Argitalpen-data: 2015/10/09
Urriaren 10a: Osasun Mentalaren Munduko Eguna
Euskadiko gazteen % 13,7k antsietate edo depresio arazoren bat izan du
![]()
Osasun Mentalaren Munduko Eguna dela-eta, antsietateak eta depresioak 15 eta 29 urte bitarteko gazteengan duen intzidentziari buruzko datuak aurkezten ditu Gazteen Euskal Behatokiak.
Osasun Mentalaren Eguna urtero ospatzen da. Urte bakoitzean emozioen edo jokabidearen nahasmenduren bat aukeratzen da eta kanpaina zabal baten bidez, munduaren arreta horren identifikazio, tratamendu eta prebentziora bideratzen saiatzen da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2013an eginiko Euskal Osasun Inkestatik (2013ko EAEOI) hartutako datuen arabera, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 13,7k antsietate edo depresio arazoren bat izan zuten inkesta egin aurreko lau asteetan.
Azken urteetan antsietate edo depresio arazoak izan dituzten gazteen portzentajeak gora egin du, 2002ko % 12,2tik 2013ko % 13,7ra.
Arazo hauek nesken artean maizago gertatzen dira mutilen artean baino (% 18,7 eta % 9 hurrenez hurren). Bestetik, 20 eta 24 urte bitartekoen artean ere gehixeago ematen dira (% 16).

Antsietate eta depresio arazoak ohikoagoak dira Euskadiko biztanleria osoan gazteen artean baino. Izan ere, 2013an, biztanleria osoaren % 20k inkesta egin aurreko lau asteetan antsietate edo depresio arazoak izan zituen; gazteen artean, ikusi dugun bezala, % 13,7k.

Antsietate eta depresioari buruzko adierazle hau Gazteen Adierazleak 2013 ikerketan kontsulta daiteke, “Osasuna” atalean, hain zuzen ere.
Gazteen Euskal Behatokiak gazteriaren egoerari buruz eginiko ikerketa zabal horren adierazle bat baino ez da hori. Ikerketan 111 adierazle biltzen dira; batzuk Behatokiak berak egindako azterlanetatik datoz eta beste batzuk iturri estatistiko ofizialetatik.
Guztia batuz gazteen egoerari buruzko panoramika zabala eskaintzen du, eta Euskadiko biztanleria osoarekin alderatzeaz gain, Espainia eta Europar Batasuneko gazteen egoerarekin ere konparatzen ditu.
Bertan agertzen den informazioa lau formatu ezberdinetan aurkezten da:
- Datu base interaktiboa. Grafikoak eta mapa interaktiboak egiteko aukera ematen du 111 adierazleen eboluzioa aztertzeko, alderaketak egiteko eta aldagai ezberdinen arabera aztertu ahal izateko.
- Gazteen Adierazleen Panela, ikerketa osatzen duten adierazle guztien informazioa biltzen duen laburpen-taula.
- Adierazleen fitxak, oinarrizko 64 adierazleei buruzko informazioa.
- Laburpen exekutiboa, aztertutako 111 adierazleen informazioa laburbiltzen duen testu laburra.