Hedoi Etxarte: «Langile jendea ezin duzu punk-rocka eta hip-hopa entzutera kondenatu»
- DataAbenduak 18
- Gaia Musika, Literatura
Pentsalaria, idazlea, liburu saltzailea eta tabernaria. Katakrak Iruñeko liburu-denda eta pentsamendu eta eztabaidarako guneko kidea, bertako agenda kudeatzen du eta irakurle taldeez arduratzen da. Azkarra, jantzia, kritikoa, eta zenbaitetan, kaustikoa
Noiz arte har daiteke gaztetzat pertsona bat?
Bereizketa horiek ez zaizkit gustatzen. Aitak esaten dit txikitan asko gustatzen zitzaidala jolastea eta gaur egun ere bai. Gaztaroa, nerabezaroa bezala, XX. mende hasieran jende gutxik izan zezakeen zerbait da. XXI. mende hasieran, jende askok pentsatzen du badaukala, baina segur aski ez dauka.
Jolasteaz gain, txikitan zer zenuen gustuko?
Nire inguruko figurak aitona-amonak izan ziren. Oso erakargarriak egiten zitzaizkidan haiek, haien lagunak… iruditzen zitzaidan bazutela jakintza, bizitzaren aurrean beste tempo bat. Argi zuten zer den langilea izatea, eta orain aldiz, despiste handia dago horren inguruan. Jende xumea zen, oso narratiboa. Gaur egun dena asko estandarizatu da. Jendea desberdina izateko izugarrizko eskizofrenian murgildu da, azkenean denak berdinak izateko.
Bi anaia zarete. Ziargi zu baino gazteagoa da eta hala ere esaten duzu berarengandik gauza asko ikasi duzula.
Bai. Ikasi nion lehenbailehen hasi behar dugula lanean munduan. Berak nahiko garbi izan du, adibidez, kontu praktikoetan iaioa izaten saiatu behar duzula, baina goi mailako kulturarekin harremana izanik. Bera bada etxeko hoditeria aldatzeko gai, eta aldi berean, 14 urterekin Frantziako poeta surrealistak irakurtzen zituen. Konbinazio horiek nire bizitzan asko bilatu ditut.
Institutuan izan zenuen lehen talka politikoa. Zer dela eta?
Biurdana institutuan nengoen. Garai hartan Elkarritik oso gertu nenbilen eta oso eskuin muturreko joera zuen irakaslea zegoen. Irakeko gerra garaia zen eta nik esan nuen asteburu horretan Aznar etorria zela Iruñera, Alde Zaharra militarki okupatzera, batzuei esatera hiltzaileak zirela. Eta bera Irakeko gerrara soldaduak bidaltzen. Emakume hura erotu zen, oihuka hasi eta harrezkeroztik ez nuen azterketarik gainditzen sistematikoki. Horregatik aldatu nintzen beste toki batera, Eunatera. Han bikain izan nintzen. Oso garbi ulertu nuen zer den boterea. Irakaskuntzan, beste edozein alorretan bezala, badira psikopatak eta izugarrizko boterea dute.


