Argitalpen-data: 2015/07/07

Gazteak eta 2015eko hauteskundeak

Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen erdiek baino gehiagok (% 59) maiatzean izandako udal eta foru hauteskundeetan interes handia edo dezenteko interesa izan dutela diote.

Gazteen interesa maila biztanleria osoak sentitutakoaren antzekoa izan da (% 56, batez beste).

Udal hauteskundeei dagokienez, gazteen erdiek baino gehiagok (% 58) diote bazutela hauteskunde jokaera (botoa eman ala botorik ez eman) erabakita hauteskunde kanpaina hasi baino lehen. Aitzitik, % 13k hauteskundeen egunean bertan erabaki zuen zer egin. Edozelan ere, % 90 konforme dago hartutako erabakiarekin.

Gazteek biztanleria osoak baino beranduago hartu zuten erabaki hori; biztanleria osoan % 67k, batez beste, botoa nori eman ala ez eman pentsatuta baitzuten hauteskunde kanpaina hasi baino lehen.

Urte bukaeran izango diren hauteskunde orokorrei begira, gazteek uste dute EAJ-PNV izango dela Euskadi mailan boto gehien lortuko duen alderdia (% 57). Hala ere, alderdi hori ez da gazteen aukerarik gustukoena, EH Bildu baizik (% 31). Atzetik geratzen dira EAJ-PNV (% 17) eta Podemos – Ahal dugu (% 14). Bestalde, gazteen ia heren batek ez du esaten zein aukera hobesten duen.

EH Bildu hobesten duten gazteen ehunekoak biztanleria osoan aukera hori aipatzen dutenen batez bestekoa (% 15) bikoizten du. Biztanleria osoan alderdirik gustukoena EAJ-PNV da (% 29).

Datu hauek Gazteen Euskal Behatokiak aztertu ditu, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak 2015eko ekainean egindako inkesta baten emaitzak oinarri hartuta. Emaitza horiek “Hauteskunde portaera” izenburuarekin uztailaren 3an argitaratutako txostenean daude.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!