Vitoria-Gasteiz. 15/02/06- Euskalmet-Meteorologiako Euskal Agentziak iragarri duenez, azken hiru egunetan EAE jo duen denboraleak indarra galduko du gaur iluntzetik aurrera eta, batez ere, asteburuan, baina prezipitazio txikiak egingo ditu larunbata goizaldean eta goizeko lehen orduetan.
Oraingoz, Segurtasun Sailak alerta laranjari eutsiko dio gaur, ostirala, egun osoan elurragatik. Aldiz, bihar, larunbata, 00:00etaik 15:00etara, elurragatiko alerta horia izango da.
Hobera egingo duen arren, Euskalmetek ohartarazi tenperatura baxuak eta hotza nagusituko direla asteburu osoan.
Gomendioak
EAEko mendietan elurtza handiak pilatu direnez, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak gailur garaienetan ez ibiltzea gomendatzen du, ezta mendi-lepoetan ere, eta aire libreko edozein jarduera egin aurretik iragarpen meteorologikoak kontsultatzea.
Ildo beretik, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ohartarazi du elur-jausiak gerta daitezkeela pendiza handiko guneetan, arrisku handia eraginez. Kontuan hartu behar da elur-geruza lodian barrena ibiltzea neketsua dela oso eta, horrenbestez, elurretan ibili nahi duenari, garaiera baxuagoko lekuetara joatea gomendatzen zaio, hala nola autobabeseko neurri beharrezkoak hartzea; beti lagunen batekin eta behar bezala prestatua joatea.
Halaber, premiazkoa da telefono mugikorra eramatea, bateria erabat kargatuta, hala nola Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak herritarrei eskainitako bilaketa-aplikazio doakoa erabiltzea. Halaber, gogorarazten du larrialdi guztiak artatzeko telefonoa bat eta bakarra dela: 112.
Kontuan hartu behar da elurra dagoen tokitan tenperatura zerotik gora igo bezain laster elurra bera urtu egingo dela, baina gauez izoztu, eta, ondorioz, erorikoak izateko arriskua egongo dela. Horregatik, arreta handiz ibiltzea gomendatzen da, elurretan eta izotzetan ibiltzeko oinetako egokiak jantzita.
Mendiguneetako agintari eskudunen jarraibideak bete eta obeditzea gomendatzea da.
Azkenik, gogora ekarri nahi da mota honetako egoeretan tximiniak, sutontziak etab. erabiltzeagatik suteak gertatzen direla. Horrenbestez, etxeetan eta baserrietan halakorik erabiliz gero, tentu handiz erabiltzea aholkatzen da.
Oharra: Eguraldi iragarpenak eta abisuak Euskalmeten bidez jarraitzea gomendatzen da (http://www.euskalmet.net). Abisuen kasuan, jarraipena Twitter bidez egitea aholkatzen da (@Euskalmet).