Argitalpen-data: 2014/07/09
Eusko Jaurlaritzak euskal kooperatibismoarekin eta bere balio enpresarial eta sozialekin duen konpromisoa berritu du
Enplegu eta Gizarte Politiketako saila.
Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute sektorea sustatzeko.
Juan Maria Aburtok gaur Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren izenean sinatutako akordioak, euskal administrazioak kooperatiboei emandako sostengua islatzen du, eta, Aburtok berak nabarmendu duen bezala, «kooperatibismoak euskal ekonomiaren bultzatzaile bezala jokatzen duen papera aitortzen du, baita balio enpresarial, sozial eta komunitarioak garatzeko egiten duen ekarpena ere».
Kooperatiben izenean, Javier Goienetxea Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak eta Maria Ubarretxena Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidenteak sinatu dute akordioa.
Aburtok etorkizunera begira ere bere ibilbide luzean «kalitatezko enplegua sortu eta mantentzeko gaitasuna» frogatu duen enpresa eredu honen alde egin du, Eusko Jaurlaritzak «herri honekin eta bere errealitatearekin koherentea den politika kooperatiboa» modu eraginkorrean sustatzen jarraitu nahi duela azpimarratuz.
Hitz horiekin bat eginez, Goienetxearen iritziz, hitzarmenaren sinatzaileek «Euskadiren garapen ekonomiko eta sozial jasangarria sustatzeko ahalegina» egiteko konpromisoa hartu dute, «politika planifikatu eta koordinatu batekin» kooperatiba eta lanpostu berriak sustatuz eta merkataritza sozietateak kooperatiba bihurtzea lagunduz.
Akordioak, era berean, kooperatibismoa bultzatzeko egun dauden finantza bitartekoak indartzea aurreikusten du, baita «ingurumen lehiakor globalizatu batean hedatzeko» formula berriak garatzea ere.
Azkenik, sinatzaileek kultura kooperatiboa gizarte kohesioko elementu gisa bultzatzea zein gobernu oneko kodeak indarrean jartzea hitzartu dute (jasangarritasun kodeak, jardunbide egokiak, eta abar), baita emakumeen enplegua sustatzea ere.