5,5 milioi bideratuko dira 2017rako etxebizitzak eta eraikinak hobetzeko Renove programara (Gobernu Bilera 2016-12-27)

logoconsejo.jpg

2016.eko abenduak 27

Laguntzen helburua da 1980 aurretik eraikitako bizitegi-eraikuntzen energia-eraginkortasuna, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea.

Eusko Jaurlaritzak, abenduaren 27ko Kontseiluaren bileran, etxebizitza eta eraikinen birgaitze eraginkorrerako 2017ko Renove programaren laguntzetarako deialdia egiten duen agindua onartu du, guztira 5.500.000 euroko zenbateko ekonomikoarekin.

Diruz laguntzeko esku hartzeko proiektuak 1980 aurretik eraikitako eraginpeko eraikin edo etxebizitzen irisgarritasun, bizigarritasun eta energia-eraginkortasuneko baldintzak hobetzeko izango dira Laguntzak lortzeko, etxadi edo eraikin elkartuak osatzen dituzten familia anitzeko eraikinek izango dute lehentasuna. Jarduketak gutxi gorabehera 600 etxebizitzatan egitea aurreikusten da.

Onuradunak dira esku-hartzeari heltzen dioten jabeak, eta udalak, tokiko erakunde txikiak eta etxebizitzaren sozietate edo sustatzaile publikoak, eraikinen jabeak badira eta alokairuan jarduten badute.

Programan sartzeko, egiten diren esku-hartzeek eraikinaren energia-eraginkortasuna hobetu beharko dute, gutxienez C kalifikazioa lortuta, bai CO2 isurietan, bai lehen mailako energia ez-berriztagarriaren kontsumoan; halaber, bide publikotik etxebizitza bakoitzerako irisgarritasuna bermatuko dute desnibelak mailekin gainditu behar izan gabe; eta, beste alderdi batzuen artean, suteen aurkako segurtasun-baldintzak hobetuko dituzte, suteak detektatzeko, alarma jotzeko eta itzaltzeko ekipamendu egokiekin.

Laguntzaren xede diren jarduketek esku hartzeko proiektua kontratatu beharko dute haren emakida jakinarazten denetik hilabeteko epean. Obrak 2017 ekitaldian hasi beharko dira eta 2020ko uztailaren 31 aurretik bukatuta egon beharko dute.

Obrak gauzatzeko, laguntzak gehienez kontratatutako aurrekontuaren % 50ekoak izango dira (zergak kanpo), eta % 60koak birgaitze integratuko areetan edo bizitegi-area degradatuetan sartutako eraikinetan. Energia-eraginkortasuna hobetzeko, etxebizitzako 8.200 euro emango dira gehienez. Igogailurik ez zuten eraikinetan kanpoaldetik igogailua instalatzeko, gehienez 60.000 euro emango dira, 45.000 euro barneko igogailu bakoitzerako eta 12.000 euro irisgarritasuna kalearen mailaraino konpontzeko.

Diru-laguntzak lehiaketaren arabera esleituko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

2016ko aurreko deialdian 4.193.291 euroko laguntzak eman ziren, guztira 446 etxebizitzatarako.

Eskaerak egiteko informazioa eskuragarri egongo da helbide hauetan abenduaren 30etik aurrera:

https://www.euskadi.eus/plan-renove/2017/y22-izapide/es

https://www.euskadi.eus/renove-plana/2017/y22-izapide/eu