenean erizaintzak zeregin proaktiboagoa izan behar badu, nahitaez aldatu beharko da erizaintzako preskripzioari buruzko dekretua”.

Sailburuak, halaber, farmazia-zerbitzuek bete duten zeregina eraldatzeko beharra nabarmendu du; izan ere, adierazi du lehen arretako eskualdeetan eta ospitaleetako farmazia-zerbitzuetan farmazialariak izatetik zerbitzu integratu bakarrera pasa garela, eta erantsi duenez “horren lan-ildoak definitu behar dira sendagaien erabilera zuhurrerantz jo nahi badugu”.

Berrikuntza teknologikoaren eta sistemaren iraunkortasunaren binomioari dagokionez,  Jon Darpónek aditzera eman du berrikuntza teknologikoaren kudeaketa egokia egin behar dela, teknologia berriak baitira osasun-gastuaren gehikuntzaren lehen kausa, % 50aren inguruko inpaktuarekin –terapia farmakologiko berriak barnean hartu ditu teknologia berrien artean–. Gai horri dagokionez, Osasuneko sailburuak terapia berriak jarri ditu adibide gisa, eta esan du “ez dago horiek sartzeko zalantzarik, baina ez edozein preziotan”.Bere iritziz, “emaitzen araberako ordainketen gisako akordioak itxi beharko dira industria farmazeutikoarekin. Ildo horretan sakondu beharko da, terapia eraginkorrak sisteman barnean har daitezen, baina pazientearentzat ekartzen duten balio erantsiaren araberako kostuan”.

Ekonomiari eta Osasunari buruzko Foroak 100 aditu inguru, nazioarteko hizlariak eta erakundeetako ordezkariak bilduko ditu gaur eta bihar Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluan. Guztien artean Osasun Sistema Nazionalaren kalitatea, prestakuntza, prozesuak eta efizientzia hobetzeko azken helburuarekin aplika daitezkeen neurri zehatzak bilatu nahi dira.

 

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 27a