Argitalpen-data: 2015/12/02

Euskadiko gazteen bi herenek ia ondo hitz egiten dute euskaraz

Ehunekoa % 24tik % 64ra pasatu da 25 urtetan

Euskararen eguna abenduaren 3an ospatzen dela-eta, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadin euskaraz hitz egiten ondo dakitela dioten gazteen ehunekoaren bilakaera aurkezten du.

2014an EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 64,4k dio ondo dakiela euskaraz hitz egiten. Ehuneko honek igoera nabarmena izan du azken 25 urteetan, 1989an % 24,4 izatetik 2014an % 64,4 izatera pasatu baita.

Igoera hori biztanleria osoan izandakoa baino askoz azpimarragarriagoa da.

2014ko datuei erreparatuz gero, ikus dezakegu 15 eta 19 urte bitarteko taldea dela euskara ezagutzearen ehuneko handien duena (% 81,6k ondo hitz egiten duela dio) eta ehunekoak behera egiten du adinean gora egin ahala: % 59,3koa da 20 eta 24 urte bitartekoen artean eta % 54,4koa 25 eta 29 urte bitartekoen taldean.

Euskaraz ondo hitz egiten dutela diotenen ehunekoa handiagoa da Gipuzkoan (% 74,8) Bizkaian baino (% 60,4) eta azken lurralde horretan Araban baino (% 53,6).

Lurraldeen arteko desberdintasun horiek biztanleria osoaren ezagutzari dagokionean ere ikus daitezke.

Dena dela, hiru lurraldeetan eta hiru adin taldeetan gehiengoa osatu dute euskaraz ondo hitz egiten dutela dioten gazteek.

Aztertutako datuak Bizi-baldintzen inkestatik datoz. Inkesta hori bost urtetan behin burutzen du Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak. Gazteen Euskal Behatokiak azterketa hau egiteko eskatu zizkion.

Gainera, Gazteen Euskal Behatokitik Poziktibity proiektua aipatu nahi dugu. Poziktibity euskararen erabilera sustatzea helburu duen proiektua da eta, dagoeneko, urtebete igaro da kontzeptua lehen aldiz zabaldu zenetik. Kontzeptu edo ideia soil bat baino, bizitza ulertzeko eta gozatzeko modu bat da Poziktibity.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!