Argitalpen-data: 2014/09/02
Kantauri Itsasoa eta Ebro Ibaiaren arteko besarkada Arabar Errioxan
Ardoaren eta Mahastien Paisaia Kulturalaren hautagaitzari babesa erakusteko ekitaldia

Eguna: Irailaren 4a
Ordua: 9:00etan
Lekua: Valdelana ardo-upeltegiaren parean (Eltziegon)
"Saltillo" EHU/UPVko eskola-ontziko eskifaiak, Kayak Surf Euskadiko selekzioak -mundu mailan hirutan izan da txapeldun- eta Peio Ruiz Cabestany kirolariak Ebro ibaiko urak zeharkatuko dituzte kayaken Eltziegotik Lapuebla de Labarcara, Arabako Errioxari babesa erakusteko, inguru horretako Ardoaren eta Mahastien Paisaia kulturala Gizateriaren Ondare izateko hautagai baita.
Kantauri Itsasoaren eta Ebro ibaiaren arteko besakada sinboliko hori da Eusko Jaurlaritzak (Kultura eta Nekazaritza), Goardia-Arabako Errioxako Kuadrillak eta Arabako Foru Aldundiak abian jarritako ekintzetako bat, "Errioxa eta Arabako Errioxako ardoa eta mahastiak paisaia kultural" izendatzeko hautagaitza gizarteratzeko, babesteko eta bultzatzeko; izan ere, hemendik gutxira "in situ" balioetsiko baitu UNESCOk, Gizateriaren Ondarearen zerrendan sartzea erabakitzeko.
Kayak jaitsiera hori Lapueblakayaks.es (www.lapueblakayas.es) enpresako Sergio Texeirak zuzenduko du. Goizeko 9ak aldera abiatuko dira Eltziegoko ontziralekutik, eta bi orduko ibai-ibilaldiaren ondoren, mahasti eta upategiak bistan direla, Lapuebla de Labarcara iritsiko dira, non harrera egingo dien bertako udalak.
Guztira, 12 kayakek egingo dute ibilaldia: 8 Saltilloko eskifaiak gidatuko ditu, Mikel Lejarza kapitaina buru dutela. Saltillo antzinako belaontzi bat da, 1932an eraikia. Handik bi urtera Pedro Galindez enpresaburu bizkaitarrak erosi zuen. 1946tik 1963ra arte Galindezek errege-familiari utzi zion belaontzia, erabil zezan. 1968an Galindezek Nautika eta Itsas Makinen Eskolari eman zion. Berritu eta berriz uretaratu zuten 1998an, eta EHU/UPVren eskola-ontzia da gaur egun.
Saltilloko eskifaia euskal kostaldeko portuetan zehar udan egin ohi duen itsasaldia ari da egiten egun hauetan, eta Bermeotik etorriko da Arabako Errioxara, sinbolikoki garai bateko Ardoaren eta Arrainaren Bidea (Bermeo-Oion) irudikatu nahian, gure arbasoek Erdi Arotik egin izan duten eran.
Beste hiru ontziak Kayak Surf Euskadiko Selekzioko kirolariek gidatuko dituzte, zeinak mundu mailan hirutan izan diren txapeldun: 2013an (Australia), 2011n (AEB) eta 2007an (Bakio).
Eta txirrindularitzan hainbeste garaipen garrantzitsu lortu dituen Peio Ruiz Cabestany txirrindulari, kirolari eta enpresaburu donostiarrak ere hartuko du parte kayak jaitsiera honetan.