Argitalpen-data: 2014/11/11

Euskadin lau gaztetik hiru eutanasiaren alde daude

Espainian, legerian ez da aurreikusten, ez eta ezartzen ere eutanasiari buruzko berariazko erregulazio osaturik, eta horrelako portaerak aipatzen dituen arau-testu bakarra Zigor Kodea da; zehapen zigorgarria dagoela aipatu baino ez du egiten. Hainbat mugimendu sozial eta politikok, hain justu, eutanasia despenalizatzea eskatzen du.

Eutanasiari buruz zer pentsatzen duten galdetu diegu gazteei eta EAEko lau gaztetatik hiruk (% 73) esan du gaixo sendaezin bati hiltzen laguntzearen aldekoa dela, baldin eta gaixoak eskatzen badu. % 17 kontra dago eta gainerako % 10ak ez du iritzirik eman.

Datuok Euskadiko gazteak 2012 txostenatik datoz. Txosten hori Gazteen Euskal Behatokiak burutu du 2012an eginiko inkesta batean 15 eta 29 urte bitarteko gazteek emandako erantzunak oinarri hartuta.

Eutanasiaren aldeko jarrerak behera egin du azken urteotan: 2008an % 82 eta 2012an % 73. 2008ko inkesta hauteskundeen atariko sasoian egin zen eta gai hori (eutanasiaren despenalizazioa) eztabaida politikoan agertu zen; beraz, agian horrek gaiari buruzko hausnarketa eragin zuen gazteen artean eta 2012ko inkesta egitean ez zen horrelakorik gertatu.

Eutanasiaren alde daudenak gehiago dira mutilen artean nesken artean baino (% 76 eta % 70, hurrenez hurren).

Bukatutako ikasketa-maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da eutanasiaren alde daudenen ehunekoa (% 78 goi-mailako ikasketak dituztenen kasuan).

Ezkerreko direla dioten gazteek eskuineko edo zentroko direla diotenek baino gehiago defendatzen dute eutanasia (% 84 eta % 68, hurrenez hurren).

Erlijioari dagokionez hartutako jarrerak ere alde garrantzitsuak eragiten ditu eutanasiari buruz. Honako hauek eutanasiaren alde daude: gazte ateoak (% 81), Jainkoarengan bai baina erlijioetan sinesten ez dutenak (% 80), agnostikoak edo indiferenteak (% 79) eta katoliko ez-elizkoiak (% 70). Katoliko elizkoi edo praktikanteen artean, ez dago jarrera nagusi bat baina gehiago dira eutanasiaren alde daudenak (% 48), kontra daudenak baino (% 41). Azkenik, katolikoa ez den beste erlijio bateko sinestunak eutanasiaren kontra daudela esan dezakegu, alde baino gehiago (% 47 kontra eta % 37 alde).

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!