Argitalpen-data: 2014/07/07
Ostegunean bukatzen da epea Arriagako Atea kaleko alokairuko 79 zuzkidura-bizitokiak eskuratzeko
Ostegunean, uztailak 10, bukatzen da epea Arriagako Atea kaleko alokairuko 79 zuzkidura-bizitokiak eskuratzeko. Sustapen honetan parte hartzeko interesa duten pertsonek data hori arte dute izena emateko: www.etxebide.euskadi.net web orrian edo Zuzenean zerbitzuaren bitartez.
Etxebizitzek 39 m² eta 58,90 m² bitartean dituzte; hori dela eta, gehienez ere sei kidez osatutako bizikidetza-unitateek parte har dezakete. Etxebizitzetako bi egokituta daude mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsona desgaituentzat.
Arriagako Ateko zuzkidura-bizitokietarako sarrera gehienez ere bost urterako izango da, eta eskatzaileek kanon bat ordaindu beharko dute hilero; kanonak ezingo du gainditu bizikidetza-unitatearen diru-sarrera haztatuen % 30.
Esleipen-prozeduran parte hartu ahalko dute Gasteizen alokairuko etxebizitza bat eskatu dutenek, baldin eta titularretako bat Araba Erdialdeko eskualde egiturako udalerriren batean erroldatuta badago. Gainera, egiaztatu beharko da 2012. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ez direla 3.000 euro baino txikiagoak, ez eta 39.000 euro baino handiagoak ere. Zuzkidura-bizitokiak libre geratuko balira, Gasteizko eskualde egiturako udalerriren batean erroldatutako pertsona edo bizikidetza unitateen artean esleituko dira.
Esleitzeko prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira zuzkidura-bizitokiak (erregistroan duten antzinatasuna, diru-sarrerak, errolda, etab.).
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak gogorarazten du esleipen bati uko egiteak Etxebideko Erregistroan baja ematea dakarrela, eta uko egin duenak debekatuta duela bi urteko epean izena ematea.
Sustapen honetan parte hartzeko bete beharreko eskakizunei buruzko informazioa eskuratzeko, kontsultatu www.etxebide.euskadi.net webgunea edota deitu 012 telefonora.