"Euskal Harriaren ABDak" lantaldeari elkarrizketa
- DataAzaroak 4
- Gaia Ikus-entzunezkoa
“Euskal Harriaren ABDak” lan kolektiboa estreinatuko dute ostegunean, hilak 5, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako Astean. 26 egileren beste hainbeste film, Katihotsak Logiak gidatuta
Hizkuntza batek, garatuta egon behar badu, mundua eta, ondorioz, gizarte esparru guztiak islatu behar ditu; zinemaren arloak ezin dio entzungor egin adierazpen horri, eta Katihotsak Logia kultur elkarteko kideek, “Joxean’s Hil Eben” eta “Ataun of the Dead” aurreko filmekin egin zuten bezala, euskarazko B seriea elikatzen jarraitu dute, “Euskal Harriaren ABDak” Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Donostiako Astean bihar estreinatuko duten filmarekin.
Mikel Alvarez, Jon Artola, Beñat Iturrioz, David Larrañaga eta Oskarbi Sein proiektuaren koordinazio taldeko kideek zazpi lurraldeetako 26 bideogilerengana jo dute, bakoitzari alfabetoko letra bat proposatu eta, baldintza bakar gisa lana “beldurrezko, fantasiazko edo zientzia-fikziozkoa izatea eta euskal elementuetan oinarrituta egotea” jarrita, film labur bat egitea proposatzeko. Lanok batuta, “Euskal Harriaren ABDak” ondu dute, “euskal bideogintzaren argazki erreala ateratzeko”.
Alvarez, Artola, Iturrioz, Larrañaga eta Seinengana jo dugu, estreinaldiaren bezperan, zinemagintzan diharduten profesionalak eta hasiberriak batu dituen proiektuaren nondik norakoak ale diezazkiguten.
Nola sortu zen “Euskal Harriaren ABDak” egiteko ideia? Zein epe izan ditu egitasmoak?
“Joxean’s Hil Eben” pelikula, “Ataun of the Dead”en bigarren zatia, egin eta gero “Napardeath” izango den hirugarren zatian pentsatzen hasi ginen Katihotsak Logian. Orduan, ideia ona iruditu zitzaigun trilogiaren amaiera horren aurretik lagun batzuei film labur batzuk egiteko eskatzea, gure pelikularen promozio gisa. Ideia horri bueltak ematen ari ginela berotu egin ginen, eta pilota baloi bilakatu zen, konturatzerako meteorito bat izaten amaitzeko. Euskal Herrian 26 zinegile eta kolektibo biltzea erabaki genuen, guztion artean “Euskal Harriaren ABDak” osatzeko.
Hori 2014ko maiatzean edo izan zen, eta uztailean hasi ginen errekrutamenduarekin. Irailerako 26ak lotuak genituen. Hasieran gure inguruko jendearekin hitz egin genuen, eta hauek, ideia gustuko izan zutenez, euskal bideogintzako alor ezberdinak ukitzen hasi ginen: profesionalak, amateur-ak, kulturgintzan zebiltzan baino bideogintzarekin harremanik ez zuten animatuak… Talde polit zein anitza osatu dugulakoan gara.
Harrizain bakoitzak martxorako film laburra grabatua izan behar zuen, eta ekaineko azken egunerako entregatu behar zuen. Ez da kasu guztietan horrela izan, baina nahiko fin ibili dira guztiak.
Zer aurkituko du ikusleak pantailan?
26 harrikadak osatutako harrikada handi bat. Garbi genuen generoak beldurra, fantasia eta zientzia-fikzioa izan behar zirela, eta hor mugituko dira lan guztiak. Hala ere, umorea oso presente dago eta genero nahasketa interesgarriak ere badaude.


