Argitalpen-data: 2014/11/21

2013an, 15 eta 29 urte bitarteko 1138 emakume genero-indarkeriaren biktima izan ziren EAEn

Indarkeria sexistaren biktima izandako emakume guztien ia herena osatu zuten 15 eta 29 urte bitartekoek

Emakumearen Euskal Erakundeak, Emakundek, emandako datuen arabera, 2013an, 3974 emakume genero-indarkeriaren biktima izan ziren Euskadin. Horietatik, 1138, 15 eta 29 urte bitarteko adina zuten; hau da, guztien % 29a.

Adin-taldeei erreparatuz gero, biktimen % 7 (254, guztira) 15 eta 19 urte bitartekoak ziren; % 10 (405 emakume), 20 eta 24 urte bitartekoak eta % 12 (490 emakume) 25 eta 29 urte bitartekoak ziren.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen tasek (adin-talde bereko 1000 emakumeko kalkulatuak) zera islatzen dute: 15 eta 29 urte bitarteko adin-taldeko tasa 30 urtetik gorakoenaren halako bi dela (‰ 7,7  eta ‰ 3,4, hurrenez hurren). Bizkaia da genero indarkeriaren biktima izandako emakume gazteen tasarik altuena duen lurralde historikoa.

Arestian ikusi dugun bezala, EAEn genero indarkeria dela-eta 2013an salaketak jarri zituzten emakumeak 1138 izan ziren. Baina indarkeria hori ez da beti esparru berean gauzatzen.

Hartara, zera ikusten dugu: 1138 emakumeetatik, % 74k bikotekidearen edo bikotekide ohiaren eskutik jasan zutela indarkeria; % 16k familiaren barnean baina ez bikotekideak edo bikotekide ohiak eragina; eta % 10 sexu-askatasunaren aurkako delituen biktima izan zirela.

Datuok eta beste hainbat Gazteen Euskal Behatokiaren estatistiketan kontsulta daitezke, Balioak eta jarrerak atalaren Emakumeenganako indarkeria azpiatalean, hain zuzen ere.

Gazteen Euskal Behatokiak Beldur Barik egitasmoa zabaltzen lagundu nahi du. Egitasmo hau Emakundek eta Eudelek sustatzen dute, berdintasunaren aldeko Berdinsarea udal-sarearen baitan, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundien babesa eta diru-laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, EHU-Euskal Herriko Unibertsitatearen eta EITB lankidetzarekin.

Egitasmoaren helburua gazteen artean indarkeria sexista prebenitzea da. Programaren osagai nagusienetako bat ikus-entzunezko adierazpen artistikoak saritzen dituen lehiaketa da, 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua. Adierazpen horietan, neskek eta mutilek erakusten dute emakumeenganako egungo desberdintasun-egoerari nola egiten dioten aurre, errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, ardurakidetzan eta indarkeria sexistaren gaitzespenean oinarrituta..

Beldur Barik ekimenari buruz gehiago jakin nahi baduzu, jo ezazu bere webgunera http://www.beldurbarik.org/ edo beren Facebook, Twitter eta Tuenti profiletara.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!