Arautegia

Inprimatu

ERABAKIA, 2022ko uztailaren 12koa, Gobernu Kontseiluarena, zeinaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Mahai Sektorialaren Akordioa onartzen baita, Euskal Espetxeetako Administrazioan zerbitzuak ematen dituzten enplegatu publikoen zenbait alderdi espezifiko arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Akordioa
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila; Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 142
  • Hurrenkera-zk.: 3336
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/07/12
  • Argitaratze-data: 2022/07/22

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuaren bidez, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren Akordioa onartu zen, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko 2021eko urriaren 1etik aurrera. Horren ondoren, azaroaren 2an hain zuzen ere, Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Mahai Sektorialaren 2021eko urriaren 18ko Akordioa onartu zuen, euskal espetxeetan lan egiten duten enplegatu publikoentzat salbuespenezko baldintza iragankorrak ezartzen dituena.

Gaur egun espetxeetako egitura korporatiboa Euskadiko Administrazio Orokorrean txertatzeko prozedura amaitu ez bada ere, beharrezkoa da espetxeetako enplegatu publikoek ematen duten funtsezko prestazioaren alderdi batzuk arautzea. Hala, transferentziaren unean, zeuden lanpostu hutsen kopurua handitu egin da azken lau hilabete hauetan, erretiroen ondorioz, eta kopuru hori handiagoa izango da, transferitutako langileen adina kontuan hartuta; horri gehitu behar zaio barne-mugimendua, estatuko lekualdatze-lehiaketa amaitzearen ondorioz. Horregatik, salbuespen-neurriak hartu behar dira, zerbitzua hiru espetxeetan bermatzeko.

Administrazio Orokorreko Negoziazio Mahai Sektorialaren esparruan, 2022ko martxoaren 25ean, Euskal Espetxe Administrazioaren mahai delegatuan sinatutako aurreakordio bat berretsi zen UGTko ordezkaritza sindikalarekin, zerbitzuak ematen dituzten enplegatu publikoen zenbait alderdi espezifiko arautzen dituena.

Horregatik guztiagatik, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.1, e) eta f) artikuluetan oinarrituta, eta emandako eskumenak erabiliz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak batera proposatuta, Gobernu Kontseiluak, proposamena eztabaidatu ondoren, honako hau erabakitzen du:

ERABAKIA:

Gobernu Kontseiluak azaroaren 2an onartu zuen EAEko Administrazio Orokorraren Mahai Sektorialaren 2021eko urriaren 18ko Akordioa, eta, haren bidez, baldintza iragankor eta salbuespenezkoak ezarri ziren euskal espetxeetan lan egiten duten enplegatu publikoentzat.

Espetxe-administrazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean sartuta dagoen heinean, haren lan-baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mahai sektorialean negoziatu behar dira. Hala ere, baldintza espezifikoak arautu behar zirela kontuan harturik, mahai sektorialaren mahai delegatu bat eratu zen, 2021eko irailaren 27an, baldintza horiek negoziatzeko, baina, nolanahi ere, mahai delegatuaren jarduera orok mahai sektorialaren onarpena beharko du, baliozkoa eta aplikagarria izango bada.

Oraingoz burutu ez den arren espetxeetako egitura korporatiboa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean txertatzeko prozedura, behar-beharrezkoa da alderdi batzuk arautzea, hala eskatzen baitu espetxeetako enplegatu publikoek ematen duten funtsezko prestazioak.

Horri dagokionez, transferentziaren unean ziren lanpostu hutsen kopuruak gora egin du azken lau hilabeteotan, erretiroen ondorioz, eta are gorago egingo du, transferitutako langileen adina kontuan harturik. Era berean, estatuko lekualdatze-lehiaketa amaitzeak eragindako barne-mugimenduak funtsezko lanpostu jakin batzuk hutsik geratzea ekarriko du, eta, hortaz, beharrezkoa da salbuespen-neurriak hartzea, zerbitzua hiru espetxeetan emango dela bermatzeko.

Beraz, presako egoera bati erantzuteko, behar-beharrezkoa da aldi baterako araudi bat onartzea, espetxeetan ematen den prestazioaren berezitasunei erantzungo diena.

Kontuan harturik lau hilabete baino ez dela igaro transferentzia gauzatu zenetik, eta Legebiltzarraren lege bidez egin behar direla beharrezko egokitzapen batzuk, hala nola egitura korporatiboaren zehaztapena, behar-beharrezkoa da dagoen araudia egokitzea, espetxeei atxikitako langileek ematen duten funtsezko zerbitzuari erantzuteko.

Ildo horretan, igaro den denbora laburrean hauteman da beharrezkoa dela kudeaketa hurbilagoa izan dadila, eta egokitua espetxeetako administrazioan lan egiten duten enplegatu publikoen jardueraren ezaugarriei. Hori dela eta, komenigarria izango litzateke langileen arloko organo are espezifikoagoek egikaritzea Espetxe Administrazioaren eskumen jakin batzuk. Horri dagokionez, erreferentziatzat harturik arlo honetan beste administrazio batzuek izandako esperientzia, egokitzat jotzen da eskumen batzuk eskuordetzeko aukera, funtzio publikoaren arloan eskumena duen sailetik Justizia Administrazioko Zuzendaritzari, hain zuzen ere, baina betiere irizpide-batasuna bermatuz, langileen kudeaketaren arloan sail eskuordetzaileari dagokiona.

Une hauetan, arau egokitzapen batzuk egin behar dira, modu iragankorrean, zerbitzua eman dadila ahalbidetzeko, alderdi jakin batzuei dagokienez, hala nola: lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bitartez aldi baterako betetzea eta funtzioak behin-behinean esleitzea; izendapen askeko lanpostuak uzten direnean, horren ondoriozko behin-behineko atxikipena arautzea, eta okupatzailerik gabe transferitu ziren lanpostuak aldi baterako betetzeko aukera.

Lehenik eta behin, lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bitartez aldi baterako betetzeari dagokionez, egokitu egin behar da 2006ko maiatzaren 30eko Agindua, EAEko Administrazio Orokorraren lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bitartez betetzeko prozedura arautzen duena, araudi hori ez zegoelako pentsatuta administrazio orokorraren honelako esparru batean zerbitzua ematea bermatzeko; izan ere, kidego berezi batzuetako funtzionarioek soilik osatzen dute esparrua, prestakuntza eta trebetasun zein gaitasun pertsonal jakin batzuk behar dituztenak, hain zuzen ere zerbitzu publikoaren hartzaileak diren giltzaperatutako pertsonei egokituak.

Arlo horretako araudiak ezin du ahaztu oinarrizko araudia badagoela, Espetxeen Erregelamenduaren 280. artikulua, hain zuzen ere, zeinak honako hau esleitzen baitio espetxeko zuzendaritza-organoari, langileen kudeaketari dagokionez:

  1. Espetxe bateko zuzendariak ordezkatzen ditu bera buru duen establezimenduko zuzendaritza-zentroa eta kide anitzeko organoak, eta bera dago lehen-lehenik beharturik legeak, erregelamenduak eta xedapenak betetzera eta betearaztera, hala oro har, nola zerbitzuari buruz bereziki.

  2. Zuzendariari eskumen hauek dagozkio:

  1. a Zentroan destinoa duten enplegatu publikoei dagokienez:

    1. Zerbitzuak antolatzea eta esleitzea.

    1. Funtzionario batek bakarrik betetzen duen lanpostu batean biltzea bi unitate edo lanposturi, nahiz gehiagori, esleitutako zereginak zein egitekoak, edota zeregin espezifikoren bat gehitzea unitate edo lanpostuak berezkoak dituen haiei, eta, beharra den kasuetan, bi unitate edo gehiago behin-behinean esleitzea funtzionario bakar bati, kontuan harturik hala lanpostu edo unitateak koordinatzeko beharra, nola esleituta dituzten egiazko lan-kargak.

