Bizkaiko foru-zerbitzuko suhiltzaileen sarjentuen lehenengo ikastaroa inauguratu da, Arkauteko Ikastegiarekin lankidetzan antolatuta
2012.eko apirilak 16
Aldundiaren eta Herrizaingo Sailaren arteko lankidetza-esparruan
Gaur goizean, Uriosten, Bizkaiko Foru Aldundiaren parkeko suhiltzaile-zerbitzuko sarjentuak prestatzeko lehenengo ikastaroa inauguratu da. Ikastaroaren bidez, kidegoko hamaika agintariri emango zaie prestakuntza. Euskal Herriko Polizia Ikastegiaren eta Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmenaren aurreikuspenetan kokatzen da ikastaroa. Akordio hori erkidegoko suhiltzaileen parke ezberdinak mendeko diren euskal administrazio publiko guztietara hedatuko da.
Ikastaroaren inaugurazioa gaur goizean egin da Urioste parkean, eta hauek izan dira ekitaldi horretako buru: Adolfo Alustiza, Aldundiko Administrazioaren, Zerbitzuen eta Berrikuntza Publikoaren zuzendari nagusia, eta Elena Moreno, Euskal Herriko Polizia Ikastegiko zuzendaria.
Ikastaroa bi erakundeek prestakuntza-arlo ezberdinetan lankidetzan aritzeko sinatuko duten hitzarmenaren lehenengo fruitua da. Hiru hileko iraupena izango du, eta Arkauteko Ikastegiak izendatutako irakasleek emango dute. Ikastaroan, suhiltzaileen kidegoko agintari berriek prestakuntza teorikoa eta praktikoa hartuko dute, eta, horren bidez, larrialdien aurreko jardueretan izango dituzten ardura berrietarako trebakuntza jasoko dute. Prestakuntza hori foru-bulegoetan zein Arkauteko instalazioetan emango da.
Ikastegiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko akordioa, datozen hilabeteetan, euskal suhiltzaile-kidego ezberdinak mendeko diren EAEko gainerako administrazio publikoetara (aldundiak eta udalak) hedatuko da, gure lurraldeko suhiltzaile-kidegoetako profesional guztien prestakuntza hobetu eta homogeneizatzeko proiektuaren esparruan.