Argitalpen-data: 2016/12/22
Dokumentazio Zentroko abenduko artikulu nabarmenak: martiztartxoen eta avatarren artean; arrisku-faktoreak eta babes-faktoreak teknologia berriekiko; diruzko jokoaren egungo egoera gazte eta nerabeen artean

BARANY, Marta eta Xabier CARBONELL. Martiztartxoen eta avatarren artean: mendetasuna eta arrisku-faktoreak gazteentzat mundu digitalean. Revista de Estudios de Juventud. Madril: INJUVE, 2010, (88), 131.-145. or. ISSN 0211-4364
Interneten erabilerak mendetasuna eragin dezake. Egoera psikologiko negatiboak, mugako nortasunak eta nortasun antisozialak, zailtasun kognitiboak, nartzisismoa, eta bizi-gertaera batzuk, besteak beste, hura errazten duten faktoreak dira. Zehazki, MMORPG jokalariek -rol-jokoen azpijoko bat- daukate arriskurik handiena. Joko horien ezaugarriak zigorgabetasuna, zaurtezintasuna eta saria dira, eta benetako bizitzan pentsaezinak diren jarrerak ahalbidetzen dituzte, mundu iraunkor batean harreman-testuinguru batean norberaren gusturako nortasun bat sortzea eta autoestimu txikia duten jokalariei errealitatetik urrun dauden pertsonaiak sortzea ahalbidetzen dieten fantasiak betetzea. Teknologiak errealitatearen eta nahien arteko bereizketa errazten du eta deskonexioa eragiten du. Halako jokoak gehiegi erabiltzearen ondorioak pertsonen arteko gatazkak, erruduntasuna, betebehar akademikoak eta lanekoak uztea dira.
ECHEBURÚA ODRIOZOLA, Enrique. Arrisku-faktoreak eta babes-faktoreak teknologia berriekiko eta sare sozialekiko mendetasunean gazte eta nerabeengan. Revista Española de Drogodependencias. Valentzia: Asociación Española de Estudio en Drogodependencias, 2012, 37 (4), 435.-447. or. ISSN 0213-7615
Internet erakargarria da gazteentzat, besteak beste, berehalako sariagatik eta elkarreragiteagatik. Gehiegi erabiltzeak arriskuak ekar ditzake, hala nola mendetasuna, eduki desegokiak, ziberjazarpena, intimitatea galtzea, autoiruzurra eta jokabide histrionikoak eta nartzisistak. Gehiegizko erabilera horretatik ondorioak etor daitezke, hala nola bakartzea, ikasketetako eta laneko errendimendu urria, jokabide-nahasmenduak, egoneko bizitza eta obesitatea. Erabilera horretarako aurretik presta dezaketen arrisku-faktoreak pertsonalak (nortasuna edo egoera emozionalak, arazo psikiatrikoak, afektu sendorik eza), familiarrak (zurruntasuna edo sendotasunik eza) eta sozialak (bakartzea eta eraginerraztasuna) izan daitezke. Haien aurrean, babes-faktoreak daude: baliabide pertsonalak (autoestimua, gizarte-trebetasunak) eta familiarrak (komunikazioa, arauak, eredua).
SARABIA GONZALVO, Izaskun, Ana ESTÉVEZ GUTIÉRREZ eta David HERRERO FERNÁNDEZ. Diruzko jokoaren egungo egoera gazte eta nerabeen artean. Espainiako droga-mendekotasunen aldizkaria. Revista Española de Drogodependencias. Valentzia: Asociación Española de Estudio en Drogodependencias, 2014, 39 (3), 57.-68. or. ISSN 0213-7615
Euskal Autonomia Erkidegoko lagin-populazio batean gazteek jokoari buruz dauzkaten motibazio eta pertzepzioei buruz egin den azterlan kualitatiboaren emaitzak erakusten ditu artikuluak. Haren emaitzek erakusten dutenez, mutilek jokatzen dute gehien, jokoaren presentzia oso normalizatuta dago gazteen artean, dirua irabazteko aukera ikusten da bertan, normalean taldean jokatzen da eta joko nagusiak kirol-apustuak dira, aurrez-aurreko modalitatean, eta kasino-jokoak. Gazteen artean handitu egin da jokoaren presentzia Internet agertu zenetik eta eremu horretan dago arazo gehien. Prebentzioa haurtzaroan hasi behar dela esaten da, osasunerako hezkuntzaren eremuan, eta ondoren publizitatea arautu eta jokatzeko webetan adingabeak sartu ahal izatea kontrolatu behar dela.
- Beste laburpen batzuk irakurri nahi badituzu klikatu artikulu nabarmen atalean
- Dokumentazio Zentroko webgunera esteka
- Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarea (EIPSren) liburutegien katalogoaren esteka
- Argibide gehiago nahi izanez gero, jo ezazue ondoko helbide elektronikora: geb-liburutegia@euskadi.eus
OHARRA: Dokumentazio zentroko material oro kontsultagai dago, eta maileguan har daiteke
Jarrai gaitzazue gizarte- sareetan!
![]()