      Bigarrenik, izendapen askeko lanpostuak uzten direnean, horren ondoriozko langile-atxikipena arautzeari dagokionez, araututa dago urriaren 13ko 190/2004 Dekretuan, euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzekoan, 31.etik 34.era bitarteko artikuluetan, hain zuzen ere.

      Izendapen askeko sistemaren bidez betetzen diren lanpostuetan zerbitzu ematen duten langileak ere sartzen dira EAEko Administrazio Orokorreko mahai sektorialaren eta, beraz, mahai delegatuaren negoziazio-eremuan; hortaz, mahai delegatua osatzen duten ordezkari sindikalekin negoziatu behar da egin nahi den arau-aldaketa.

      Halaber, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2011ko ekainaren 28ko Aginduaren bidez arautu zen administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioak behin-behinean atxikitzeko prozedura, izendapen askeko lanpostua uzten den kasuetarako.

      Espetxeetako administrazioan, izendapen askeko sistemaren bidez betetzen dira zuzendari eta zuzendariorde lanpostuak. Hori dela eta, horra hor berezitasun bat, EAEko Administrazio Orokorrean aurreikusita ez dagoena: badira lanpostu jakin batzuk betetzeko modu bereizia dutenak, izendapen askeko sistemaren arabera bete behar baitira, baina, aldi berean, hierarkian badute beste lanpostu bat gainean, izendapen askeko sistema berberaren arabera bete behar dena.

      Gainera, Lanpostuen Zerrenda onartzen ez den bitartean, eta, era berean, euskal espetxe-administrazioa osatzen duten lanpostuen egitura korporatiboa behin betiko zehazten ez den bitartean, beharrezkoa da langileak atxikitzeko irizpideak egokitzea, izendapen askeko sistemaren bidez bete daitezen bereizitako lanpostuak uzten dituzten kasuei dagokienez. Eta hori guztia kontuan harturik ezen, une honetan, oso mugatua dela, baita hutsaren hurrengoa ere, lanpostu horiek betetzen dituzten funtzionarioak atxikitzeko modukoak izan litezkeen lanpostuen kopurua; hori dela eta, ezinezkoa gerta liteke inon atxikitzea, eta horrek ondorio nabarmenak ekar litzake, ekonomiaren aldetik eta zerbitzua emateari dagokionez.

      Azkenik, ordezkari sindikalekin 2021eko irailaren 27an sinatutako Akordioan, aurreikusita utzi zen beharrezkoa zela aldi baterako langileak kontratatzeko sistema bat modu iragankorrean ezartzea.

      Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2021eko urtarrilaren 7ko Aginduaren bidez arautu egin zen langileen hautaketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan aldi baterako zerbitzuak emateko kasuetarako.

      Arau horrekin bat etorriz, egitura korporatiboa behin betiko zehazten ez den bitartean, eta Lanpostuen Zerrenda onartzen ez den bitartean ere, ezin da enplegu publikoa eskaintzeko deialdirik egin lehiaketa/oposizio modalitatean. Horrenbestez, espetxeetan aldi baterako zerbitzua ematea atontzeko, lan-poltsak eratu beharko dira, espetxe-administrazio hori osatzen duten berariazko lanpostuei dagokienez, eta horren jatorria 2021eko urriaren batean hutsik transferitu ziren lanpostuetan dago.

      Aukera hori badago aurreikusita, gai horretan aplikatu beharreko araudian, hain zuzen ere, 2021eko urtarrilaren 7ko Aginduaren 3.2 artikuluan. Eta, era berean, artikulu horren 3. apartatuan arautzen da zein bide erabil daitezkeen aldi baterako lan poltsa bat eratzeko, eta horien artean badaude berariazko deialdiak eta Atarian argitaratutako eskaintzak.

      Testu honetan planteatzen diren egokitzapenak bat datoz beste transferentzia-prozesu batzuetan planteatutakoekin, denboran izapide luzea eskatzen duten arau-aldaketak gauzatu artean.

      Beraz, eta bermatu ahal izateko modu egokian eta etenik gabe ematen dela espetxe-administrazioan eman beharreko zerbitzua, behar-beharrezkoa da salbuespenezko araubide juridiko bat ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, hartan zerbitzuak ematen dituzten enplegatu publikoei modu iragankorrean aplikatuko zaiena, eta araubide horren iraupenak ezingo du gainditu ordezkari sindikalek 2021eko irailaren 27an sinatutako akordioan ezarritako epea, halako moldez, non, salbuespen-egoerak une horretan oraindik ere badirau, berrikusi eta justifikatu egin beharko baita zergatik luzatu behar den neurri horiek aplikatzeko epea.

      AKORDIOA

      Lehenengoa. Euskal Espetxe-administrazioan lanpostuak betetzeko berariazko akordioak.

    1. Euskal espetxeei atxikitako lanpostuetan ematen den zerbitzuaren inguruabar berezietara egokitu behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bitartez betetzeko prozedura arautzen duen 2006ko maiatzaren 30eko Aginduaren alderdi batzuk, eta horrek aipatutako agindua aldatzea eskatzen du.

      Hori dela eta, bigarren apartatu bat gehitu behar zaio 1. artikuluari, honako testu honekin:

      2 artikulua

      Euskal espetxe-administrazioa osatzen duten lanpostuen kasuan, berariazko araudiari jarraituko zaio lanpostuak zerbitzu-eginkizunen eta behin-behineko eginkizun-esleipenaren bidez modu iragankorrean betetzeko. Xedatu gabe dauden kasuetan agindu hau aplikatuko da, betiere horrek ez badu zerbitzua behar bezala ematearen aurka egiten.

    2. Euskal espetxeei atxikitako lanpostuetan ematen den zerbitzuaren inguruabar berezietara egokitu behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko lanpostuak behin-behinean atxikitzeko prozedura arautzen duen 2011ko ekainaren 28ko Aginduaren alderdi batzuk, eta horrek aipatutako agindua aldatzea eskatzen du.

      Hori dela eta, bigarren paragrafo bat gehitzen zaio 2011ko ekainaren 28ko Aginduaren 1. artikuluaren 2. apartatuari, honako testu honekin:

      2 artikulua, bigarren paragrafoa:

      Euskal espetxe-administrazioa osatzen duten lanpostuen kasuan, berariazko araudiari jarraituko zaio izendapen askeko lanpostuak utzi ondoren behin-behineko atxikipena egiteko. Xedatu gabe dauden kasuetan agindu hau aplikatuko da, betiere horrek ez badu zerbitzua behar bezala ematearen aurka egiten.

      Bigarrena. Espetxeetan egiten den funtsezko zerbitzua aldi baterako langileen bidez emateko akordio espezifikoak.

      Euskal espetxeei atxikitako lanpostuetan ematen den zerbitzuaren inguruabar berezietara egokitu behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan aldi baterako zerbitzuak emateko langileen hautaketa arautzen duen 2021eko urtarrilaren 7ko Aginduaren alderdi batzuk, eta horrek aipatutako agindua aldatzea eskatzen du.

      Hori dela eta, proposatzen da 2021eko urtarrilaren 7ko Agindua egokitzea, testu hau gehiturik:

      1 artikulua, azken paragrafoa:

      Euskal espetxe-administrazioa osatzen duten lanpostuen kasuan, berariazko araudiari jarraituko zaio, espetxeetan ematen den funtsezko zerbitzua aldi baterako emateko lan-poltsak eratzen direnean. Xedatu gabe dauden kasuetan agindu hau aplikatuko da, betiere horrek ez badu zerbitzua behar bezala ematearen aurka egiten.

      LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Kolektibo berezien kudeaketa-

      1. Euskal espetxeetako funtzionarioak eta langile lan-kontratudunak.

        Euskal espetxeetako lanpostuei dagozkien lan-poltsak Justizia Administrazioko Zuzendaritzak kudeatuko ditu. Agindu honetako irizpide orokorrak aplikatuko dira, baita langileen ordezkariekin mahai delegatuan negoziatutako irizpide espezifikoak ere.

        Hirugarrena. Espetxe-administrazioko berariazko langile-organoei eskumenak eskuordetzeko proposamena.

        Giza baliabideen kudeaketa malgutzeko, antolatzeko eta sinplifikatzeko neurri gisa, eskumen batzuk eskuordetzea proposatzen da, bide bat izan baitaiteke, hala gaiak modu eraginkorragoan kudeatzeko, nola izapideak arintzeko, eta era berean bermatzeko arreta berezia ematen zaiela ukitutako langileei, espetxeetan zerbitzuak ematen dituzten enplegatu publikoen berezko berezitasunen eta berariazko ezaugarrien eragina dela eta.

        Aukera horrek eskatzen du Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez eskuordetu dakizkiola langileen kudeaketaren arloko eskumenak Justizia Administrazioko Zuzendaritzari funtzio publikoko gaien ardura duen sailetik.

        Nolanahi ere, sail eskuordetzaileak bere ahalmenari eutsiko dio, hala esleitutako funtzioak ikuskatzeko, nola langileak kudeatzeko arloan sailak duen gaitasuna ebaluatzeko, eta esleitutako eskumenak egikaritzeko irizpide bateratuak ezartzeko.

        Funtzio publikoaren arloan eskumena duen sailak egingo lukeen eskumen-eskuordetzaren erreferentzia Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legean dago, 6.1 artikuluko 1. apartatuko k), l), m), n), ñ) eta o) letretan.

        Laugarrena. Euskal Espetxe-administrazioaren eremuan aplika daitekeen berariazko araudia.

Urriaren 13ko 190/2004 Dekretuak onartu zuen Lanpostuak Betetzeko Araudia, eta haren 47. artikuluan eta hurrengoetan arautzen da lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bidez aldi baterako betetzeko aukera, premiazko arrazoiak edota zerbitzu-zioak tartean direnean. Egoera horietan, funtzionarioak zerbitzu-eginkizun bidez atxiki ahal izango dira, aldi baterako bete ditzaten hutsik dauden lanpostuak edo funtzionarioentzat erreserbatuta daudenak, baita beste zeregin jakin batzuk bete ditzaten ere.

Bestalde, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua onartzen duen apirilaren 7ko 7/2007 Legearen 74. artikuluan ezarritakoari jarraituz, administrazio publikoek lanpostuen zerrenden bidez egituratuko dute beren antolamendua. Lanpostu zerrenden bidez antolatuko dira langileak, zerbitzuen beharren arabera, eta haietan zehaztuko dira lanpostu bakoitza betetzeko baldintzak. Horretarako, beharrezkoa izango da funtzionarioak zerrenda horretan esleituta dituzten lanpostuetara egokitzea.

Adierazi den bezala, lanpostuak zerbitzu-eginkizunetan betetzeko prozedura arautzen duen araudi orokorra egokitu egin behar da espetxeetan ematen den zerbitzu publikoaren inguruabar berezietara.

Premia larri eta atzeraezineko egoerei aurre egiteko aurreikusita dago zerbitzu-eginkizunen figura; hortaz, beharrezkoa da ezartzen den prozedurak bizkortasuna berma dezala, lanpostu jakin batzuk aldi baterako bete behar direnean, baina publikotasun- eta objektibotasun-printzipioak ahaztu barik.

  1. Xedea, iraupena eta organo eskuduna

    1. Araudi honek xede du zerbitzu-eginkizunen bidez eta eginkizunak esleituz aldi baterako betetzea euskal espetxeen transferentzian sartzen diren lanpostuak, EAEko Administrazio Orokorrak eta ordezkaritza sindikalak 2021eko irailaren 27an sinatutako Akordioak indarrean dirauen artean.

    2. Justizia Administrazioko Zuzendaritzak izango du eskumena zerbitzu-eginkizunen egokitasuna baloratzeko lanpostu bat bete behar denean, eta aukera izango du deialdi bakoitzean ezartzeko hura zein enplegatu publikori zuzentzen zaion, baita deialdia arlo jakin batzuetako langileei mugatzeko ere.

  2. Aplikazio-eremua.

    Araudi hau euskal espetxeei atxikitako lanpostuetan diharduten karrerako funtzionarioei eta langileei lan-kontratudunei aplikatuko zaie.

  3. Lanpostuak zerbitzu-eginkizun bidez betetzeko prozedura.

    1. Arau orokorrak

      Araudi honen xedea da bermaturik egon dadila funtsezko zerbitzu publiko bat ematen dela, funtsezkoa, eta, beraz, premiazkoa eta atzeraezina; hori dela eta, hautaketa azkar egin behar da, prozedura labur eta eraginkor baten bidez.

      Hautaketa egiteko, lanpostu bakoitzean, kontuan hartuko da espetxeetan zerbitzu ematen duten langileek parte hartzeko modua izan duten azken lehiaketako baremoa, hala lehiaketan parte hartu dutenei begira, nola parte hartu ez dutenei. Hala badagokio, puntuazioa alderdiak alegatutakoa izango da, edota administrazio deitzaileak ofizioz zenbatetsitakoa, informazio hori izanez gero.

      Justizia Administrazioko Zuzendaritzak kontuan hartu ahal izango ditu EAEko Administrazio Orokorreko lanpostuak betetzeko aplikatu beharreko araudi orokorrean ezarritako merezimenduak. Deialdian aukera horren berri emango da, horretarako ezarritako baremoarekin batera.

      Edozein enplegatu publikok parte hartu ahal izango du zerbitzu-eginkizunetarako eta langile lan-kontratudunen mugikortasunerako deialdietan, honako baldintza hauetan:

      Titulazio-talde bereko edo baxuagoko funtzionarioak nahiz kategoria bereko edo baxuagoko langile lan-kontratudunak, baldin eta titulazio-baldintza betetzen badu.

      Deialdi bakoitzean esleitzeko lehentasuna izango du langileak baldin eta haren lan- harremana bat badator lanpostuaren izaerarekin.

      Justizia Administrazioko Zuzendaritzak, bere burua antolatzeko gaitasuna egikarituz, ondorerik gabe utzi ahal izango du, arrazoiak emanez, aldi baterako lanpostuak betetzeko edozein deialdi.

      Akordioa sinatu duten ordezkari sindikalei ezagutaraziko zaizkie aurkeztutako alegazioak eta Batzordeak horiei emandako erantzunak.

      Oro har, zerbitzu-eginkizunetako izendapenek urtebeteko iraupena izango dute, eta urtez urte luzatu ahal izango dira.

    2. Prozedura orokorra.

      1. C1 titulazio-azpitaldeari irekitako lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bidez betetzea.

        Hasiera batean eta kontrakorik adierazten duen arrazoi objektiborik edo kontraesaneko txostenik ez badago, prozedura honi jarraikiz eta zehaztutako baremoaren arabera puntuaziorik onena lortzen duten langile publikoak zerbitzu-eginkizunetan izendatuko ditu Administrazioak.

        Prozedura hau da oinarrizko: establezimenduko zuzendaritza-organoak Justizia Administrazioko Zuzendaritzari arrazoiak emanez eskatuko dio zerbitzu-eginkizunetan bete dadila hutsik edo bete gabe dagoen lanpostua, eta azkenak bidezkotzat joz gero egingo du zerbitzu-eginkizunerako deialdia.

        Izangaiak. Hiru euskal espetxeetako karrerako funtzionarioek eta langile lan-kontratudun finkoek parte hartu ahal izango dute.

        Merezimenduak. Dagokion lehiaketan baloratutakoak. Bestelako merezimendurik alegatzen bada, espetxeko zuzendaritzak dagokion bidez egiaztatuko du. Balorazioa 5 eguneko epean egin beharko da.

        Justizia Administrazioko Zuzendaritzak 5 eguneko epean ebatziko du, merezimenduen balorazioa biltzen duen espetxearen txostena jasotzen duenetik hasita, eta beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eskatu ahal izango dizkie espetxeetako zuzendaritzei.

        Deialdia hutsik geratzen bada bete beharreko lanpostua duen espetxeko langileen artean, beste espetxeetako izangaien eskaerak baloratuko dira.

        Deialdian parte hartu ahal izango dute deialdi-hartzaile ez diren arloetan diharduten langileek, baita goragoko mailetan daudenek ere. Hala ere, soilik esleitu ahal izango zaie lanpostua, baldin eta deialdia hutsik geratu bada, eta adierazitako ordenaren arabera, beti.

        EAEko Administrazio Orokorrean aplikatzekoa den araudi orokorrak ezarritako moduan egingo dira deialdiaren publizitatea, eskabideak aurkezteko epea eta jakinarazpena.

      2. C1 eta A2 titulazioen azpitaldeei irekitako Erdi Mailako Teknikari eta Zuzendarien Arloko lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bidez betetzea.

        Administrazioak, funtzionario egokiena izendatuko du zerbitzu-eginkizunetan, Prozedura honi jarraikiz eta zehaztutako baremoaren arabera puntuaziorik onena lortu duten hiru funtzionarioen artetik.

        Prozedura aurreko A atalean aurreikusitakoaren berdina izango da, Proposamen atalean izan ezik, honela idatzita geratuko baita:

        Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, espetxe bakoitzeko zuzendaritza-organoak ordenatuko ditu eskabideak, puntuazioaren arabera, eta lanpostua betetzeko hiru izangaiek duten egokitasunari eta gaitasunari buruzko txosten arrazoitu batekin batera, Justizia Administrazioko Zuzendaritzari igorriko dio dena, berak ebatz dezan.

      3. Segurtasun, lan-osasun eta mendekotasun arrazoiak direla-eta jarraitu beharreko prozedura.

        Honako egoera hauek arautu dira:

      1. Segurtasun-arrazoiak, Justizia Zuzendaritzari atxikitako zuzendaritza-organoak egiaztatuak

      2. Zerbitzua ematearen ondorioz intzidente larriren baten biktima izan izana edo lesio edo ondorio nabarmenak jasan izana.

      3. Gaixotasun oso larria edo muturreko egoera sozio-familiarra, zuzenean funtzionarioari, ezkontideari, izatezko bikotekideari, seme-alabei edo mendetasun-maila handiko eta egiaztatutako mendetasun handiko aurrekoei eragiten diena, eta beste irtenbide batzuk artikulatzeko aukerarik gabe.

        Kasu horietan, interesdunek espetxeko zuzendaritzan aurkeztuko dute eskabidea, beharrezko egiaztagiri guztiekin batera, Justizia Administrazioko Zuzendaritzara bidal dadin. Beharrezkotzat jotzen denean, ebazteko eskumena duen organoak txosten osagarria eskatu ahal izango die beste unitate batzuei.

        Eskaeran EAEn ez dagoen destino-zentro bat sartzen bada, administrazioen arteko zerbitzu-eginkizunak arautzen dituen araudiaren menpe egongo da ebazpena.

    3. Hainbat arlotan zerbitzua emateko salbuespenezko prozedura.

      Espetxe Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, espetxeko zuzendaritza-organoak, zerbitzua ematen dela bermatu dadin, beharrezkotzat jotzen dituen eginkizunak eslei ditzake, nahiz eta horrek ordutegia aldatzea edo ordainsari txikiagoak esleitutako funtzioak egitea dakarren, barne-zaintza arloko langileen kasuan bezala; oro har, ezingo da 3 hilabeteko epea gainditu.

      Esleipen hori Justizia Administrazioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio, hilabete baino gehiago irauten baldin badu, zerbitzu-eginkizunetarako deialdia egiteko aukera baloratu dezan. Deialdia egokitzat jotzen ez bada, espetxeko zuzendaritzari jakinaraziko zaio, eta esleipena amaitzeko-eguna adierazi ahal izango du. Nolanahi ere, Justizia Administrazioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio amaiera.

      Hala ere, zerbitzua ematen dela bermatzeko, 3 hilabeteko muga gainditu ahal izango da, harik eta lanpostua karrerako edo bitarteko funtzionarioek bete arte.

  4. Aukerak-Gizarteratzeko Euskal Agentziari atxikitako lanpostuak betetzea.

    Araudi hau aplikatzekoa izango da AUKERAK-Gizarteratzeko Euskal Agentziari atxikitako lanpostuak betetzeko, agentzia horretako Zuzendaritzak hala eskatzen duenean, eta organo horrek izango du deialdia ebazteko eskumena.

Euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudiak honako hau ezartzen du urriaren 13ko 190/2004 Dekretuaren 34.2 artikuluan:

  1. Lanpostutik kendutako pertsonari bere kidegoari edo eskalari dagokion lanpostu bat esleituko zaio behin-behinean, bere gradu pertsonalarekiko bi maila baino beheragokoa ez dena, ahal dela lurralde historiko berean, harik eta beste lanpostu bat behin betiko lortzen duen arte. Kargua utzi eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak atxikipenak, eta administrazio publiko bakoitzak ezartzen duen prozeduraren arabera egingo da. Lanpostua betetzeko eskatzen diren eskakizun eta baldintza guztiak bete beharko ditu.

    Aurreko paragrafoan adierazitako ezaugarriak dituen lanposturik ez badago, atxikipena beheragoko maila bateko lanpostu batera egingo da, eta aldi baterako osagarri bat jasoko du esleitutako lanpostuaren mailaren oinarrizko berariazko osagarriari dagokion ordainsariaren eta bere gradu pertsonala baino beheragoko bi mailei dagokien oinarrizko berariazko osagarriaren arteko aldeagatik. Interesdunak parte har dezakeen lehenengo lekualdatze-lehiaketa ebatzi arte eutsiko zaio osagarri horri.

    Espetxeetan zerbitzua ematen deneko inguruabar bereziak kontuan hartuta, euskal espetxeetako zuzendari- eta zuzendariorde-postuak uzten dituzten langileen atxikipena honako prozedura honen arabera egingo da:

  1. a Izendapen askeko lanpostua bete duen lurralde berean, hutsik dauden bete gabeko lanpostuetan atxikitzea.

  2. a Izendapen askeko lanpostua bete duen lurralde berean, hutsik dauden betetako lanpostuetan atxikitzea.

  3. a Izendapen askeko lanpostua bete duen lurralde berean, hutsik ez dauden bete gabeko lanpostuetan atxikitzea.

  4. a Izendapen askeko lanpostua bete duen lurralde berean, hutsik ez dauden betetako lanpostuetan atxikitzea.

  5. a Ordena beraren arabera, eta enplegatu publikoak aukeratuta, baldin eta zerbitzua behar bezala emango dela bermatzen bada, beste lurraldeetako lanpostuetan, edo LZkoa ez den amortizatzeko lanpostu batean hiru zentroetako edozeinetan. Azken kasu horretan, egindako behin-behineko atxikipenak ezingo du kostu handiagorik ekarri.

    Postua azkenduko da baldin eta lanposturik bada 1. puntutik 4.era bitartekoetan deskribatutako baldintzaren batean dagoena. Era berean azkenduko da borondatez mugitu bada edo lehiaketa bidez lortutako lanposturen batera behin betiko atxikitzeagatik.

    Lanpostuaren baldintza ekonomikoei dagokienez, destino-osagarriaren maila ezin izango da enplegatu publikoak finkatuta duen gradu pertsonala baino bi maila txikiagoa izan. Eta berariazko osagarria, aldiz, betetzen den lanpostuaren erantzukizun-mailaren araberakoa izango da: erantzukizun gorenekoa bada (zentroko zuzendari-postua), III-B mailaren baliokidea; erantzukizun txikiagokoa bada (espetxeetako zuzendariordeak eta administratzaileak), III-C mailaren baliokidea izango da zenbatekoa.

    Lanpostuaren tipologiari dagokionez, eragindako pertsonari dagokion titulazioko azpitaldeari begiratu beharko zaio.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2021eko urtarrilaren 7ko Aginduak araututa du, 3. artikuluan, ezen lan-poltsak eratzeko prozesu izan daitezkeela bai enplegu publikoaren eskaintzak, bai berariazko deialdiak, eta bai Atarian argitaratutako eskaintzak.

Euskal espetxeetan atxikitako lanpostuak ez dira baloratu orain arte, eta, beraz, ez dira oraindik sartu EAEko Administrazio Orokorreko Lanpostuen Zerrendan. Hori dela eta, oraindik ez daude behin betiko diseinatuta lanpostu bakoitza betetzeko behar diren baldintzak.

Egoera horri gaineratu behar zaio ezen oraindik ere ez dela onartu espetxe-administrazioaren egitura korporatiboa definitzeko behar den lege-aldaketa, eta, hortaz, transferentziatik datozen kidegoetan izendatu beharko dira bitarteko langileak.

Azaldutakoagatik, beharrezkoa da Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari eskaera egitea langileak hautatzeko prozesu baterako deialdia egin dezan, transferentzian sartuta dauden bete gabeko lanpostuak bitarteko izendapenez aldi baterako betetze aldera.

Hona hemen, proposatzen den deialdiaren edukia:

Azpimarratu behar da transferentzia-dekretuan bazirela lanpostu huts batzuk, funtzionario zein lan-kontratudun izaerakoak. Eta horretaz gain, hor daude gertatzen ari diren erretiroak, edota bete beharreko egoerak, hala nola gaixotasun-bajak edo bestelakoak; hori dela eta, oso zaila da espetxeetako lanpostuak bete daitezela lanpostuak betetzeko behar den gaitasuna duten langileen bitartez, eta, horrenbestez, bitartekotasun-prestazioa zerbitzua ematen dela bermatzeko, bitarteko izendapenaren figurara jo behar da, harik eta egitura korporatiboa behin betiko zehaztu arte eta lanpostu zerrenda onartu arte.

Azaldutakoagatik, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari eskaera egiten zaio, berariazko deialdi bat egin dezan, edota atariaren bidezko eskaintza bat, hautagai-zerrenda bat eratu dadin, euskal espetxeetan atxikitako lanpostuak aldi baterako betetze aldera.

Deialdi honen helburua da ahalik eta arinen erantzun dakiola lanpostuak aldi baterako betetzeko beharrari, zerbitzu ematea bermatzeko. Hori dela eta, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 10.2 artikuluaren arabera, prozedura bizkorren bidez egin beharko da bitarteko funtzionarioen hautaketa, eta prozedura horiek, betiere, berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioak errespetatu beharko dituzte. Hortaz, ebazteko eskaera egiten da, batetik, berariazko deialdi bat edo Atariaren bidezko eskaintza bat egin dadin, Euskadiko Autonomia Erkidearen berezko hautagai-zerrenda bat eratzearren, euskal espetxeetan zerbitzu emate aldera; bestetik, oinarri espezifikoak onar daitezen, A eranskin eta B eranskin gisa jasota daudenak, hura eratzeko bidea ezartzearren.

A ERANSKINA

ATARIAN ESKAINTZA EGITEKO OINARRI ESPEZIFIKOAK, EUSKAL ESPETXE-ADMINISTRAZIOARI ATXIKITAKO C1 AZPITALDEKO LANPOSTUEI BEGIRA

Lehenengoa. Lanpostuen datuak.

  1. Herria: hiru euskal espetxeetako instalazioak

  2. Eremu funtzionalak: C1 azpitaldea (gaur egun, espetxeetako laguntzaileen kidegoari atxikitako langileek beteta)

    1. Bulego arloa:

      Bulegoko lanpostu orokorra

      Arlo mistoko lanpostu generikoa

      Ordainsaria, VI-C maila: 30.474,50.

    2. Barne arloa:

      Barne zaintzako lanpostu generikoa V1 (Al-Ig, Go/Ar/Ga txandak)

      Barne zaintzako lanpostu generikoa V2 (Al-Ig, Go/Ar txandak)

      • Ordainsaria, VI-C maila: 30.474,50.

      • (harik eta espetxe-administrazioa osatzen duten lanpostuen zerrenda argitaratu arte, osagarri pertsonal bat jasoko da, 2022ko otsailaren 24an EAEn sartutako langileek guztira jasotzen dituzten ordainsarietaraino dagoen aldeagatik)

        1. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.

        2. Bitarteko funtzionario izendatzea.

        3. Baldintza espezifikoak:

          Eskatzaileak ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, zigor-aurrekaririk ez duela egiaztatzen duena.

          Eskatzaileak ziurtagiri mediko bat aurkeztu beharko du, eskaintzan sartzen diren eginkizunak betetzeko gaitasuna izatearena.

          Hautaketa-prozesuan zehar eskatzen zaizkion kontrol medikoak egin beharko ditu, eta prozesutik kanpo utzi ahal izango da baldin eta aurkako txostenik badago, aurretik kontraesaneko prozedura egin ondoren.

        4. Eginkizunak.

          Espetxeetako Laguntzaileen Kidegoko funtzionarioei honako hau dagokie:

          1. Establezimenduen barruko zaintza- eta jagoletza-lanak egitea.

          2. Presoen jokabidea eta diziplina zaintzea.

          3. Presoen eta lokalen garbitasuna eta txukuntasuna zaintzea.

          4. Behaketa Lantaldeari eta Tratamendu Batzordeei barneratuen portaerari buruz behaketa zuzenaz lortutako datuak ematea.

          5. Barneratuen berreziketa- eta errehabilitazio-lanetan parte hartzea, Behaketa Lantaldearen edo Tratamendu Batzarren orientabideak gauzatuz.

          6. Behar diren lankidetza- nahiz izapide-zeregin administratiboak garatzea.

          7. Nagusiek emandako jarraibideak betetzea, baita, beren zerbitzu espezifikoa dela-eta, agintzen zaien beste edozein zeregin ere.

