Joseba Ponce: «Gazte "martzianoen" falta sumatzen dut»


  • DataUrriak 29
  • Gaia Musika

Intuizioa, denbora eta trebezia. Hiru osagai horiekin osatu du Joseba Poncek bakarkako lehen lana, JP Lohian & Klonen Klana izenpean. Musika tresna guztiak jo ditu, pop eta rock unibertso propio bat sortuz

«Gogorra izan da. Baita luzea ere. Batzuetan, dena pikutara bidali dut. Baina, azkenean, kontent geratu naiz». Astelehenean plazaratuko du estreinako diskoa Joseba Poncek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1974), JP Lohian & Klonen Klana izenarekin, eta berak sorturiko Lohian zigiluarekin. Plataforma digitaletan, jplohian.bandcamp.com gunean eta hainbat dendatan eskuratu ahal izango da diskoa. Lan aipagarria da alde askotatik begiratuta, baina berezi egiten duena da Poncek berak egin duela egin litekeen guztia: kantuak sortu ditu, musika tresna guztiak jo ditu (gitarra, baxua, organo eta sintetizadoreak, eta bateria), abestu egin du, diskoaren diseinua egin du, animazioko bideo bat egin du diskoa zabaltzen duen Alperrik da apaintzea kantuarekin —gaur plazaratu du BADOK musika atarian—. Karlos Osinaga izan du ia bidaide bakar eta ezinbesteko; grabaketak eta nahasketak Tolosako Bonberenea estudioan egin zituzten. Ahotsetan Libe Garcia de Cortazarren eta Fernando Saporen kolaborazioa izan du hainbat kantutan. Gainerako guztia bere esku burmuinetatik atera da. Dut eta Kuraia taldeetako kide izanik euskal rockaren azken bi hamarkadetako ibilian lorratza utzi ondotik, denboraldi luze samarra zeraman proiektu propiorik gabe. Orain rock eta pop tradizio zenbaiten adar desberdinak batu ditu, sakon bezain frexko, ilun bezain argi distira printzez, gordin bezain leun, espazial bezain lurreko... eta urteko rock diskoetako bat ondu du.

Bakarkako lehen lana duzu, baina ez da hain bakarkakoa ere. Hainbeste Joseba bildu dituzu bere baitan...
Bai, bai, bakarkakoa da, nik sortu dut guztia [barreak]. Jendeak hasieran galdetzen zidan ea zerbait akustikoa egingo nuen, bakarkakoa zela jakitean. Nik garbi nuen rock talde batek bezala grabatuko nuela: nik joko nituela instrumentuak eta rock disko bat izango zela. Behintzat elektrikoa. Nire alde guztiak daude diskoan, hori bai. Neure buruarekin asko eztabaidatu dut. Hori dagoen gauzarik okerrena da. Taldekideekin zaudenean ideia eta iritzi desberdinak daude, eta eztabaidatu liteke, baina hortik sortzen da sortzen dena. Ni bakarrik, ordea... egunaren arabera ere asko aldatzen baita egin duzunaren irudipena. Egun batean zoragarria zena, hurrengo egunean izan zitekeen putamierda bat. Zenbat zirriborro bota ditudan pikutara, zenbat buelta eman dizkiedan gauzei, bateria lerro bat edo gitarra lerro bat ez gustatzeagatik...

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri