Argitalpen-data: 2015/10/26

Erakurleak: eLiburutegiaren irakurketa talde digitala martxan da berriro

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak bere gain hartuta, ibilbide berrian euskal irakurzale guztiengana zabaldu da taldea

Kideen bilgune, blog berria dauka irakurketa komunitateak: erakurleak

Katixa Agirre idazlearekin aurrez-aurreko saio berezia egingo du e-rakurleak taldeak bihar Donostian

 

Aurtengo ikasturtean proiektua Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak bere gain hartu ondoren, martxan da berriro e-Liburutegiko euskal literaturaren irakurketa talde digitala, erakurleak, Euskal Idazleen Elkartearekin lankidetzan. Iazko ikasturtean jarri zen taldea martxan Donostian, baina e-Liburutegiaren plataformak eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak eskaintzen duten aukera baliatuz, euskal literatura irakurtzeko zaletasuna duen ororengana zabaldu da orain erakurleak irakurketa taldea.

Bloga izango da taldearen etxea eta bilgunea, eta bertan jasoko da egitasmoarekin zerikusia duen guztia. Hona hemen esteka: http://liburutegiak.blog.euskadi.net/e-rakurleak/

Aldi berean Twitter eta Facebooken ere jarraitzerik izango da. Hilero liburu bat irakurriko da (dagoeneko blogean proposatua dago zerrenda), eta horri buruzko iruzkin eta iritziak sare sozialen bidez nahiz blogean bertan partekatuko dituzte kideek. Erakurleak taldeak ikasturte honetan irakurriko dituen liburuak kontsultagarri daude blogean eta dagoeneko hasiak ere bai urriko liburuari buruz hizketan. Hasteko, Katixa Agirreren ipuin-liburu bat izan da aukeratua: Sua falta zaigu (Elkar, 2007). Ikasturte honetarako gainerako e-rakurketak, hauexek:

  • AZAROA: Zergatik panpox. Arantxa Urretabizkaia (Erein)
  • ABENDUA: Bitartean heldu eskutik. Kirmen Uribe (Susa)
  • URTARRILA: Gerezi denbora. Inazio Mujika (Alberdania)
  • OTSAILA: Kondenatu baten azken eguna. Victor Hugo (Elkar)
  • MARTXOA: Beti oporretan. Harkaitz Cano (Susa)
  • APIRILA: Gasolindegia. Yurre Ugarte (Alberdania)
  • MAIATZA: Kristalezko begi bat. Miren Agur Meabe (Susa)
  • EKAINA: Laura kanpoan da. Jabier Muguruza (Erein)

Erakurleak taldean izena emateko nahikoa da harremanetarako helbidera mezu bat bidaltzea. Bertan azalduko diote erakurle izan nahi duen orori nola parte hartu: erakurleak@gmail.com

Katixa Agirrerekin aurrez-aurreko saioa eta solasaldia

Irakurketa talde digitala izanik ere, lehen irakurketarentzat, sare sozialen bidez egingo diren komentario, iritzi trukatze, eta abarrez gain, aurrez aurreko saio berezia antolatu da biharko. Urriaren 27an, arratsaldeko 19:00etan Donostiako Liburutegiko ekitaldi aretoan, San Jeronimo kaleko aretoan. Egun horretan, e-rakurleak eta e-dazlea bilduko dira; Katixa Agirrerekin izango den solasaldi honetara edonor joan daiteke.

Katixa Agirre, eta Sua falta zaigu lanaren azala