Argitalpen-data: 2015/07/02

Gazteak gainontzeko biztanleak baino neurri handiagoan identifikatzen dira euskararekin

Gazte gehiago sentitu dira diskriminaturik euskara erabili nahi izateagatik, ez jakiteagatik baino

Euskadiko gazteriak euskarari buruz dituen jarrera eta iritzi batzuk aztertu ditu Gazteen Euskal Behatokiak. Datu horiek orain dela egun batzuk kaleratu zituen Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak.

Aurkeztuko ditugun jarrerak hauexek dira: alde batetik, zein hizkuntzarekin identifikatzen diren gehien gazteak eta, bestetik, euskara erabili nahi izateagatik edo ez jakiteagatik izandako diskriminazio sentsazioa.

Biztanleriari zein hizkuntzarekin identifikatzen den gehien galdetzean, 18 eta 29 urte bitarteko gazteen heren batek euskara aipatzen du (% 34); hala ere, gehiago dira gaztelaniarekin identifikatzen diren gazteak (% 48). Beste % 16k hizkuntza biekin identifikatzen dela dio. % 1ek beste hizkuntza batekin identifikatzen da gehien eta gainontzeko % 2k ez du erantzunik eman.

Gazteak Euskadiko gainontzeko biztanleak baino neurri handiagoan identifikatzen dira euskararekin.

Diskriminazio sentsazioari dagokionez, gazteen % 17k euskara erabili nahi izateagatik (eta ezin) diskriminatuak sentitu direla diote (% 4 askotan eta beste % 13 noizean behin). Dezente gutxiago dira kontrakoagatik, hau da, euskara ez jakiteagatik, diskriminatuak sentitu diren gazteak (% 5).

Gainontzeko biztanleriarekin alderatuta, gazteak neurri handiagoan sentitu dira diskriminatuak euskara erabili nahi eta ezin izateagatik.

Datu hauek “Euskara. Jarrera eta iritziak” izeneko ikerketatik datoz. Ikerketa hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saileko Euskararen Aholku Batzordeak eta Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak elkarlanean egina da. Burutzeko Euskadiko Autonomia Erkidegoko 2160 biztanle elkarrizketatu dira, eta horietatik 453 lagun 18 eta 29 urte bitarteko gazteak dira.

Jarrai gaitzazue gizarte- sareetan!