            Bigarrena. Merezimenduen baremoa (gehienezko puntuazioa: 19 puntu)

            1. Lanpostuak eskatzen duen baino titulazio akademiko handiagoa izatea, eta espetxe-zerbitzu publikoarekin duen lotura-mailaren arabera: gehienez 4 puntu.

              Zuzenbidean, psikologian, kriminologian, gizarte-hezkuntzan nahiz gizarte-lanean gradua/lizentziatura izatea: 4 puntu.

              Beste edozein gradu/lizentziatura izatea: 2 puntu.

            2. Estatuan edo autonomia-erkidegoko espetxeetako kidegoren batean sartzeko proba guztiak edo batzuk gainditu izana: gehienez 5 puntu, proba guztien kasuan, eta puntu 1 sarbide-proba bakoitzeko.

            3. Azken 6 urteetan antzeko zereginetan izandako esperientzia: gehienez 5 punturaino. (barneratze-neurri judizialak betetzeko zentroa edo espetxeak). Barneratzeko neurri judizialak betetzeko zentroan lan egindako hilabete bakoitzeko 0,10 puntu; espetxeetan lan egindako hilabete bakoitzeko, 0,50 puntu.

            4. Euskararen ezagutza. 1. hizkuntza eskakizuna (B1) egiaztatuta, puntu bat; B2: 2 puntu; C1: 3 puntu; C2: 4 puntu.

            5. Beste hizkuntza batzuk jakitea. Aurreko puntuan zehaztutako maila ofizial bakoitza egiaztatuta, 0,5 puntu.

              Hirugarrena. Balorazio Batzordea.

              IVAPeko Zuzendaritzak balorazio-batzorde bat izendatuko du. Hiru kidek osatuko dute: bat, IVAPek proposatuta; beste bat, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak izendatuta; eta bestea, espetxeetako laguntzaileen kidegoko karrerako funtzionario bat. Idazkari-eginkizunak, boto-ahalmenik gabe, euskal espetxe-administrazioko lanpostuetan diharduen karrerako funtzionario bati egokituko zaizkio. Ordezkorik izendatu behar bada, banaketa eta kualifikazio berbera bete beharko da. Balorazio Batzordeak beharrezkotzat jotzen badu, aholkularien laguntza eskatu ahal izango du, baina beren espezialitate teknikoan jardutera mugatuko dira haiek.

              Laugarrena. Prozesuaren garapena.

              Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, behin-behinean baloratu eta argitaratuko dira merezimenduak. Sindikatuetako ordezkariei helaraziko zaizkie aurkeztutako alegazioak eta ematen zaien erantzuna.

              Merezimenduen balorazioaren araberako lehenengo 60 pertsonei deia egingo zaie, aurrez aurreko jarduera praktiko bat egin dezaten, hiru espetxeen artean banaturik, HAMAR lanegunez, astelehenetik ostiralera: bost, goizeko saioan, 09:30etik 14:00etara; beste bost, arratsaldeko saioan, 16:00etatik 20:00etara. Esleitutako tutoreek baloratuko dute jarduera, gehienez 30 punturekin. Aurrez aurreko jardueran zehar, hainbat galdetegi teoriko-praktiko aurkeztu ahal izango zaizkie, ebatz ditzaten.

              Hautagai zerrenda eratzeko ondoreetarako, jarduera praktikoan lortzen den kalifikazioa edozein dela ere, IVAPek barnean sartuko ditu gutxienez 10 puntu lortu dituztenak.

              Hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira jardueran gutxienez % 80ko bertaratze mailara iristen ez diren izangaiak. Ezarritako jarduera praktikoan parte hartzeak ez du inolako kalte-ordainik ekarriko.

              Balorazio Batzordeak Justizia Administrazioko Zuzendaritzari igorriko dizkio kalifikazioak, onar ditzan eta, ondoren, webgunean eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen iragarki-oholetan argitara ditzan. Izangaien zerrenda jasoko du argitalpenak, puntuazioen arabera ordenatuta, merezimenduen balorazioan eta jarduera praktikoan lortutakoa batu ondoren. Izangaiek bost egun balioduneko epea izango dute bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak edo erreklamazioak aurkezteko.

              Justizia Administrazioko Zuzendaritzak, izangaien dokumentazioa baloratu ondoren, ebazpena emango du, eskaintzan zehaztutako postuen esleipendun izateko hautagaien behin betiko zerrenda onartzeko. Berdinketarik badago, beste eskaintza batzuetan oro har ezarritako irizpideak hartuko dira berdinketa hausteko.

              Akordio honek indarrean dirauen bitartean, hainbat prestakuntza-jarduera praktiko egin ahal izango dira ondoren. Pertsona berriak aurreko prozesuko azken pertsonaren ondoren hasita sartuko dira lan-poltsan.

              Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren ebazpen bidez onartuko dira hautagaien zerrenda eta bete beharreko lanpostuen eskaintza kudeatzeko arauak, eta hautagai berriak hautatu ahal izango dira ezaugarri bereko eskaintzetarako, 2021eko irailaren 27an sinatutako Akordioak indarrean dirauen artean.

              Bosgarrena. Aldi baterako lan-poltsatik kanpo uztea.

              Zerrendatik kanpo uzteko arrazoiak EAEko Administrazio Orokorreko araudi erregulatzaile orokorrean ezarritakoak izango dira, eta horietaz gain, bi txosten negatibo izatea ere, dela nagusi baten aginduak ez betetzeagatik, dela behin eta berriz garaiz ez iristeagatik, dela justifikaziorik gabe lanera ez joateagatik, dela bateragarritasunari buruzko arauak ez betetzeagatik, dela lanbide-erreserbaren betebeharra ez betetzeagatik bere funtzioagatik ezagutzen dituen gaiei dagokienez.

              Aurkeztutako alegazioak onartzen ez badira, pertsona horri jakinaraziko zaio bitarteko-izendapena hutsaltzen dela eta, beraz, lan-poltsatik kanpo geratu dela. Lan-poltsaren jarraipen-batzordea jakinaren gainean jarriko da kanpoan uzteko prozeduraren hasieratik bertatik.

              Zerrendako pertsona bati diziplina-espediente bat edo zigor-prozedura bat irekitzen bazaio, Administrazioak aldi baterako eten ahal izango du lan-poltsan egotea, harik eta espedientea edo prozedura ebatzi arte, dela largespenagatik, dela frogarik ez izateagatik, dela inplikatutako pertsona erantzukizunetik salbuetsita egoteagatik. Hutsegite larria edo oso larria egiteagatik administrazio-bidean zehapen irmoa jarri izana izendapena amaitzeko arrazoia izango da, baita lan-poltsatik kanporatzeko ere.

              Espetxeko zuzendaritza-organoak goian adierazitako gertakariei buruzko txostenik egiten badu, jakinarazi egingo zaio bitarteko funtzionarioari, eta 5 eguneko epea emango zaio alegazioak egin ditzan. Alegazioak aurkezturik, baiesten badira, artxibatu egingo da espedientea.

              Bestela bada, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak arrazoiak emanez jakinaraziko dio interesdunari ez direla kontuan hartu bere oharrak. Halaber, zehaztuko dio zer alderditan aldatu behar dituen bere jokabideak, eta ezagutaraziko dio ezen, baldin eta beste txosten negatibo bat egiten bada haren errendimenduari edo gaitasun ezari buruz, lan-poltsatik kanpo uztea proposatuko dela.

              Aipatutako aurreko arrazoiak direla eta, bigarren txosten bat egiten bada pertsona berari buruz, eta aurkeztutako alegazioak onartzen ez badira, pertsona horri jakinaraziko zaio bitarteko funtzionarioaren izendapena hutsaltzen dela, eta, beraz, lan-poltsatik kanpo geratuko dela.

