Argitalpen-data: 2014/05/21
Donostiako Bellas Artes eraikina, Kultur ondasun
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Donostiako Bellas Artes eraikinari Kultura Ondasun izendapenarekin babesa emateko erabakiaren berri ematen du, 1990eko Kultur Ondarearen Euskal Legean aurreikusitakoaren arabera. Babes maila honek eraikina botatzea galaraziko du, eta berau ondorengo belaunaldiengana transmititzea ahalbidetuko du.
Eusko Jaurlaritzak azaldu zuen 2013ko ekainean, Donostiako PEPUC planaren (Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren) hasierako onespenari buruzko txostenean, bere ustea zein den: Bellas Artes eraikinak badituela bere babesa justifikatzen duten balio kulturalak. Beraz, aipaturiko txostenarekin koherentzian, Eusko Jaurlaritzak Bellas Artes eraikina babesteari ekingo dio. Horretarako, hiriko eragile publiko eta pribatuekin elkarrizketa eta elkarlan prozesu bat ezarriko du, eraikinaren babesa eta etorkizuneko bideragarritasuna bermatzeko asmoz.
Gogorarazi beharrekoa da, Eusko Jaurlaritzak PEPUC planaren hasierako dokumentuaz egindako proposamenetako batzuk, eta 2013ko aipatu txostenean ageri direnak, Donostiako Udalak berriki onartu duen behin betiko dokumentuan jasoak gelditu direla. Honen ondorioz, PEPUC planaren behin betiko dokumentuak aldatu egiten du Bellas Artes eraikinari emandako babesa, baina oraindik ere ez da nahikoa ondasun horren babesa bermatzeko.
Prozesu honetan zehar, egiaztatu ahal izan da ondasun hau hobeto babestearen aldeko jarreretaranzko bilakaera bat izan dela hirian. Alde horretatik, agerian geratu da
iragan den denbora hau guztia ondarea balioesteko prozesua izan dela, eta horrek borondateak hobeto bateratzea ahalbidetu duela. Garrantzi handiko gertaera izan da hori, desiragarria baita ondasun baten izendapena eta babesa haren balio kulturalaz eta babes-beharraz elkarrekin egindako hautematearen emaitza izatea.
Ondasun baten izendapena, erkidego bat aberasten duen gertaera positibo gisa ulertu behar da, eta ez haren garapena eta aurrerabidea oztopatzen duen inposaketa legez.