Goizalde Landabaso: «Irakurleak bizitzaren osotasuna babesteko poemak aurkituko ditu»


  • DataAzaroak 27
  • Gaia Literatura

Goizalde Landabasok bere azken poemarioa kaleratu berri du. Babeserako kopiak hiru atal ditu: Izan, Odola, eta Denbora. Horretaz gainera, Harkaitz Canoren hitzaurre ederrarekin apaindurik dator. Lehen atalean, Izanen, identitateari buruzko poemak antolatu ditu Landabasok; bigarren atalean, sentimendu potenteek inarrosten gaituzten uneko sorkuntzak daude, bakardadeaz, tristuraz, poema erotikoak, eta abar. Eta azkenik, hirugarren atala denborak hartzen du osoki, eta bertan zahartzeaz aritzen da idazlea, memoriaz. Bere lan horretan sakontzeko, Goizalderekin mintzatu gara.

“Babeserako kopia” da atera duzun azken poemarioaren izena. Hasieran teknologia berriekiko harremanaz mintzatuko zarela ematen du. Argi dago ezetz, baina zer aurkituko du irakurleak?
Memoriari eusteko ahalegin bat. Oroitzapenak gotortzeko ariketa. Uste dut bizi ditugun garaiotan erosoegi bihurtu garela. Eta erosotu egin dugu gure garuna, gure geurea izan beharko lukeen memoriari uko egiteraino. Ez dugu buruhausterik nahi, nahiago dugu makina batek gure oroitzapenak, gure instanteak kudeatzen baditu. Uste dut hortxe ari garela gure burua galtzen, gure baitako gauzarik garrantzitsuena, gure esentzia, gu geu egiten gaituena. Ni banaiz teknologikoa, baina uste dut gure teknologiatasunak mugak izan behar dituela teknologiakeriak bihur ez daitezen. Beraz, poema hauetara jauzi egiten duenak bizitzaren osotasuna babesteko poemak aurkituko ditu. Eta beharbada, bateren batean, bere burua aurkituko du.

Memoria galduaren aldeko aldarria dela esan daiteke? Edota memoriari argazkia ateratzekoa?
Memoria berreskuratzeko aldarria izango litzateke, ezer izatekotan. Izan ere, memoriarik gabe zer gara? Memoria ez bagara, zer gara? Bizi izan ditugun esperientziek, txar zein on, egiten gaituzte garena. Batzuetan, gustatzen ez zaizkigulako edo latzegiak direlako edo, ezabatu nahi izaten ditugu gertatutako jazoera zenbait. Baina jazoera horiek ere bagara eta aldarrikatu beharko genituzke. Denak. Euskarri teknologikoetatik atera eta geure egin beharko genituzke berriro.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri