Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2026ko uztailaren 7koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena; honen bidez ezartzen dira 2026an goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak emateko araubidearen oinarriak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 156
  • Hurrenkera-zk.: 3641
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2026/07/07
  • Argitaratze-data: 2026/08/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Agindu honen bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dirulaguntzen lerro bat ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzen laguntzeko.

Izan ere, goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko jarduerak sustatzeari garrantzizko irizten dio Eusko Jaurlaritzak, eta horregatik egiten du deialdi hau. Oro har, kirolaren praktika orokorrerako pizgarri dira, lehiarako esparru bat eskaintzen diete goi-mailako euskal kirolariei eta jarduera ekonomikoa sortzen dute.

Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legearen arabera, goi-mailako kirola interes publikokoa ere bada; izan ere, batetik, funtsezko faktorea da Euskal Autonomia Erkidegoan oinarrizko kirola garatzeko, eta, bestetik, errepresentazio-funtzioa du Estatuko eta nazioarteko kirol-lehiaketa ofizialetan. Legeak, gainera, Autonomia Erkidegoko erakunde komunei ematen die goi-mailako kirola antolatzeko eta sustatzeko eskumena.

Agindu hau sartuta dago Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Dirulaguntzen 2025-2028 urteetarako Plan Estrategikoan eta 2025eko Dirulaguntzen Urteko Planean. Plan horiek onartu ziren Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2026ko otsailaren 17ko Aginduaren bidez, eta sailaren webgunean argitaratu.

Kontuan hartuta zer xedatzen duen Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren II. tituluko IV. kapituluak, modu aktiboan hartuko da aintzat emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua, dirulaguntza-programa hau landu eta aplikatzeko orduan.

Horrenbestez, beharrezkoa da kirol-lehiaketak goi-mailakotzat jo ahal izateko bete behar dituzten ezaugarriak definituko dituzten baldintzak eta irizpideak finkatzea, bai eta laguntza horiek eskatzeko, izapidetzeko eta emateko arauak finkatzea ere.

Horren ondorioz, honako hau

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote entitate interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 7a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

  1. Agindu honetan, 2026an Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egingo diren edo hasiko diren goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egiten da eta dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen.

  1. Deialdi honen ondorioetarako, goi-mailako kirol-lehiaketatzat joko dira nazioarteko eremua eta izaera duten lehiaketak, baldintza hauek betetzen badituzte:

    1. Nazioarteko federazio baten, europar federazio baten edo nazioarte-mailako liga profesional baten egutegi ofizialaren barruan egotea.

    2. Mundu-mailako lehiaketetan, bi kontinentetako edo gehiagotako kirolariek parte hartzea.

    3. Lehiaketa guztietan, bi herrialdetako eta gehiagotako kirolariek parte hartzea.

    4. Zirkuitu edo liga formatuko lehiaketetan, bi herrialdetan edo gehiagotan antolatzea.

    5. Tenisaren kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira dirulaguntzen helburu: Europar Federazioaren, Tenis Profesionalaren Elkartearen eta Kirol Egokituaren Nazioarteko Federazioaren egutegi ofizialean sartzen diren kirol-lehiaketak.

    6. Surfaren kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira dirulaguntzen helburu: Nazioarteko Elkartearen, Europar Federazioaren eta Surflari Profesionalen Elkartearen egutegi ofizialean sartuak diren kirol-lehiaketak.

    7. Boxeoaren kirol-modalitateari dagokionez, honako hauek izango dira dirulaguntzen helburu: nazioarteko titulu ofizial bat lor daitekeen goi-mailako kirol-lehiaketak.

  2. Lehiaketak antolatzeko ematen diren dirulaguntzak 2026ko ekitaldiko gastuak finantzatzeko erabiliko dira, soilik.

  3. Agindu honetatik kanpo geratuko dira honako lehiaketa hauek: kirol-erakusketak edo -ikuskizunak eta nazioarteko eremua eta izaera ez dutenak.

  4. Ezin izango dituzte inola ere dirulaguntza hauek eskatu, eta, hortaz, deialditik kanpo geratuko dira, bi sexuen arteko berdintasun-tratua eta -aukerak bermatzen ez dituzten jarduerek.

Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko aurrekontuko zuzkidura hirurehun mila (300.000) eurokoa da, guztira; horietatik ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio eta beste ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euro 2027rako konpromiso-kredituari.

  1. Entitate hauek jaso ditzakete agindu honen bidez arautzen diren laguntzak:

    1. Kirol-federazioek, kirol-klubek, kirol-elkarteek eta kirola helburu duten merkataritza-sozietateek, baldin eta legez eratuak izanik erregistro egokian inskribaturik badaude.

    2. Aurreko atalean aurreikusi gabeko entitate nortasun juridikodunek, baldin eta baldin eta, legez eratuak izanik, erregistro egokian inskribaturik badaude eta kirol-modalitateen jarduerak antolatzen badituzte, aldian-aldian edo noizean behin.

  2. Ezin izango dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden entitateek, eta zehazki egoera hauetan daudenek:

    1. 2023ko otsailaren 13an Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak emandako Aginduan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzarik ezin izango dute jaso beren zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituzten entitateek, ez eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkion ordainketak egunean ez dituztenek ere. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, egiaztatu egingo da dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, bai eta ordainketak egiteko unean ere.

    2. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.3 artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera, ezin izango da deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzarik eskuratu sexuan oinarritutako diskriminazioa eragiten duten jarduerarik eginez gero. Lege horren 13.1.h) artikuluaren arabera, halaber, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ezta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera.

    3. Era berean, ez zaio dirulaguntzarik emango, ez zuzenean ez zeharka, LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen duen inongo pertsona fisiko edo juridiko publikori, dela publikoa, dela pribatua, dela finantzaketa mistokoa, barne dela konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea, otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (lege hori Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa da).

    4. Ezin izango dute dirulaguntzarik eskuratu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lehiaketa bererako bideratutako dirulaguntza izendunak jasotzen dituzten erakundeek.

  3. Dirulaguntza jasotzen duten entitateek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartu behar dute, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Entitate onuradunek hirugarrenekin itundu dezakete diruz lagundutako jardueraren % 50 gauzatzea, azpikontratu guztien prezioak batuta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Ez da azpikontrataziotzat hartuko onuradunak dirulaguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak.

  1. Laguntzen zenbatekoa zehazteko, norgehiagoka prozedura erabiliko da, eta horren ondorioz, agindu honetako 3. artikuluan esleitutako zuzkidura ekonomikoa honelaxe banatuko da: 13. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz, balioespen-fasean eskabideek lortutako puntuazioaren arabera, betiere artikulu honen 3. apartatuan ezarritako dirulaguntzaren zenbateko maximoa errespetatuz edo, kasua bada, txikiagoa izanez gero, eskatutako zenbatekoa.

  2. Dirulaguntzei buruzko proposamena eta ebazpena egiteko, betiere kontuan izan beharko dira ezarritako dirulaguntza-mugak.

  3. Jarduera bakoitzeko dirulaguntza hogei mila (20.000) eurokoa izango da, gehienez.

  4. Aurreko paragrafoan ezarritako muga aplikatuta, ez bada agindu honetan ezarritako balorazio-irizpideen arabera egindako banaketan esleitutako zenbateko guztia erabiltzen, beharrezko doikuntzak egin ahal izango dira, gaindikina banatzeko, zenbateko osagarriak jaso ditzaketen onuradunen artean. Banaketa berri hori egiteko, arestian aipatutako mugak gainditu ez dituzten entitate eskatzaileen artean birbanatuko da sobera dagoen zenbatekoa, artikulu honetako 1. apartatuan ezarritako prozedura berari jarraituz.

  1. Hilabetekoa izango da agindu honetan araututako dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

  2. Entitateek derrigorrez eskatu behar dute dirulaguntza bide elektronikotik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Eskatzaileek Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan nahiz 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistro elektronikoetan aurkez ditzakete eskabideak eta egiaztagiriak.

  3. Entitate interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez eskatu, kontsultatu eta gauzatuko dituzte eskabidearekin lotutako izapide guztiak, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbizuak/0096015

    Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

    Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin daiteke, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

  4. Entitate eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten eran. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

  5. Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

  1. Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 12ko Aginduaren 6.2 artikuluaren arabera, organo kudeatzaileak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak, hurrenez hurren, emandako administrazio-ziurtagiri positiboak eskatuz. Hala ere, eskatzailea horren aurka agertu daiteke, arrazoiak emanez, baina, kasu horretan, berak aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

  2. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako betekizun hauek egiaztatuko dira eskaera-orri normalizatuan:

    1. Helburu bera betetzeko, beste edozein administraziok edo erakunde publikok nahiz pribatuk ematen dituen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

    2. Jaso dituela edo ez dituela jaso, Batzordearen 203ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduan, Europar Batasuneko Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoan, ezarritako laguntzak 2021, 2022 eta 2023ko zerga-ekitaldietan. Baiezko kasuan, zenbatekoa eta entitate emailea adierazi beharko ditu.

    3. Entitate eskatzaileak ez duela zigor administratibo edo penalik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzea eragozten dionik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere, espresuki aipatuz sexu-diskriminazioagatik ezarritako debekuak.

    4. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteak izatea.

    5. Entitate eskatzailea ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluak ezarritako beste ezein egoeratan eta ez duela beste debekurik.

    6. Entitate eskatzaileak indarrean duela berdintasun-plana, eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituela, edo, hala badagokio, ez duela dokumentazio hori eduki beharrik, 1/2023 Legegintzako Dekretuan, martxoaren 16koan, 23.2 artikuluan, ezarritakoaren arabera (Dekretu horrek onartzen du emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina).

    7. Ez dagoela Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan aurreikusitako egoeretan.

    8. Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta betetzen direla laguntza hauen entitate onuradun izateko indarrean den araudian ezartzen diren betekizunak.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroetan inskribatutako entitateek eskabidean adierazi beharko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta, eta ez da beharrezkoa izango horren egiaztagiririk aurkeztea.

    Entitateak ez badira agertzen inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko erregistro publiko bakar batean ere, beren izaera juridikoaren araberako legezko eraketa egiaztatu beharko dute, eta estatutuak aurkeztu; ondorio horretarako, eskabidean adieraz dezakete zein erregistrotan dauden inskribatuta.

  1. Jardueraren memoria; eskabide-inprimakiaren apartatu egokian bete beharko da. Agiri horretan, honako hauek zehaztuko dira: lehiaketaren izena, eguna eta tokia, maila, kategoria absolutuko lehiaketa den ala ez, programa olinpikoan sartuta dagoen ala ez, zenbatek parte hartuko duten eta jarduera horren zenbatgarren ekitaldia den.

  2. Egutegi ofizialen bat, nazioarteko federazio batena, Europako federazio batena, edo nazioarteko liga profesional batena, non ageri den dirulaguntzaren helburu den lehiaketa; edo, bestela, URL lotura, non kontsultatu daitekeen aipatutako egutegia. Zirkuitu edo liga formatuko lehiaketei dagokienez, proba guztien egutegia eta haiek non ospatuko diren jasotzen dituen agiria.

  3. Lehiaketa amaituta badago, emaitza ofizialak erantsi behar dira, eta zer kontinente, herrialde eta kirolarik parte hartu duten zehaztu. Lehiaketa egin gabe badago, aurreko urteko emaitza ofizialak eta lehiaketan parte hartuko duten kirolarien aurreikuspena erantsi behar dira.

  4. Lehiaketako kartela eta programa, emakumeen parte-hartzea sustatzen duten jarduerak zehaztuta, halakorik bada. Era berean, maila txikiagoko kirol-lehiaketako beste jarduera batzuk ere egiaztatuko dira, halakorik izanez gero.

  5. Jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu banakatua eta xehatua; eskabide-inprimakian dagokion apartatuan bete beharko da.

  6. Jarduera garatzen bada beste entitate publiko edo pribatu batzuekin elkarlanean edo hitzarmen bidez, hori egiaztatzen duen hitzarmen edo kontratuaren kopia. Kasu horretan, eskatzailea ez den entitate antolatzaileari dagokionez, aurreko paragrafoetan ezarritako agiriak eska daitezke.

  7. Eskabidea baloratzeko aurkeztu nahi den dokumentazio osagarria.

    Emandako dokumentazio guztiak hizkuntza inklusibo eta ez-sexista izan beharko du. Gainera, emandako datu guztiek sexuaren arabera bereizita egon beharko dute.

  1. Ikusiz gero eskabidea izapidetzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela, edo akatsak aurkituz gero, eskabidea baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan, hamar egun balioduneko epea emango zaio entitate interesdunari, hutsegitea konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela, dagokion ebazpenaren ondoren.

  2. Entitate eskatzaileren batek eskabidea aurkezten badu bitarteko ez elektronikoen bidez, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zen eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak.

  1. Balorazio-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko. Honako hauek osatuko dute batzordea: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna (batzordeburua izango da) eta arlo horretako bi teknikari, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak izendatutakoak (horietako bat idazkaria izango da). Batzorde horrek Basque Team Goi Mailako Zentroko langileen aholkularitza izango du, dirulaguntza ebazteko erabilitako kirol-irizpideei dagokienez.

  2. Balorazio-batzordea eratzeko, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

  3. Balorazio-batzordearen egiazko osaera EHAAn argitaratuko da, batzordea eratu aurretik, interesa duen edozein pertsonak aukera izan dezan bere errefusatze-eskubideaz baliatzeko, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.

  4. Batzorde horrek txosten bat egingo du, eta hor zehaztuko du egindako ebaluazioaren emaitza. Organo kudeatzaileak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusi ondoren, ebazpen-proposamen arrazoitua egingo du, eta Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari helaraziko dio.

  5. Balorazio-batzordeko kideek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezartzen diren abstentziorako arrazoiren batean ez daudela; konfidentzialtasuna bermatu dela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez dituztela erabiliko eta, txostena egin ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

Gehienez ere 110 puntu lor daitezke.

Balorazio-batzordeak aztertuko ditu jaso diren eskabideak, eta jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera, alderdi hauek ebaluatuko ditu:

  1. Lehiaketa edo probaren maila (50 puntu, gehienez):

    Munduko txapelketak: 50 puntu.

    Europako txapelketa: 45 puntu.

    Munduko kopa: 35 puntu.

    Zirkuitu edo liga formatuko munduko txapelketa: 30 puntu.

    Kategoria goreneko nazioarteko probak: 20 puntu.

  2. Kategoria absolutua (10 puntu).

    Lehiaketa kategoria absolutukoa dela egiaztatzen duten eskabideek 10 puntu lortuko dituzte; hala ez bada: 0 puntu.

  3. Lehiaketa programa olinpikoan sartuta egotea (10 puntu).

    Lehiaketa programa olinpikoan sartua dela egiaztatzen duten eskabideek 10 puntu lortuko dituzte; hala ez bada: 0 puntu.

  4. Lehiaketa zenbat aldiz egin den (20 puntura arte): 2025eko edizioa kontuan izanik.

    Edizio-kopuruaren arabera egingo da puntu-banaketa, taula honetan oinarriturik:

    50 edizio baino gehiago: 20 puntu.

  1. 50 edizio: 15 puntu.

  1. 40 edizio: 10 puntu.

  1. 30 edizio: 5 puntu.

  1. 15 edizio: 0 puntu.

  1. Dirulaguntzaren xede den goi-mailako kirol-lehiaketaren programan maila apalagoko lehiaketa-kirolen jarduerak sartzea (5 puntu).

  2. Antolatutako lehiaketetan emakumeen parte-hartzea sustatzea (gehienez 15 puntu). Puntuen banaketa egingo da lehiaketan emakumeek duten parte-hartzearen arabera:

    Emakumeek bakarrik parte hartzen duten lehiaketak: 15 puntu.

    Emakumeen presentzia % 50etik gorakoa duten lehiaketak: 10 puntu.

    Emakumeen presentzia % 50etik beherakoa duten lehiaketak: 5 puntu.

    Emakumeek parte hartzen ez duten lehiaketak: 0 puntu.

  1. Bateragarriak izango dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, sarrerak eta bestelako baliabideak, baldin eta helburu bererako badira eta, betiere, gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

  2. Aurrekoa gora behera, ezin izango dute dirulaguntzarik eskuratu, agindu honen 4.2.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lehiaketa bererako bideratutako dirulaguntza izendunak jasotzen dituzten entitateek.

  1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman eta jakinaraziko du, organo kudeatzaileak helarazitako proposamena aztertu ondoren, sei hileko epean, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik aurrera.

  2. Ebazpen hori argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, jakinarazpen-ondorioetarako eta herritar guztiek horren berri izan dezaten. Argitalpen horren berri emango da Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  3. Lehenengo apartatuan aipatutako epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute beren dirulaguntza-eskabidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

  4. Ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak (Herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko bideari buruzkoa) 88. artikuluan eta 39/2015 Legeak 43. artikuluan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena egintzat joko da haren edukirako sarbidea gertatzen den unean. Kasu bakoitzean ezarritako epealdia entitateak jakinarazpenaren xede-egintza jaso duela adierazteko sinadura elektronikoa eman eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da.

    Entitateak gailu elektroniko bat edo helbide elektroniko bat eman ahal izango du, jakinarazpenen oharrak jasotzeko. Ebazpena jakinaraziko da bitarteko elektronikoak erabiliz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  1. Lehenengo puntuan aipatutako ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluei jarraikiz; hala ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoarekin bat.

  2. Ebazpenean aipatu beharko da emandako laguntzak «minimis» araubide juridikoaren mende daudela, erreferentzia espresua eginez Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamenduari.

  1. Agindu honen kargura esleitutako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

    1. Dirulaguntzaren % 50 adjudikazio-ebazpena jakinarazi ondoren eta 15.a) artikuluan adierazitako onartzeko epea igaro ondoren ordainduko da.

    2. Dirulaguntzaren beste % 50a, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera, proiektuaren justifikazioa onartu ondoren.

  2. Ez da inolako ordainketarik egingo pertsona edo entitate onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu edo itzulketa baten ondoriozko ordainketa egin ez badu, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.f) artikuluan ezarritakoaren arabera.

  3. Pertsona edo entitate onuradunak bere banku-datuak aurkeztu edo eguneratu beharko ditu, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

  1. Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek bete beharko dute Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan onetsitako betebehar-araubidea, eta, zehazki, honako betebehar hauek:

    1. Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean, onuradunek ez badiote idatziz eta espresuki uko egiten dirulaguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.

    2. Diruz lagundutako proiektua gauzatzea deialdira aurkeztu den baldintzetan.

    3. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztu ostean burutzen bada lehiaketa, burututakoan, arbitroen aktak eta lehiaketako behin betiko programa bidali beharko zaizkio elektronikoki Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari.

    4. Aurkeztu den aurrekontuan agertzen diren gastuak ordaintzeko erabiltzea dirulaguntza, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren emate-ebazpenarekin bat etorriz.

    5. Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, haiek hala eskatuz gero, beren funtzioen jardunean.

    6. Jarduera beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu dela jakinaraztea dirulaguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster komunikatu behar zaio, eta, betiere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

    7. Behar bezala ikuskatuak izatea kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak, entitate onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoak zaizkion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro ere, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

    8. Jasotako funtsen erabilera justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

    9. Nolanahi ere, dirulaguntzaren xede den jarduerak iraun bitartean, ikusgarri jarri beharko da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babesa ematen diola.

    10. Jarduera aurkezteko egiten diren ekitaldi publikoetara deitzea Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza, salbu eta ekitaldia egin ostean eman bada dirulaguntza; kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortutako agirietan jaso beharko da egoera hori.

    11. Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzetan ez da hizkera sexistarik erabiliko, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa betez. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egotea bermatuko da.

    12. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea proposatutako lehiaketan zehar, eta, zehazki, publizitateari eta agiriei dagokien guztian (gutunak, kartelak, liburuxkak, programak, megafonia, etab.).

    1. Jasotako funtsak itzultzea deialdi honen araudian aurreikusitako kasuetan.

  1. Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira 2027ko martxoaren 1a baino lehen, agindu honen 5. artikuluan ezarritako jarraibideen arabera, eta kontuan hartuta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan justifikazioak aurkeztearen inguruan xedatutakoa.

  2. Bide elektronikoak erabiliz aurkeztu beharreko justifikazio-dokumentazioa:

    1. Jarduera gauzatzeari buruzko memoria laburtua, datuak sexuen arabera bereizita.

    2. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztu ostean burutu bada lehiaketa, arbitroen aktak eta lehiaketako behin betiko programa.

    3. Egindako gastuak justifikatzea fakturak eta ordainketa-ziurtagiriak aurkeztuz. Gastuak egiaztatuko dira fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten bestelako agirien bidez. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu daitezke gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte.

      Faktura eta egiaztagiri guztiak espediente elektronikoari erantsiko zaizkio.

      Aurkeztutako fakturek diruz lagundutako jarduera osoa justifikatu behar dute.

    4. Ekitaldiaren aurrekontu likidatua, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita. Bereziki jaso beharko dira helburu berarekin eskuratutako beste laguntzak, eskabideak aurkezteko unean haien eraginkortasunaren berri ez baldin bazegoen (II. eranskina).

    5. Egindako gastuen zerrenda zehatza (jardueraren zenbateko osoa beste). (III. eranskina).

    6. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza berariaz aipatzen duten dokumentu guztien aleak, laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.

    7. Jarduera edo programa gauzatzean Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili direla egiaztatzen duten agiriak.

  1. Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira lehiaketa antolatzearen ondorioz instalazioei, logistikari, materialari, lizentziei, aseguruei eta langileei dagozkien gastuak; halaber, diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten dion beste edozein gastu ere, eskabidean kuantifikatuta badago, behar-beharrezkoa bada, eta 2026an egiten bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan adierazten den bezala.

    Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketaren kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

  2. Hala badagokio, hiru eskaintza eskatu beharko dira, gutxienez, hirugarrenekin itunduko den eta diruz lagunduko den gastuaren zenbatekoak gainditzen baditu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak.

    Aurkeztutako eskaintzen arteko hautua efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta berariaz justifikatu beharko da, memoria batean, baldin proposamen ekonomiko merkeenaren alde egiten ez bada. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.

  3. Finantza-gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario- eta erregistro-gastuak eta diruz lagundutako proiektua egiteko gastuak eta administrazio-gastu espezifikoak diruz lagungarriak dira, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzenean lotuta badaude eta baldin eta hura behar bezala antolatzeko edo egiteko ezinbestekoak badira.

    Ez dira inola ere gastu diruz lagungarriak izango honako hauek:

    1. Banku-kontuetako interes zordunak.

    2. Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

    3. Prozedura judizialen gastuak.

      1. Tributuak diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira, baldin eta entitate onuradunak benetan ordaintzen baditu, eta diruz lagun daitekeen jarduerarekin zerikusia badute. Zeharkako zergak, ordea, ez dira sekula diruz lagun daitekeen gastutzat joko, baldin eta errekuperatu edo konpentsatu badaitezke, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

      2. Zeharkako kostuak diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio entitate onuradunak, arrazoiz dagokien zatian, oro har onesten diren kontabilitate-printzipio eta -arauekin bat, eta, nolanahi ere, kostu horiek baldin badagozkio jarduera benetan egiten den aldiari.

  1. Dirulaguntza itzuli beharko da kasu hauetan:

    1. Jasotako dirulaguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan eta dirulaguntzen arloko xedapenetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili badira.

    2. Agindu honetan eta dirulaguntzei buruzko xedapenetan ezarritako obligazioak betetzen ez badira.

    3. Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa dagokion epean itzultzen ez bada.

    4. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako gainerako arrazoien kasuan.

  2. Betetze partzialen kasuan, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuko da, eta kontuan hartuko da aipatutako betetzea nabarmen hurbildu ote den erabat betetzera, eta pertsona edo entitate onuradunen aldetik egiaztatu ote den konpromisoak betetzeko joera argia izan dutela.

  3. Horrelako ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, osorik edo partzialki, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 eta 2 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta agindu honen 21.2 artikuluan aurreikusitako prozeduraren bidez izapidetuko da, aurretik aipatutako lege horren 40. artikuluan xedatutakoa bete dadin. Horrez gain, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua aplikatuko da; Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu Dekretu horrek.

  1. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo entitate publiko nahiz pribatu batzuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu daiteke, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 25. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta, betiere, dirulaguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

  2. Agindu honetan aurreikusitako likidazio- eta itzultze-egoeretan, prozedura hau beteko da:

    1. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak hasiera emango dio likidazio- eta itzulketa-prozedurari eta hura oinarritzen duten kausei, eta 10 egun balioduneko epea emango zaio egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko. Prozedura hasten denean, oraindik egin gabe egon litezkeen ordainketak eten egingo dira.

    2. Alegazioak jaso ondoren, edo epea alegaziorik egin gabe igaro bada, amaiera emango zaio prozedurari, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu bidez. Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, hasiera emateko erabakiaren egunetik zenbatzen hasita. Ebazpenean jasotzen bada zerbait ez dela bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da eta, hala badagokio, adieraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola dagozkion diru-kopuruak eta laguntza ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak, ebazpena jakinarazi eta gehienez ere bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

    3. Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari jakinaraziko zaio, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.

Deialdi honetan jasotako laguntzek, jarduera ekonomikoak egiten dituzten onuradunen kasuan, bete beharko dute Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduan ezarritako «minimis» araua; erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati emandako «minimis» laguntzen zenbateko osoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izango, hiru urteko edozein alditan. Muga hori aplikatzeko, aipatutako erregelamenduaren 2.2 artikuluan «enpresa bakarraren» definizioari erreparatu beharko zaio.

Dirulaguntzaren eskatzaileak 2021, 2022 eta 2023ko zerga-ekitaldietan jasotako «de minimis» laguntzak aitortu beharko ditu, hain zuzen ere egiaztatzeko «minimis» laguntza berriarekin ez dela gainditzen erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

Datu-babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Kirolaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: kirol-arloko laguntzen eta dirulaguntzen eskaerak kudeatzea.

Legitimazioa: beharrezko tratamendua, interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatzearen alde egindako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak: arlo honetan eskumena duten administrazioak.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza web-orrian kontsulta dezakezu:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/025200-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra: (www.eur-lex.europa.eu/legalcontent/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik