Argitalpen-data: 2014/12/01
'Gazte bati esaten badiozu urte bete eman ahal duela Europan boluntario-programa batean jarduten, eta ezer ez gastatuta, sinetsi ere ez dizu egingo'
Antonio Jesús Rodríguezi egindako elkarrizketa, Europa Helmuga Gida 2014 lanaren egilea eta 'Azken berriak mugikortasun-programei eta Erasmus+ egitasmoari buruz' ikastaroaren irakaslea.
Gazteek atzerrira jotzeko dituzten xedeei erreparatzen badiegu, bada aldaketarik azken urteotan? Nola gauzatu da?
Azken urte hauetan, krisiak eraginda eta lanerako aukerak murriztuta ikusita, gazte askok atzerrirako bidea hartu du, edo aukera hori gogoan dauka. Sarri pertsonon helburua atzerrian lanean profesional gisa aritu baino, prestakuntzarako aukerak baliatzea da, gerora lana aurkitzeko baliagarri izango zaizkion trebetasunak lortzea hain zuzen. Esaterako kultura anitzeko ingurunean lan egitea edo hizkuntzak ikastea, inoiz nor bere herrian lanbide-karrerari ekiteko.
Oraindik orain Europako Batzordeak Erasmus + programa aurkeztu du. Zer alde dago horren eta aurreko Gazteak Ekinean programaren artean? Bada nobedaderik? Gazte-elkarteei begira, zeintzuk ditugu ekimen interesgarrienak?
Dena aldatuko dugu, berdin antzean jarraitzeko. Esaldi sonatu horrek nire iritziaren berri eman ahal dizue programak dakartzan aldaketei dagokienez. Gazteak ekinean programak biltzen zituen ekimen guztiak batu ditu orain Erasmus + programak, Prestakuntza eta Kirola sailetan hain zuzen ere. Berritasun nabarmenena hauxe da: mugikortasunarekin loturiko ekintzetarako aurrekontuak handitu egin dira, nahiz eta Espainiako Estatuak banaketa orokorrean kaltetu xamar gertatu. Bestetik, nire irudipenerako oso adierazgarria den kontu bat aipatu behar dut: hezkuntza programak gazteei begirako programei lotzea arautu gabeko prestakuntzari eman nahi zaion garrantziaren adierazgarri da. Etorkizunean baliteke horrek parte hartzen duten gazteen jarduna bultzatzea, eta, bidenabar, parte-hartze hori erakargarriago bihurtu. Gazte-elkarteek, modu horretan, badute programa baten baitan prestakuntza eta kirola biltzen dituzten proposamenak eskurago izatea; lehen, ordea, halakorik gaitzago gertatzen zen.
Zure ustean, programa honen berri gazte gehienei heltzen zaie? Badakite zertan den? Badakite programaren xedeak eta baldintzak zeintzuk diren?
Krisi ekonomikoari eta gazteen arteko langabezia handiari aurre egitea da programa honen helburua. Nahiz eta Erasmus Europar Batasuneko programarik ezagunena izan, bada esaterik ez dela gazte gehienengana heltzen; izan ere, Europako ehun ikasletatik, batek baino ez du parte hartu ekimenean.
Arazo larriena hau da: gazteek ez dute eskura leku bakar bat truke-programa batean parte hartzeko asmoa izan eta horretaz informazioa jasotzeko. Eta giltzarria horixe da: gazteek mugikortasun- eta truke-programetan parte hartuko badute, informazioa zuzen-zuzenean eman behar diegu. Gazte bati esaten badiozu sei hilabetean edo urte bete boluntario-programa batean parte hartu ahal duela, ezer gutxi gastatuta, sinetsi ere ez dizu egingo. Hortaz, programak helburuak bete ditzan, behar-beharrezkoa da gazteengana zuzenean jotzeko aukera izatea horren berri emateko.