Argitalpen-data: 2015/03/06
Mendialdean bazkatzen duten ardien gazta eta esnea nutrizio-kalitate handiagokoak dira
Horixe dio Euskal Herriko Unibertsitateko Lactiker Ikerketa Taldearen lan-ildoen arabera egindako eta Izaskun Valdiviesok defendatutako "Artzaintza-sistemaren eragina esnearen eta gaztaren kalitatean" izeneko nazioarteko tesiak.
Luis Javier Rodríguez Barrón eta Juan Carlos Ruiz de Gordoa irakasleek zuzendutako azterlanaren helburua zen ardien elikadura-mota ezberdinek lortutako esnearen eta gazten kalitatean duten eragina ezagutzea. Eta alderdirik deigarrienetako bat da ikerlanerako Idiazabal Jatorri Deiturako ardi latxen artalde komertzialak erabili direla, ikertzaileek artzainek euskal mendietan oraindik ere burutzen duten artzaintza tradizionalaren onurak ezagutzeko interesa zutelako.
Ikerketaren ondoren izandako emaitza izan da, mendiko artzaintza estentsiboko esnekiak nutrizio-kalitate handiagokoak direla, neguan haranean edo arditegietakoenak baino, gantz azido saturatu gutxiago eta osasungarritzat jotako gantz azido gehiago dituztelako.
Azterlan honetan nabarmendu beharreko beste alderdietako bat da artzaintza tradizionalaren aldeko alderdiak zientifikoki frogatzen direla, mendialdeko ekoizleen jarduera indartuz eta ekoizpen-sistemen iraunkortasunaren eta mantentzearen alde eginez.
Ildo honetan eta “Idiazabal gaztaren sektoreari lotutako produkzio ehuna suspertzeko” helburu nagusiarekin, martxoaren 5ean, osteguna, Idiazabal Gaztaren J.D.-ren 2015-2020 Plan Estrategikoa prentsaurrekoan aurkeztu zen. Bertan Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburu Bittor Orozek, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko zuzendari orokor Juan Pablo Rebolék eta Idiazabal Jatorri Izendapenaren lehendakari Jose Mari Ustarrozek, parte hartu zuten.
Argazkia: "CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Gobierno Vasco/Mikel Arrazola"