Argitalpen-data: 2016/05/09
Euskadiko gero eta gazte gehiago hurbiltzen da Bidezko Merkataritzara
15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 60k Bidezko Merkataritzako produktuak erosi izan dituzte inoiz
Maiatzaren 10ean Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteek Bidezko Merkataritzako produktuak kontsumitzen dituzten aztertu du Gazteen Euskal Behatokiak,. Aztertutako datuak 2010ean eta 2013an egindako bi ikerketatatik eratorri dira.
Euskadiko gazteen kontsumo-azturak aztertzea izan da bi ikerketa horien helburua. Horretarako, arreta handiagoa jarri da kontsumoa gauzatzeko moduan, kontsumitzen den horretan edo kontsumitutako kopuruan baino. Era berean, ahalegindu gara identifikatzen zein neurritan ohartzen diren gazteak edozein produktu edo zerbitzu kontsumitzeak dakartzan inplikazioez (pertsonalak, sozialak zein ingurumenekoak).
Bi ikerketak konparatuta, zera antzeman daiteke: 18 puntu igo dela Bidezko Merkataritzako produktuak inoiz kontsumitu dituztenen ehunekoa: 2010eko % 42tik 2013ko % 60ra.
Neskek hein handiagoan kontsumitzen dituzte Bidezko Merkataritzako produktuak, mutilek baino (% 64k eta % 55ek, hurrenez hurren). Bidezko Merkataritzako produktuen kontsumoak gora egiten du adinean gora egin ahala: 25 eta 29 urte bitartekoen % 64k horrelako produktuak kontsumitu izan dituzte inoiz.

Zehaztu beharra dago ehuneko horiek ez direla horren altuak, Bidezko Merkataritzako produktuak kontsumitu ohi dituztenei erreparatzen badiegu. Gazteen % 7k sarri erosten dituzte Bidezko Merkataritzako produktuak. Alabaina, goranzko joera antzeman daiteke Bidezko Merkataritzako produktuak sarri erosten dituztenen ehunekoan, izan ere, 2010ean gazteen % 4 baino ez ziren.
Datuak lurralde historikoen arabera aztertuta, horrelako produktuak noizbait kontsumitu izan dituztenen ehunekorik altuen duen lurraldea Araba da. Jarraian, Bizkaia dator (% 61) eta, azkenik, Gipuzkoa (% 54).

Euskadiko gazteen kontsumo-azturei buruzko datu gehiago aipatutako bi ikerketetan kontsulta daitezke: 2010eko 'Kontsumo arduratsua EAEko gazteen artean' zein 2013ko 'Kontsumo arduratsuaren ohituren bilakaera EAEko gazteen artean 2010-2013‘.