Akitania-Euskadi euroeskualdeak «Zubiak» sustatuko du, France Bleuren eta Euskadi Irratiaren artean egindako euskarazko irratsaioa
2016.eko irailak 23
- Asteburuetan emitituko da: France Bleu Pays Basquen larunbatetan izango da entzungai, 12:00etan, eta Euskadi Irratian igandeetan, 15:00etatik 16:00etara
- Alaia Martinek eta Artzen Letonak gidatuko dute saioa.
Hendaia 2016/09/23
Akitania-Euskadi euroeskualdeak «Zubiak» aurkeztu du, France Bleuk eta Euskadi Irratiak elkarlanean egindako euskarazko irratsaioa. Bi irrati-etxeek emitituko duten saioak mugaz gaindiko erakundeentzat edo eragileentzat leiho eta hainbat belaunalditako euskaldunentzat zubi izatea du helburu, eta Bidasoaren alde bietako pertsona interesgarriekiko elkarrizketak eskainiko ditu.
“Programaren edizio guztietan egungo gertaerekin zerikusia duten edukiak sartuko dira. 50 minutuko saioan kontakizunak, mitologia, elezaharrak eta historiaren pasarte aipagarriak bilduko dituzte, historiari irekitako leihoa bailitzan. Bi lurraldeak batzen dituen zubia da aitzakia, irratsaio erakargarrira iristeko bidea emango digun irudi kontzeptual eta estetikoa”, adierazi dute France Bleu Pays Basque eta Euskadi Irratikoek.
Sortzaileen hitzetan, “proiektua mugaz gaindiko bizitza konplexurik gabe bizi duten pertsonek egingo dute. Bidasoaren alde bietara begiratzen dutenek”. Erredakzioan France Bleu Pays Basqueko eta Euskadi Irratiko erredaktore Alaia Martinek eta Artzen Letonak lan egingo dute. Euskadi Irratiko programaburu Jone Larrañagak eta France Bleuko erredaktore-buru Bixente Vrignonek elkarrekin egingo dute edukiak definitzeko lana.
Kanpoaldeko grabazio batzuk bakarka egingo dituzte kazetariek. Beste batzuk, ordea, elkarrekin egingo dituzte bi kazetariek, esate baterako Santiago zubian bertan egingo den grabazioa.
Euroeskualdetik adierazi dutenez, “Zubia irratsaio estetikoki zaindua da, musika, soinuak eta hitzak ederki uztartzen dituena. Etengabe jokatuko du zubiaren kontzeptuarekin; errealizazioan, hainbat zubitako soinuaren gainean eraikiko da jarraitutasuna, eta plangintzak horretarako aukera ematen duenean, elkarrizketak tokian bertan egingo dira, ingurune-soinuan girotuta”.
«Zubiak» France Bleun larunbatetan izango da entzungai, 12:00etan, eta Euskadi Irratian igandeetan, 15:00etatik 16:00etara.
http://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/zubiak/