Argitalpen-data: 2014/11/03
La Caixak eta Caja Rural Navarrak ekintzaileei mikrokredituak eskuratzea errazten dien jaurlaritzaren planarekin bat egin dute
Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok eta La Caixako eta Caja Rural Navarrako Euskadiko lurralde-zuzendari Juan Pedro Badiolak eta Josu Aretxabalak, hurrenez hurren, lankidetzahitzarmen bat sinatu dute gaur ekintzaileei mikrokredituak emateko. Horren bidez, enpresa txiki eta ertainak sortzea bultzatu eta lagundu nahi da, finantzaketa- baldintzak hobetuta.
Bi erakundeek ekimen berri honekin bat egitea erabaki dute. Horren bidez, bada, 50.000 eurora arteko kredituak emango dituzte abalik aurkeztu beharrik izan gabe. Gauza bera egin zuten Kutxabankek eta Laboral Kutxak joan den hilabetean. Kredituetatik eratorritako interesen zati bat Eusko Jaurlaritzaren kontura izango da; izan ere, 800.000 euroko partida bat gorde du merkatua eta
ekintzaileak eskatzen ari ziren produktu hori finantzatzeko. Hartara, finantzaketa lortzeko zailtasunei erantzun nahi izan zaie.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eskerrak eman dizkie bi lurraldezuzendariei beren erakundeek enpleguaren alde emandako laguntzagatik eta egindako ekarpenarengatik. "Administrazioa –adierazi du– ekintzailetza sustatzea xede duten ekimenak sustatzen ari da aspaldi, batik bat ekintzaileei beren negozio-ideiak lantzen eta beren proiektuak bideragarritasun- eta abiarazte-proiektuekin osatzen laguntzen dietenak. Baina finantzaketan lagunduko zien ekimen bat falta genuen. Finantzaketa, bada, zaila da mesfidantza-garai hauetan, baina oso beharrezkoa da ekonomia suspertzeko bidean aurrera egiteko, kontsumoa bultzatzeko eta, azken batean, enplegua sortzeko. Eta hori da gaur aurkezten dugun produktua».
La Caixako lurralde-zuzendariak nabarmendu du ekimen hau garrantzitsua dela, proiektu berritzaileak abiarazteko aukera emango duelako, ekintzaileentzako finantzaketa-eskaintza baten bitartez, jarduera ekonomikoa bultzatzeko. Badiolak azpimarratu du sistema mikrofinantzarioak mikrokreditu baten bitartez finantzaketa beharko luketen ekintzaile, mikroenpresari eta autonomoen beharretara egokitu behar duela. «Mikrofinantzetako jarduera oso espezializatu hori egiteak aukera ematen digu kudeaketa-eraginkortasuna hobetzeko eta, aldi berean, gizarte-eragin handiko jarduera ekonomiko bat egiteko».
Bestalde, Caja Rural Navarrako lurralde-zuzendari Josu Aretxabalak adierazi du Caja Rural Euskadin bulego-sare handia duen toki-erakundea dela, eta bere ildo estrategiko garrantzitsuetako bat ekintzaileen sektorea laguntzea dela. «Erakundeak 800 enpresa baino gehiago lagundu ditu 2007az geroztik. Urte horretan garatu genuen, bada, Inicia ildoa, sektorea laguntzeko berariazko
zerbitzu bat», nabarmendu du Aretxabalak.