Argitalpen-data: 2016/09/19

Aldapetako etxebizitza tasatuak datorren urteko martxoan esleituko dira

ALDAPETAKO ETXEBIZITZA TASATUAK DATORREN URTEKO MARTXOAN ESLEITUKO DIRA

Interesatuek Etxebiden eman beharko dute izena aurrez

Aldapetako 30 etxebizitza tasatuak datorren urteko martxoan esleituko dira eta horietako etxebizitza bat eskuratu nahi dutenek, Etxebiden izena eman beharko dute  aurrez, atzotik Etxebide eta Eusko Jaurlaritzako Visesa entitate publikoaren web orrietan azaltzen den bezala. Eusko Jaurlaritzak esleipen prozesua arautuko duen agindua azaroan onartuko du. Hala, behin betiko planoak eta 30 etxebizitza tasatuen prezioak argitaratuko dira laster. Eremu berdineko beste babes ofizialeko 20  etxebitzak alokairurako bideratuko dira eta eraikina bukatzean esleituko dira. Nolanahi ere, esleipen prozesuan parte hartzeko nahiatezkoa izango da Etxezibizitzen Euskal Zerbitzuan (Etxebide) apuntatuta egotea, Jaurlaritzaren agindua onartu aurretik. Zentzu honetan, Udalak oraindik Etxebiden alta eman gabe daudenei eskaera “ahalik eta azkarren” aurkeztu behar dutela gogoratu nahi die, inskripzioa ez baita berehalakoa. Gaur egun 692 pertsona daude Zarautzen jabetzako etxebizitza tasatu bat eskuratzeko Etxebideko zerrendan izena emanda. Eusko Jaurlaritzaren agindua onartu eta gero, izena eman duten guztiei informazioa helaraziko zaie eta bi aste izango dituzte esleipenean parte hartzeko interesa duten baieztatzeko. Interesa azaldu dutenekin behin behineko zerrenda bat egingo da eta hilabete bat egongo da jendeaurrean ikusgai. Epe hori amaituta eta alegazioak aztertuta, behin betiko zerrenda osatuko da eta notario aurreko zozketa egingo da. Eusko Jaurlaritzako zozketa guztiekin gertatzen den bezala, hau ere Internet bidez jarraitzeko aukera izango da. Hala, 30 etxebizitza tasatuak 2017ko lehen hiru hilabeteetan esleituta egotea aurreikusten da.

Instituzioen arteko harreman estua proiektua desblokeatzeko

Zarauzko Udalak urte honen hasieran 2009tik geratuta zegoen Aldapetako etxebizitza babestuen sustapena Visesak bultzatzea onartu zuen, bi erakundeek sinatutako hitzarmen baten bitartez. Orduan, udal gobernuak aurreko legealdiko proiektua aldatzea erabaki zuen, sustapena publikoa izan zedin eta partzelak babes ofizialeko etxebizitza gehiago izan zitzan. Alkate eta Hirigintza arloko arduradun  Xabier Txurrukak (EAJ-PNV) nabarmendu duenez, “Visesak arretaz aztertu zuen aurreko proiektua, planteatutako sustapena ekonomikoki bideragarria ez zela ondorioztatuz”. “Legealdia hasi bezain pronto Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri ginen Aldapetako aurreko proiektua aztertzeko eta bideragarritasunik ez zuela eta onena aldatzea zela jakinarazi ziguten”, azaldu du. Hitzarmena sinatu zen egunean Txurrukak gaineratu zuenez, “Zarautzen 15 urtetan ez da babes ofizialeko etxebizitzarik sustatu eta erakundeen arteko harreman estua ezinbestekoa izan da proiektu hau desblokeatzeko. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Departamentuarekin izandako harremana ezinhobea izan da eta legealdi hasieratik hasi gara lanean 2016-2019 Udal Etxebizitza Planean zehazten ditugun helburuak betetzen hasteko”. Horren adibide garbia da, pasa den uztailean partzelaren salerosketaren eskritura publikoa sinatu izana.

Behin betiko sustapena martxan da eta Visesak beharrezko aldaketak egin ditu Plan Berezian (uztailean eman zitzaion hasierako onespena eta behin betikoa jasoko du datorren irailaren 29rako udalbatzan) eta Eusko Jaurlaritzak pasa den ekainean  Aldapetan eraikiko diren 30 etxebizitza tasatu eta babes ofizialeko 20 etxebizitzen behin behineko kalifikazioa eman du. Halaber, Udalari obra egiteko lizentzia eskatzeko oinarrizko proiektua aurkeztu dio, etxebizitzen exekuzio proiektuak osatu eta Aldapetako eremu guztiaren urbanizazio proiektua egokitzen diren bitartean. Udalak, bere partetik, Eusko Jaurlaritzak aurkezten dituen dokumentu guztiak aztertu, gainbegiratu eta onartzeko ardura hartu du.

Proiektuaren aurkezpena: Vista Alegreko bizilagunekin, astelehenean

Etxebizitza babestuez gain, Aldapetan Vista Alegreko irisgarritasuna hobetzeko bi igogailu eraikiko dira eta Santa Ana egoitzaren instalazioak handituko dira. Zentzu honetan, eta Mugikortasun Astearen baitan, alkateak Visesa eta Udala elkarlanean egokitzen ari diren proiektuaren berri emateko bilera deitu du datorren irailaren 19rako (astelehena), 19.00etan, Vista Alegreko auzo elkartean.

Bestalde, etxebizitzen sustapen honen inguruko zalantzak argitu edo informazio gehiago nahi duenak, Zarautz-Lur erakunde publikoak Salegi kaleko 14. zenbakian duen bulegora jo dezake edo 943 005129 telefono zenbakira deitu.