Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre eta Uraren Euskal Agentziaren zuzendari Iñigo Ansola Martuteneko bizilagunekin bildu dira URAk Martutene Urumearen ur goraldietatik babesteko aurrera daramatzan lanei buruz xehetasunak emateko.
Ansolak azaldu du Eusko Jaurlaritza eta URAk Moyua SL, Murias SA, Hermanos Elortegui SA eta Altuna y Uria SL enpresek sortutako aldi baterako baturari esleitu dizkiotela lanok, 19.002.904,76 euroko aurrekontuarekin, eta “Martutenek aldiro pairatzen duen uholdeei irtenbidea emango diela”.
Uraren Euskal Agentziaren zuzendariarekin batera informazio-ekitaldi horretan Gipuzkoako Bulegoburuak ere parte hartu du, Ion Ander Arrieta. Adierazi duenez “Proiektu hau Martutene inguruan egingo diren uholdeen aurkako ekintza sorta batez osatua dago; obra horiek inguruan egingo dira, eta uretan gora, ur-lamina jaisteko. 34 milioi euroko aurrekontua dute eta 42 hilabeteko epea.
Arrietak gehitu duenez “Lan horien plangintza esleipendun enpresa-baturarekin batera antolatu dugu, ahal izatekotan, obra gauzatzeko aurreikusitako epea gutxienez sei hilabete aurreratzeko”.
URAren eta Udalaren teknikariek azaldu dute proiektu horretan Urumearen bideratzea gauzatuko dela, eta, horrela, Martutenen 500 urteko errepikatze-denborako ur-goraldiak husteko ahalmena lortu, uholdeen aurrean segurtasuna nabarmen handituz, gaur egungo egoerarekin alderatuta.
Halaber, gogoratu nahi izan dute “lan horiek bi fasetan egingo dira: lehenengoa Martuteneko zubitik uretan gora (zubia barne), 30 hilabeteko epearekin; bigarrena, Martuteneko zubitik uretan behera lanen amaiera punturaino, Lugañene zubia GI-131 errepidean, 12 hilabeteko epearekin.
Tamaina eta garrantzi handiko lanak
Ansolak obra horren garrantzia nabarmendu du “proposatutako bideratzeak 1.370 m hartuko ditu; egungo ibilguaren geruza mantentzen saiatuko da, kalterik sortu gabe, eta bere zabalera handitzen 0,00 kotatik hasita. Behin betiko zabalera gutxieneko 45 metrotik gehieneko 50 metrora izango da.
“Proiektatutako bideratze-jarduera horiek ibilgua gurutzatzeko egituretan egingo diren aldaketekin osatuko dira, hala nola: Martuteneko zubia, Pilar Auzoko pasabidea eta ibilguaren gainetik doan ur hornidurarako 1000 mmtako hodia” zehaztu du Ansolak.
Lan horien tamaina eta zailtasuna kontuan hartuta URAren zuzendariak eskatu du “auzoko bizilagunen ulermena lan horiek auzoaren egunerokotasunean sor ditzaketen eragozpenen aurrean, ezbairik gabe uholdeen aurrean ekarriko duen segurtasuna kontuan izanda”.
Hori dela eta Ansolak Donostiako auzo honetako bizilagunei gogoratu nahi izan die URAk martxan jarri dituela telefono bat 943.000.077 eta e-mail bat martutene@uragentzia.eus auzokideen informazio eskaerak jasotzeko.