Argitalpen-data: 2014/10/30

Euskadiko hamar gaztetik zazpik herritarren parte-hartze handiagoa aldarrikatzen dute bake eta bizikidetza prozesuan

Gazteen Euskal Behatokiak 18 eta 29 urte bitarteko gazteek bake prozesuari buruz dituzten iritziak aztertu ditu, baita Euskadiko biztanleria osoaren iritziekin alderatu ere. Horretarako Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak burututako 54. Euskal Soziometroa – Bakea eta bizikidetza izeneko ikerketaren datuak hartu ditu oinarri.

Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen erdiek (% 53) uste dute bake prozesua geldirik dagoela. Nahiz eta heren batek soilik uste duten prozesua aurrera doala (% 32), portzentaje hori biztanleria osoan jasotakoa baino handixeagoa da, biztanleria osoa pixka bat eszeptikoagoa baita aurrerapenekiko.

Gazteen ustez, bake prozesuak aurrera egin ahal izateko gehien lagunduko luketen ekimenak hauexek izango lirateke: ETAk armak entregatzea eta erakundea desegitea, alde batetik, eta, bestetik, presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzea (% 39ren eta % 37ren ustez, hurrenez hurren). Bake prozesuak aurrerapenak izateko aipatutako ekintzen artean, Eusko Legebiltzarreko indar politiko guztiak Bake eta Bizikidetzaren ponentziaren inguruan ados jartzea litzateke hirugarren ekimen inportanteena (gazteen % 28k aipatua).

Bai ETAk armak entregatzea eta erakundea desegitea, baita Eusko Legebiltzarreko ponentziaren inguruko adostasuna ere pixka bat gutxiago aipatu dituzte gazteek biztanleria osoak baino; eta, aitzitik, gazteek biztanleria osoak baino gehixeago aipatu dituzte ondoko ekimenak: polizia-gehiegikeriengatik sortutako mina aitortzea (% 13), Ezker Abertzalearen inguruko pertsonak atxilotzeari uztea (% 11) eta tortura kasuak gehiago ikertzea (% 11).

Gainera, prozesu honi dagokionez, gazteak oso ados edo nahikoa ados daude ondoko iritziekin: biktima guztiekin egin behar da justizia, bai ETAk sortutakoekin eta baita polizia indarkeriak sortutakoekin ere (eta horrela deritzo gazteen % 93k); argitu gabe dauden atentatu eta giza eskubideen urraketa guztiak argitu behar dira, edonork eragin dituela ere (% 91 ados); ETAk aitortu egin behar du biktimei sortutako mina (% 87); eta ez da egon behar ez garaiturik ez garailerik (% 82).

Iritzi horiekin ados daudenen portzentajeak antzekoak dira gazteen artean eta biztanleria osoaren artean, baina gazteek adostasun handixeagoa adierazi dute biktima guztiekin egin beharreko justiziarekin (% 93 gazteen artean eta % 87 biztanleria osoan).

Bestalde, hamar gaztetik zazpik (% 71) uste dute herritarrak orain baino modu aktiboagoan inplikatu behar direla bakea eraikitzen, eta ez utzi ardura osoa alderdi politikoei. Gazteek biztanleria osoak (% 63) baino neurri handiagoan aldarrikatzen dute herritarren parte-hartzea.

Herritarren partaidetza handiagoa aldarrikatzen dutenei nahikoa bide ote dauden parte hartzeko galdetu zaienean, gazte horien %71k ezetz erantzun dute, beharrezkoa dela ekimen berriak martxan jartzea.

Ildo horretatik, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) “Bakeahots” izeneko ekimena jarri du martxan. Kontseiluaren hitzetan “gazte guztiek eta gazteriarekin lan egiten duten taldeek Euskadiko bake eta bizikidetzaren inguruko euren testigantzak, esperientziak eta ikuspuntuak hainbat disziplina artistikotan (arte grafikoak, ikus-entzunezkoak, pintura, eskultura, argazkilaritza eta literatura) elkarbanatzeko tokia”, espacio birtuala da Bakeahots.

Bukatzeko, esan beharra dago lau gaztetik hiruk (% 76) datozen urteetan Euskal Herrian bakea egonkortuko denaren itxaropena dutela. Portzentaje hori nabarmen igo da aurreko urteetatik hona (% 54koa baitzen 2002an eta % 58koa 2005ean).

Jarrai gaitzazu sare-sozialetan!