Ingelesak maitemindu dituen ilustratzaile bizkaitarra
- DataAzaroak 27
- Gaia Ikusizko arteak
'Through The Looking Glass' kaleratu du Angel Dominguezek Londresen. Hiru urte eman ditu liburuko argazkiak sortzen, tartean marrazkietatik aldendu duen buruko isuri baten aurkako borroka irabazita
Angel Dominguez (Galdakao, 1953) Londresera heldu da, Mamen emaztearekin, Through The Looking-Glass (Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena) azken lana aurkeztera. Denis Hall editorea zain dauka, eta aireportuaren kanpoaldean atseden hartzen ari den auto txikian sartzeko keinua egin dio Dominguezi. Liburuek hartuta duten autoan sartu da eta Mamen non sartuko ote den galdetu dio editoreari: "Zure altzoan" , erantzun dio. "Eta gerrikoa?" galdetu dio Angelek ingurua arakatuz, "Zure besoekin besarka ezazu", editoreak.
Bere bizitzako azken pasarte honek Angelen bizitza labur dezake. Izan ere, duela lau hamarkada Galdakaoko etxean komikiak marrazten hasi zenetik, milaka kilometro egin dituzte ilustratzaile bizkaitarraren marrazkiek. Milaka kilometro eta kilometro halako pasadizo. Euskal Herritik Estatura lehenengo eta New Yorkera, Errusiara, Jordaniara, Japoniara eta Ingalaterrara gero. Ingalaterra, bizkaitarraren bigarren etxea. Eta Carollen Alicia, bere pertsonaiarik maitagarrienetakoa.
Dennis Hall Inky Parrot Press etxeko 89 urteko editore apartak eman dio ilustratzaile galdakarrari Aliciari buruzko Carrollen bilduma amaitzeko aukera, duela 19 urte New Yorken Alice’s adventures in wonderland argitaratu ostean. Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena nazioartean sona handia duen ilustratzaile autodidakta, arduratsu, umoretsu eta batez ere apal honen lanik neketsuena eta zorrotzena da. Amaigabea da Angelek irudiztatu dituen argitalpenen zerrenda: Precisamente así (Juventud, 1999), Dioses y héroes de la Grecia antigua (2000), Altxorren bilatzaileak. Piraten ipuinak (Juventud, 2004), Mila eta bat gauen gauak (Juventud, 2006), Oihaneko liburua (Juventud, 2009), Aliceren abenturak lurralde miresgarrian (Artisan-Workman, New York, 1996)-, Printzipe zoriontsua (Japonian argitaratu zuen), Diary of a Victorian Mouse (Michael O’Mara Books-London 1991), The Twelve Days of Christmas (Michael O’Mara Books-London), Classic Animal Stories (Michael O’Mara Books-London) eta The King's Gift (Michael O’Mara Books- London 2000), besteak beste.