              Seigarrena. Hautagaien kudeaketarako jarraipen-batzordea.

              Lan-poltsaren jarraipen-batzorde bat sortuko da, partaidetza parekidekoa, Administrazioaren ordezkariek eta akordioa sinatu duten sindikatuetako ordezkari banak osatuta.

              Zazpigarrena. Aplikatu beharreko araudia.

              Xedatu gabeko guztiari dagokionez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2021eko urtarrilaren 7ko Aginduan xedatutakoa aplikatuko da, betiere espresuki araututakoaren aurkakoa ez bada.

              Zehazki, parte hartzeko baldintzei, eskabideak aurkezteari, esleitzeari eta Administrazioan sartzeari eta datuen babesari buruz oro har ezarritako informazioari dagokionez.

              B ERANSKINA

              ATARIAN ESKAINTZA EGITEKO OINARRI ESPEZIFIKOAK, EUSKAL ESPETXEETAKO ADMINISTRAZIOARI ATXIKITAKO A1 AZPITALDEKO LANPOSTUEI DAGOKIENEZ

              Lehenengoa. Lanpostuen datuak.

              1. Herria: hiru euskal espetxeetako instalazioak

              2. Eremu funtzionalak:

                A1 azpitaldea (gaur egun, espetxeetako teknikarien goi-mailako kidegoari atxikitako langileek beteta)

                Espezialitate juridikoa.

                Psikologiako espezialitatea

                Ordainsariak, III-C maila: 46.346,18.

                A2 azpitaldea (gaur egun, espetxeetako teknikarien kidego bereziari atxikitako langileek beteta).

                Gizarte-laneko kategoria

                Ordainsariak, IV-C maila: 40.589,52.

              1. Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Saila.

              2. Bitarteko funtzionario izendatzea, transferentzia-prozesutik datozen lanpostuei dagokienez, EAEko Administrazio Orokorreko Lanpostuen Zerrendan sartzeko zain.

                Baldin eta esleipenduna karrerako funtzionarioa edo langile lan-kontratudun finkoa bada, aukera izango du, dela jatorrizko kidegoan eszedentzia eskatzeko, dela zerbitzu-eginkizunetan/aldi baterako mugikortasunean izendatua izateko.

              3. Baldintza espezifikoak:

                Eskatzaileak ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, zigor-aurrekaririk ez duela egiaztatzen duena.

                Eskatzaileak ziurtagiri mediko bat aurkeztu beharko du, eskaintzan sartzen diren eginkizunak betetzeko gaitasuna izatearena.

                Hautaketa-prozesuan zehar eskatzen zaizkion kontrol medikoak egin beharko ditu, eta prozesutik kanpo utzi ahal izango da baldin eta aurkako txostenik badago, aurretik kontraesaneko prozedura egin ondoren.

              4. Eginkizunak.

                Espetxeen Erregelamenduak honako eginkizun hauek esleitzen dizkie:

                Legelariari (281. artikulua)

              1. Preso bakoitzari buruz jasotako zigor-, prozesu- eta espetxe-egoerari buruzko informazio guztia aztertzea, hura sailkatzeko zein haren tratamendua programatzeko beharrezkoa den balorazio kriminologikoa egitea, eta lantaldearen bileretan aurkeztu behar dituen bere espezialitateko txostenak egingo ditu.

              2. Lantaldearen bileretara bokal gisa joatea, bertako jardueran eta erabakietan parte hartuz, eta, behin kasu bakoitzari buruz kide guztiek informazioa eman ondoren, diagnostiko kriminologikoaren proposamen globala egitea eta, hala badagokio, tratamenduaren programazioarena ere; aurretik eztabaidatu eta adostu ondoren, Zuzendaritza Zentrora bidali beharreko destino proposamen arrazoitua edo azken txostena idaztea. Txostenak Zuzendariorde-Lantaldeburuaren onarpena beharko du aurretik.

              3. Lantaldeak eztabaidatu eta dagokion erabakia hartu ondoren, agintari judizialek, Ministerio Fiskalak eta Zuzendaritza Zentroak eskatutako txostenak idaztea.

              4. Ahal den neurrian eta taldeak zehazten duen moduan, tratamendu-metodoak gauzatzen laguntzea.

              5. Presoei zigor-, prozesu- eta espetxe-egoerari buruzko informazioa ematea, dela norberaren ekimenez, egokia dela uste badu, dela presoak berak eskatuta, baita 130.1 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako ere, betiere barneratuak hala eskatuz gero eta Araubide eta Administrazio Batzordeko bokala izan ezean.

              6. Presoek egindako edo jarritako instantzia eta errekurtsoen berri ematea zuzendariari, haien eskubide eta egoera juridikoei dagokienez.

              7. Oro har, establezimenduaren zuzendaritzari aholkularitza juridikoa ematea.

              8. Zuzendariak agintzen dizkion zeregin guztiak betetzea, norberaren egitekoei dagokienez.

                Psikologoari (282. artikulua):

              1. Barneratuen nortasuna aztertzea, psikologia-zientziaren ikuspegitik eta haren metodoen arabera, haien tenperamentu- eta karaktere-ezaugarriak, gaitasunak, jarrerak eta sistema dinamiko-motibazionala kalifikatuz eta ebaluatuz, baita, oro har, behaketapekoaren izaera eta jokabidea interpretatzeko eta ulertzeko interesgarritzat jotzen dituen nortasunaren sektore eta ezaugarri guztiak ere.

              2. Barneratu bakoitza aztertzeko metodo psikologiko egokienen aplikazioa eta zuzenketa zuzentzea, proba psikometrikoak eta proiekzio-teknikak interpretatzea eta baloratzea, horiek guztiak gainerako datu psikologikoekin batera baloratuz, eta berari dagokio lantaldeei eman beharreko txostena idaztea, baita amaierako txosten psikologikoa ere, sailkapen-proposamenean edo tratamendu-programan txertatuko dena.

              3. Behaketa edo Tratamendu Lantaldeen bileretara bokal gisa joatea, eta haien erabakietan eta jardueretan parte hartzea.

              4. Hezitzaileen txostenak aztertzea, portaeraren behaketa zuzenaren alderdi psikologikoa gainerako metodoekin kontrastatuz eta, haiekin lankidetzan, behaketa-teknikak hobetzen saiatuz.

              5. Beharra duten behaketapeko presoei, haien egoera ahalbidetzen badu, eta batez ere gazteei, lanbideari buruzko aholkuak ematea, Pedagogoarekin lankidetza estuan arituz, taldean halakorik badago.

              6. Industria-psikologiako zereginak betetzea espetxe-tailerrei eta lanbide-heziketako eskolei dagokienez, bai eta psikologia pedagogikoko zereginak ere, espetxeetan ezarritako ikasturteetako ikasleei dagokienez.

              7. Barneratu bakoitzari ezarritako psikologiazko tratamendu metodoak gauzatzea, bereziki banakako eta taldeko aholkularitza psikologikokoak, jarrerak aldatzeko teknikak eta portaera-terapiakoak.

              8. Zuzendariak agintzen dizkion zeregin guztiak betetzea, norberaren egitekoei dagokienez.

                A2 funtzioak: goi-mailako teknikarien kidegoari esleitu ez zaizkion lankidetza-zereginak egitea dagokio, behaketa, sailkapen, tratamendu eta erregimenerako kasuan-kasuan ezarritako arauak aplikatuz, eta espetxe-establezimenduaren araubidea, diziplina eta funtzionamendu ona zainduz.

