Argitalpen-data: 2012/11/27

Euskadiko komunikazio gida, vCard formatuan

Udan argitaratu genuen datutegi bati buelta gehigarri bat eman diogu, formatu irekietatik abiatuz, funtzio jakin baterako transformazio bat erraz egin daitekeela demostratzeko bide batez. Eusko Jaurlaritzaren Komunikazio Gida, Euskadiko Erakundeen kargu eta ordezkarien kontaktu datuak, argitaratu ziren orduan, baina orain eraldatu egin ditugu datuak, eta vCard formatuan prestatu. Zertarako balio du formatu honek? aplikazio informatikoetan darabilzkigun agendetan errazago sartzeko datuak, Gmail Contacts edo Outlook bezalako aplikazioek ezagutzen duten formatua baita.

Gmail Contacts bezalako sareko aplikazio bat Android telefono batekin batera darabilenak badaki zein praktikoa den kontaktu-agenda digital bat oinarri desberdinen artean sinkronizatua eta ondo antolatua, ez dozena bat kontakturekin, baizik eta ehundaka ere bai (pertsonal zein profesionalak). Sistema horietara datuak sartzeko prestatua dago vCard formatua, eta horretara egokitu dugu Euskadiko komeunikazio agenda,.

ZIP fitxategi honetan, karpeta batean 3.000 kontaktu baino gehiago sartu ditugu. Bakoitza vCard fitxa bat da, eta guztien aurkibidea ere sartu dugu HTML orri baten gisara.

Ireki aurkibide hori, eta bilatu kontaktu jakin bat. Irudian, horra adibide bat, eta demagun Txileko kontsularen kontaktua nahi dugula.

Pertsona horren erregistro zenbakia 2581 da, eta beraz, Gmail Contacts aplikaziotik, zenbaki hori duen vCard fitxa inportatu behar dugu. Une batean, gehitu zaigu gure datubasera (eta telefonora ere bai). Irudian ez da ageri telefono zenbakia, baina gidan horiek agertzen dira, beraz, Gmail Contacts zure mugikorrarekin sinkronizatua izanez gero, bertan ere izango zenuke Txileko kontsularen zenbakia.


 Badago beste aukera bat, vCard fitxategi bakar batean 3.000 kontaktuak bateratzea. Apur bat gehiegizkoa iruditu zaigu, baina baten batek interesa balu, erantzun dezala hemen bertan, eta moldatuko dugu. Fitxategi horretan, zure agendan 3.000 pertsonaren kontaktuak gehituko zaizkizu bat-batean.

EGUNERAKETA: Sarean eskakizunak jaso ditugu fitxategi bateratu hori egiteko, eta prest dugu jada. Beraz, horra bi aukerak:

Azken horrekin, kolektiboarekin, aprobak egin ditugu eta primeran dabil Gmail-en. Inportazioa egin Contacts aplikazioan, eta bat-batean kargatzen dira datu guztiak. Gero bilaketa jakin bat egin (adibideko irudian sindikatu baten izenarekin egin dugu aproba) eta emaitzak agertuko zaizkizu. Android telefono batekin sinkronizatuta izanez gero, mugikorrean ere agertuko dira datuak.