Argitalpen-data: 2014/05/15
Hamar gaztetik bederatzik uste dute sexu bereko gurasoak dituzten seme-alabadun familiak egokiak direla
Mota horretako familien gaitzespena txikiagoa da gazteen artean, biztanleria osoan baino
Maiatzaren 17a Homofobiaren eta Transfobiaren Nazioarteko Eguna dela-eta, bikote homosexualek eta seme-alabek osatutako familiak gazteen artean zein neurriraino dauden normalizatuta aztertu nahi izan du Gazteen Euskal Behatokiak.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak otsailean egindako “Familia EAEn” ikerlanaren emaitzak aztertu dira. Ikerlanaren abiaburua Euskadiko gizarteari eginiko inkesta bat da. Bertan, besteak beste, zera galdetzen zen: ea egokitzat edo desegokitzat jotzen zen bi emakumek nahiz bi gizonek osatutako bikoteak eta seme-alabek eraturiko familia.
Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 89ren iritziz, egokiak dira bi gizonek edo bi emakumek osaturiko bikoteek eta seme-alabek eraturiko familiak. Bi kasuetan, % 8 dira familia-mota horiek desegokitzat hartzen dituzten gazteak. % 3k ez dute iritzirik eman.
Datu hauek eta biztanleria osoarenak alderatuz gero, konproba dezakegu familia-modu horien onarpen-maila handiagoa dela gazteen artean. Izan ere, 15 puntuko aldea dago, gutxi gorabehera, 18 urtetik gorako adina duten biztanleen kopuru osoarekin konparatuta.
