Argitalpen-data: 2015/06/26

Ekainaren 28a, LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Eguna

Euskadiko gazte gehienak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren alde eta sexu aldaketa legalaren alde daude

Ekainaren 28an LGTB (lesbiana, gay, transexual eta bisexualak) Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak aditzera ematen ditu gai honi buruzko datu batzuk. Datuok Euskadiko gazteak bildumaren azken ikerketatik datoz. Ikerketa hori Gazteen Euskal Behatokiak egin eta kaleratu zuen eta burutzeko Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko 1500 gazte elkarrizketatu zituen.

Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazte gehienak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren alde agertu dira (% 87), baita sexu aldaketa legalaren aldekoak ere (% 81). Datuok 2008an izandakoen antzekoak dira.

Adinaren arabera alde nabarmenik antzematen ez bada ere, esan beharra dago sexuaren arabera badaudela alde aipagarriak: emakume gazteek gizon gazteek baino neurri handiagoan defendatzen dute bai sexu bereko pertsonen arteko ezkontza (emakumeen % 92 eta gizonen
% 82), baita sexu aldaketa legala ere (% 88 eta % 74, hurrenez hurren. Ondoriozta daiteke, beraz, identitate sexualari buruzko jarrerak irekiagoak direla emakume gazteen artean, gizon gazteen artean baino.

Bestalde, Euskadiko gazteak espainiakoak baino neurri handiagoan azaldu dira sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren aldekoak; Espainiako gazte gehienak, % 77, alde badaude ere, ideia bera duten Euskadikoak baino gutxiago dira.

Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen sostenguari eta legezko sexu aldaketaren sostenguari buruzko adierazle hauek Gazteen Adierazleak 2013 ikerketan kontsulta daitezke, “Balioak eta jarrerak” atalean, hain zuzen ere.

Gazteen Euskal Behatokiak gazteriaren egoerari buruz eginiko ikerketa zabal horren adierazle bi baino ez da horiek. Ikerketan 111 adierazle biltzen dira; batzuk Behatokiak berak egindako azterlanetatik datoz eta beste batzuk iturri estatistiko ofizialetatik.

Guztia batuz gazteen egoerari buruzko panoramika zabala eskaintzen du, eta Euskadiko biztanleria osoarekin alderatzeaz gain, Espainia eta Europar Batasuneko gazteen egoerarekin ere konparatzen ditu.

Bertan agertzen den informazioa lau formatu ezberdinetan aurkezten da:

  • Laburpen exekutiboa (pdf, 238 kb), aztertutako adierazle guztien informazioa laburbiltzen duen testu laburra.
  • Gazteen Adierazleen Panela (pdf, 263 kb), ikerketa osatzen duten 111 adierazleen informazioa biltzen duen laburpen-taula.
  • Adierazleen fitxak (pdf, 973 kb), oinarrizko 64 adierazleei buruzko informazioa.
  • Datu base interaktiboa (pdf, 241 kb). Grafikoak eta mapa interaktiboak egiteko aukera ematen du eboluzioa aztertzeko, alderaketak egiteko eta 111 adierazleak aldagai ezberdinen arabera aztertu ahal izateko.

Jarrai gaitzazu gizarte sareetan!