Euskal Kultura Saileko "Euskal kantagintza: pop, rock, folk" liburua frantsesez ere eskuragarri

2013.eko apirilak 30

Euskal Kultur Erakundearekin partaidetzan, Etxepare Euskal Institutuak Jon Eskisabelek idatzitako "Euskal kantagintza: pop, rock, folk" dibulgazio liburua bertsio hirueledun berri batean argitaratu du, euskaraz, frantsesez eta ingelesez.

Bigarren aldia da Etxepare Euskal Institutuak sortutako "Euskal Kultura" saileko liburu bat frantsesera itzulia dela -bilduma euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu zen jatorriz-. Izan ere, 2013ko otsailean, bilduma bereko beste liburu bat eskuragarri jarri zen euskara-frantsesa-ingelesa bertsio hirueledunean, Oier Araolazaren "Euskal dantza" alegia, hau ere Euskal Kultur Erakundeak eta Etxepare Institutuak abiatu partaidetzaren karietara.

Jon Eskisabelek idatzitako "Euskal kantagintza: pop, rock, folk" liburuak ibilaldi bat proposatzen digu Euskal Herriko azken mende erdiko musikaren historian, euskal kanta berriaren hasieratik gaur egungo musika adierazpenen aniztasunaren ildoetan barna ibiliz.

Joana Pocheluk itzuli du jatorrizko testua euskaratik frantsesera.
Euskal Kultura Sailaren helburua euskal sorkuntzari buruzko informazio eguneratu, erakargarri, eta aldi berean, sendoa eskaintzea da. Euskal kulturaz jakin nahi dutenengana era errazean heltzeko gisan pentsatua. Hamabi liburuz osatua da (hizkuntza, musika, dantza, literatura, zinema, bertsolaritza...).

"Euskal kantagintza / La chanson basque : pop, rock, folk" edizio berezia dohainik deskarga daiteke PDF formatuan, Etxepare Institutuaren webgunean baita Euskal kultur erakundearen atarian ere.