Ertzaintzak pertsonak identifikatzeko lanetan elkarrekin jarduteko protokolo bat izenpetu du hiru hiriburuetako, Basauriko eta Sestaoko tokiko poliziekin
2015.eko otsailak 03
Hitzarmenaren bitartez, Ertzaintzak tokiko polizia-erakundeetara zabaldu du Estatuko eta autonomia-erkidegoetako poliziekin zein nazioarteko polizia-organismoekin duen lankidetza
Segurtasun Saileko eta udaltzaingoetako arduradunek gaur izenpetu duten udaltzaingoekiko lankidetza-protokoloak atxilotuak identifikatzeko prozedura osoa ezartzen du, gorputzek elkarri informazioa helarazteko sistema erregulatzen du eta Ertzaintzari aukera ematen dio udaltzainek ikerketetan bildutako aztarnak bere datu-basean eta estatuko eta nazioarteko polizien datu-baseetan egiaztatzeko.
Gaur egun, Ertzaintzak polizia-oharrei eta aurrekariei buruzko informazioa hainbat erakunderekin partekatzen ditu: Espainian, estatuko segurtasun-indar eta gorputzekin, Mossos D'Esquadra Kataluniako poliziarekin eta Nafarroako Foru Poliziarekin; Europan, Prümeko hitzarmena sinatu duten Europako herrialdeetako poliziekin eta Europol, eta munduko gainerako herrialdeei dagokienez, Interpolekin. Gaur Ertzaintzak eta EAEko udaltzaingo nagusietako bostek sinatutako protokoloak ia lankidetza-mapa osatzen du. Horri esker, datu-trukea azkarragoa izango da, delituen ikerketen eta egileen identifikazioaren mesederako. Euskadiko gainerako udaltzaingoek gutxika proiektuan parte hartzea aurreikusi dute.
Polizia-oharrak
Polizia-oharrak pertsona baten identitatea ezartzeko balio duten elementuak (balizko polizia-aurrekariak, aurrekari judizialak edo zigor-aurrekariak) biltzen dituzten diligentziak dira. Informazio horren helburua legez kontrako ekintzen ikerketan laguntzea da, horietan parte hartu duten pertsonen identitatea argitzeko eta partaidetza mota zehazteko.
Gaur egun, Ertzaintzak hainbat aplikazio erabiltzen ditu polizia-oharrak kudeatzeko, hala nola: Morpho-Afis (aztarna lofoskopikoak identifikatzeko sistema automatizatua), Sigma (epaitegiko irudiaren kudeaketa - argazki eta bideo informazioa) eta Inter-Afis, Ertzaintzaren, estatuko polizien eta Europako polizien datu-baseetan bateragarritasunak bilatzeko. Informazioa trukatzeko Ansi/Nist formatua erabiltzen da.
Erretratu robotak
Gaur sinatutako hitzarmenak, gainera, Ertzaintzaren erretratu roboten zerbitzua udaltzaingo sinatzaileen esku jartzen du. Tresna hori batez ere delitu larriak ikertzeko erabiltzen da, adibidez, hilketak, sexu-erasoak edo indarkeria erabiliz egindako lapurretak, baina beste kasu batzuk ikertzeko ere erabil daiteke. Ertzaintzaren polizia zientifikoa arduratzen da susmagarrien erretratuak sortzean, biktimen eta lekukoen testigantzetan oinarrituta. Erretratua atxilotuen polizia-fitxekin alderatzen da eta unitate guztiei banatzen zaie susmagarriak bilatzen lagun dezaten.