                A2 azpitaldea/Gizarte Laneko kategoria

                Gizarte-laguntzaileek honako lan hauek egingo dituzte:

              1. Elkarrizketak egitea behatutako edo tratatutako barneratuekin, haien senideekin eta, oro har, haiek ezagutzen dituzten pertsonekin, eta, beharrezkoa bada, haien etxera joanez, eskura dituzten bitarteko guztiak erabiliz haiei buruzko ahalik eta informazio periferiko zabalena jasotzeko.

              2. Bera bizi den herriko gizarte-zerbitzuekin koordinatzea.

              3. Bere espezialitateari dagokion txostena egitea eta lantaldearen bileretan aurkeztea, baita establezimenduaren zuzendaritzak eskatzen dienean ere.

              4. Behaketa eta Tratamendu Lantaldeen bileretara bokal gisa joatea, eta bertako erabakietan eta jardueretan parte hartzea.

              5. Tratamendu-merezimenduak gauzatzen laguntzea, bereziki metodo sozialen bidez.

              6. Establezimenduko presoek beren gauzetarako edo familiari dagozkion gauzetarako behar duten laguntza kudeatzea.

              7. Bere eginkizuna betetzean lorturiko informazioaren dokumentazioa bildu, artxibatu eta bere sailean zaintzea.

              8. Harreman profesional egokiak izatea gainerako gizarte-laguntzaileekin.

              9. Zuzendariak, zuzendariordeak edo lantaldeko buruak agintzen dizkion lan guztiak egitea, arlo profesional hertsiaren eremuan.

                Bigarrena.

                1. A1 Juridikoa/Psikologia lanpostuetako merezimenduen baremoa (Gehienez, 37 puntu)

                  1. Espetxeetako Goi-mailako Kidegoan bitarteko gisa edo kontrataturik izandako aurreko esperientzia, azken bost urteetan: 0,5 puntu lan eginiko hilabete bakoitzeko, gehienez ere 20 puntu.

                  2. Estatuan edo autonomia-erkidegoetan Espetxeetako Goi-mailako Teknikarien Kidegora sartzeko proba guztiak gainditu izana: 15 puntu. Sarbide-faseren bat gainditu izana: 5 puntu proba bakoitzeko.

                  3. Espetxeetako Kidego Bereziko eta Espetxeetako Laguntzaileen Kidegoko karrerako funtzionarioak. Kidego Berezikoak: 5 puntu; Laguntzaileen kidegokoak: 4 puntu.

                    Kriminologiako graduko titulazio akademikoarekin legelari postuei dagokienez, eta psikologia klinikoko akreditazioarekin psikologiako postuei dagokienez. 1 puntu erantsita.

                  4. Azken bost urteetan Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetako hezitzaile lanpostuetan izandako esperientzia, gehienez 4 puntu, lan egindako hilabete bakoitzeko 0,075 puntu zenbatuta.

                2. A2 (lehengo B) lanpostuko merezimenduen baremoa (Gehienez, 37 puntu)

                  1. Espetxeetako Kidego Berezian bitarteko gisa edo kontrataturik izandako aurreko esperientzia, azken bost urteetan: 0,5 puntu lan egindako hilabete bakoitzeko, gehienez ere 20 puntu.

                  2. Estatuan edo autonomia-erkidegoetan Espetxeetako Kidego Berezira sartzeko proba guztiak gainditu izana: 15 puntu. Sarbide-faseren bat gainditu izana: 5 puntu proba bakoitzeko.

                  3. Espetxeetako Laguntzaileen Kidegoko karrerako funtzionarioak, gradu/lizentziatura tituluarekin: 4 puntu.

                  4. Azken bost urteetan A2 lanpostuetan izandako esperientzia: gehienez 4 puntu, lan egindako hilabete bakoitzeko 0,075 puntu zenbatuta.

                3. Gizarte Laneko titulazioa eskatutako postuen merezimenduen baremoa (Gehienez, 37 puntu)

                  1. Gizarte Laneko titulazioa eskatutako lanpostuetan bitarteko gisa edo kontrataturik izandako aurreko esperientzia, azken bost urteetan: 0,5 puntu lan egindako hilabete bakoitzeko, gehienez ere 20 puntu.

                  2. Estatuan edo autonomia-erkidegoetan Gizarte Laneko Kidego/Kategorian sartzeko proba guztiak gainditu izana: 15 puntu. Sarbide-faseren bat gainditu izana: 5 puntu proba bakoitzeko.

                  3. Espetxeetako Laguntzaileen Kidegoko karrerako funtzionarioak, gradu/diplomaturako beste titulazio akademiko bat badute: 4 puntu.

                4. Deialdi guztietarako merezimendu komunen baremoa

                  1. Euskararen ezagutza. Hizkuntza-eskakizunen egiaztapena: B1: puntu bat, B2: 2 puntu, C1: 3 puntu, C2: 4 puntu.

                  2. Beste hizkuntza batzuk jakitea. Aurreko puntuan zehaztutako maila ofizial bakoitza egiaztatuta, 0,5 puntu.

                    Hirugarrena. Balorazio Batzordea

                    IVAPeko Zuzendaritzak balorazio-batzorde bat izendatuko du. Hiru kidek osatuko dute: bat, IVAPek proposatuta; beste bat, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak izendatuta; eta bestea, espetxeetako laguntzaileen kidegoko karrerako funtzionario bat. Idazkari-eginkizunak, boto-ahalmenik gabe, euskal espetxe-administrazioko lanpostuetan diharduen karrerako funtzionario bati egokituko zaizkio. Ordezkorik izendatu behar bada, banaketa eta kualifikazio berbera bete beharko da. Balorazio Batzordeak beharrezkotzat jotzen badu, aholkularien laguntza eskatu ahal izango du, baina beren espezialitate teknikoan jardutera mugatuko dira haiek.

                    Laugarrena. Prozesuaren garapena.

                    Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, gutxienez 15 puntuko puntuazioa lortu duten izangaiak sartuko ditu Batzordeak behin-behineko zerrendan. Zerrenda horren aurka egiteko, bost eguneko epea izango dute izangaiek, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen web orrian eta iragarki-oholetan zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

                    Baldin eta behin-behineko zerrendan ageri diren pertsonek ez badute egiaztatu zerbitzua eman izana gizarte-zerbitzuetako lanpostuetan, teknikarien kidego bereziko lanpostuetan edo goi-mailako teknikarien lanpostuetan, aurrez aurreko jarduera praktiko batean parte hartu beharko dute, A eranskinean adierazitako baldintza berberetan.

                    Epea amaitu eta gero, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak, izangaien dokumentazioa baloratu ondoren, ebazpena emango du, eskaintzan zehaztutako postuen esleipendun izateko hautagaien behin betiko zerrenda onartzeko.

                    Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren ebazpen bidez onartuko dira hautagaien zerrenda eta bete beharreko lanpostuen eskaintza kudeatzeko arauak.

                    Salbuespen gisa, eta zerbitzua ematen dela bermatzeko, esleipendunek mugikortasun-prozesuetan parte hartu ahal izango dute.

                    C1 azpitaldeko poltsarako ezarritako baztertzeko arrazoi eta prozedura berberak sartuko dira.

                    Bosgarrena. Hautagaien kudeaketarako jarraipen-batzordea.

                    C1 azpitaldeko poltsarako adierazitakoa.

                    Seigarrena. Aplikatu beharreko araudia.

                    C1 azpitaldeko poltsarako adierazitakoa.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik