Argitalpen-data: 2016/11/23

Bikotekideak edo bikotekide ohiak egindako indarkeria ohikoena da 15 eta 29 urte bitarteko emakumeen artean

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Gazteen Euskal Behatokiari emandako datuen arabera, 15 eta 29 urte bitarteko 1.045 emakumek salaketak jarri zituzten emakumeen kontrako indarkeriagatik 2015ean. Haietariko % 73,4k (767 emakume) bikotekide edo bikotekide ohiek eragindako indarkeria salatu zuten, % 16k (167 emakume gazte) familiaren barruko indarkeria eta beste % 10,6k, (111 emakume) sexu-askatasunaren aurkako indarkeria.

2014 eta 2015 artean % 4,5eko murrizketa egon da bikotekideak edo bikotekide ohiak egindako indarkeriaren salaketa kopuruan; sexu-askatasunaren aurkako indarkerian murrizketa handiagoa gertatu da (% 10,5). Ostera, familia barruan gertatutako indarkeriak, bikotea edo bikotekidea kenduta, gora egin du % 1,8.

Sexu-erasoen biktima izan diren emakume gazteen kopurua lurralde historiko edo adin tarte bakoitzeko jakin nahi baduzu Gazteen Euskal Behatokiko Estatistikak kontsultatu ditzakezu, “Balioak eta Jarrerak” atala, “Emakumeenganako indarkeria” azpiatala.

Gazteen Euskal Behatokiak Beldur Barik egitasmoa zabaltzen lagundu nahi du. Egitasmo hau Emakundek eta Eudelek sustatzen dute, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako Berdinsarea izeneko udal-sarearen baitan.

Egitasmoaren helburua gazteen artean indarkeria sexista prebenitzea da. Programaren osagai nagusienetako bat ikus-entzunezko adierazpen artistikoak saritzen dituen lehiaketa da, 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua. Adierazpen horietan, neskek eta mutilek erakusten dute emakumeenganako egungo desberdintasun-egoerari nola egiten dioten aurre, errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, ardurakidetzan eta indarkeria sexistaren gaitzespenean oinarrituta.

Beldur Barik ekimenari buruz gehiago jakin nahi baduzu, jo ezazu bere webgunera http://www.beldurbarik.org// edo beren Facebook eta Twitter profiletara.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!