Argitalpen-data: 2015/03/09
Bilbao-Basurto ESIko dermatologoek "Dermatólogos desde el corazón" saria irabazi dute
"Dermatólogos desde el corazón” ekimena Espainian azaroan bigarren aldiz eginda, La Roche-Posay Fundazioak 10.000 euroko diru-laguntza eman zion proiektu irabazleari. GEDET Dermatologia Estetikoaren XXVI. Biltzar Nazionalean izan zen.
“Dermacamp” proiektua Rosa Izu Belloso dk. Bilbo-Basurtu ESIko dermatologoak lideratzen du, eta horren helburua da udaleku bat antolatzea larruazaleko patologia jakin batzuk (dermatitis atopikoa, psoriasia, bitiligoa) edo zainketa bereziak eman beharrekoak dituzten haurrentzat. 2015ean abiaraziko den proiektu honen bidez, aukera eman nahi zaie haur horiei euren patologia era hezigarrian eta ludikoan ezagutu eta tratatzeko, dermatologoek zuzendutako tailerrak eginda.
"Dermatólogos desde el corazón" nazioarteko ekimena da, eta helburu du pazientearen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako proiektu dermatologikorik onena saritzea.
Epaimahaia hau izan zen: José Carlos Moreno dk. (AEDVko presidentea), Elia Roo dk. ( AEDVko Kosmetika Taldeko presdentea), Salvio Serrano dk. (dermatologoa eta AEDVko kidea), Álex Camps dk. (dermatologoa eta AEDVko GKEen eta Gizarte Erantzukizunaren arduraduna), Francisco J. Fernández (Diario Médico eta Correo Farmacéutico-ko zuzendaria), Germán Granda (Forética Taldeko presidentea) eta Pablo Martín (Media Responsable-ko zuzendaria). Proiektu irabazle bakarra hautatu behar izan zuten, Espainian aurten 48 medikuk aurkeztutako 30 proiektuen artean.
Proiektu irabazlea ebaluatzeko, honelako irizpideak hartu ziren kontuan: originaltasuna, sormena, metodoaren interesa eta helburua, pazienteen bizi-kalitatearen gaineko eragina eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa.
Ikerketa dermatologikoa
La Roche-Posay Fundazioa 1995ean sortu zen, ikerketa dermatologikoa bultzatzeko medikuntza klinikoan, biologian eta farmakologian. Urtero, Fundazioak diru-laguntzak ematen dizkie hiru kontinentetako (Europa, Amerika eta Asia) dermatologo gazteek aurkeztutako ikerketa-proiekturik onenei. Dagoeneko, ehun ikerketa-taldek baino gehiagok jaso dituzte diru-laguntzak, eta horrek lana finantzatzen laguntzen die.